"Zaborraren bilketa sistema adostu dezagun" diote Bosgarren edukiontziaren aldeko plataformakoek

Mirari Altube Arrese 2014ko urt. 23a, 17:36
Edukiontziak Iralabarri plaza aurrean.
Orritxoa banatu die plataformako kideek, egunotan, herritarrei, eta bertan diote bosgarren edukiontziaren erabilerak "nabarmen egin duela gora". Gainera, hori erabiltzera animatu gura dituzte herritarrak.

Bilera bat egin zutela Udal arduradunekin jakinarazi dute plataformakoek, eta bosgarren edukiontzia mantendu eta atez ateko sistema ezartzea proposatu zietela bertan: "Hori bai, atez atekoaren erabilera zuzena zorrotz kontrolatuko da eta bosgarren edukiontziaren sistema sei hilabetetik behin bakarrik neurtu". Eta gaineratu: "Horren erabilera okerra bada erabiltzaileak atez ateko sistema erabiltzera behartuko dira". Eta arrazoitzat zera eman duela Udalak: "Atez atekoa ez gainontzeko sistema guztiek erraustegia eraikitzea dakartela eta guretako nahi ez duguna beste nonbait egitea bidegabea dela. Udalak ahaztu egin du hori egitera doala atez atekoarekin, hau da, derrigorrean inposatu". Horregatik guztiagatik plataforma horrek Udalaren proposamena "gaitzetsi" zuela eta elkarrizketa "serio eta zintzo" baterako deia egin: "Gaur da eguna ez dugula jaso erantzunik".

Bosgarren edukiontziaren erabilerak "nabarmen egin duela gora" diote –daturik eman ez arren–, eta gaineratu: "Gure proposamenean jasotako neurri batzuk ezarriz uste dugu bosgarren edukiontziaren aukera bideragarri, erreal eta ekonomikoena dela". Plataformak Udalari egindako proposamen hori eskura daukatela ezagutu gura duenarendako jakinarazi dute; honako helbidean eskatu behar da: atxabalta.5.alde@gmail.com. Eta herritarrak animatu gura dituzte batetik, ekarpenak egitera, eta bestetik, hondakin organikoak jasotzeko saskia eta poltsak Arkupen eskatu eta bosgarren edukiontzia erabiltzera.

Udalak herritarrei emango dizkie azalpenak

Ana Bolinaga alkateak jakinarazi du ez dela hasiko ezer erantzuten, ezta "gerra mediatikotan" sartu ere. Eta gaineratu du hondakinen kudeaketaren gainean orain arte landutako guztiaren berri laster emango dietela herritarrei –egindako proposamenak, jasotako ekarpenak, emandako pausoak…–. Prentsaurrekoa egiteko asmoa azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak