Aretxabaletar askok, ia 200 batek, hartu dute parte Bagarak bideratu duen Jar Gaitezen ekimenean. Prozesuan landutakoak laburtuta eta era grafikoan jarri dituzte orain ikusteko; batetik, egindako analisiak, eta bestetik, aurrera begirako erronkak.
Zazpi arlotan banatuta egin dute lan prozesu guztian, eta erakusketan ere halaxe agertzen da, panel ezberdinetan jaso dituztelako arlo ezberdinetako ekarpenak. Hona arloak: hiri antolamendua eta ingurumena; sozio-ekonomia eta ongizatea; kultura; kirola; hezkuntza; gazteria; eta euskara. Hiri antolamenduari dagokion arloan Basotxoko erretiratuek herriaren gainean egindako txosteneko ekarpenak ere jaso dituzte; baita Hector Prieto aretxabaletarrak egindakoak ere. Eta landutako arlo guztietan egin diote tartea genero ikuspegiari.
Bagarako kide Harkaitz Biain pozik agertu da herritarrek egindako lanarekin: "Herritar ezberdinak, udal agintariak, herriko langileak, langabeak, ikasleak… maila eta mahai berean egon dira eserita. Eta benetan ekarpen eraikitzaileak egin dituzte guztiek". Hori bai, aitortu du ez dela batere samurra izan prozesuan esandako eta jasotako guztia erakusketarako laburtzea.
Erakusketa hori osatzeko 5 urteko umeek – Kurtzebarri eskolakoak eta Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunekoak– diseinatutako jolasparkeak jarri dituzte ikusgai, "herriko txikienek ere esateko badaukatelako".
Bagarako kideak, baina, argi utzi gura du erakusketa ez dela "argazki estatiko" bat: "Parte hartutako arloetan edo gainontzekoetan ekarpenak edukiz gero, horiek idazteko panel bat ere badago".
Argazki lehiaketa
Bestalde, Aretxabaleta argazkitan lehiaketa jarri zuen abian Bagarak, eta finalisten bildumak ikusgai daude orain Arkupen. Aretxabaletarekin zerikusia duten hiru argazkiko bildumak eskatu zituzten, eta hamaika daude guztira. Batzuk herritarrek bidali dituzte eta beste batzuk unibertsitateko ikasleek.
Bi sari banatuko dituzte: epaimahaiarena eta herritarrena. Epaimahaiak bildumarik onena hautatuko du, eta herritarrek argazkirik politena. Hautaketan parte hartutako herritarren artean gainera, bi sari zozketatuko dituzte: bertako produktuez osatutako saskia eta Arkupeko zinerako bina sarrera (hilabeterako).
Urtarrila bukatu bitartean
Erakusketa, urtarril osoan izango da Arkupen, honako ordutegiarekin: astean zehar, 11:00-13:00 eta 18:00-20:00; zapatuetan, 11:00-13:00; eta domeketan eta jai egunetan, itxita. Eta ekarpenak egin eta argazkiak bozkatzeko aukera ere urtarril osoan izango dute herritarrek.