Gogoan du askok Severiano Aiastui, jaio zela 100 urte bete direnean

Julen Iriondo 2014ko urt. 13a, 11:04

Severiano Aiastui, Argentinan ateratako argazkian.
"Comandancia Friasek gaur edateko ura badu, berari esker da. Adin txikikoen zentroak funtzionatzen badu, beragatik da. Elektrizitate sorgailuak funtzionatzen badu, beragatik da. Herrixka honek, mendia mendi eta bete gabeko promesak promesa, biziraun badu, hori ere berari zor dio, hainbeste analfabetismoren arrazoiak inoiz konprenitu ez zituenari".

Severiano Aiastuiri buruzko hitzok jaso zituen Argentinako Chaco probintziako Diario Norte kazetak marianista aretxabaletarraren heriotzan, duela sei urte pasatxo, 2007ko azaroan. Zioten estimuaren erakusgarri garbia.

Eta jaio zela 100 bete diren honetan, faltan botatzen du oraindik askok garai batean hainbeste euskaldun hartu izan zuen herrialde hartan; asko hartu, baina Aita Severiano modukorik ez, Chaco probintziako oihan inguru hartan behintzat, ez euskaldunik ez beste inongorik, haren gaineko tesina egina duen Fabio Etxarri ikertzaile argentinarraren arabera: " Berak ekarri zuen beste batzuek ekarri ez zutena, egin zuen beste batzuek egin ez zutena. Aurretik ez zen beste Severiano bat izan, eta oraingoz ez da besterik iritsi. Eta, nire ustez, ez da iritsiko". 

Severiano Aiastui 1914ko urtarrilaren 7an jaio zen –martitzenean izan zen, hortaz, jaiotzaren mendeurrena–. 11 urte zituela marianista izateko bideari ekin, eta, 1946an ordenatuta, hara eta hona ibili zen hainbat urtez, askotariko erlijio-ardura postuetan. 1969an misiolari joan zen Afrikara, eta etxetik hain urrun hamabi urte egin eta gero, 80ko hamarkadan, euren destinoa erabakitzeko aukera ematen zaien adinean hartu zuen marianista aretxabaletarrak zer eta, atsedena bilatu beharrean, Argentinara joateko deliberoa. Horrela iritsi zen Chaco probintziako –herrialdearen ipar-ekialdean– Comandancia Frias herrira, El Impenetrable izen esanguratsua duen oihan eremuan. Gehiengo indigena duen eremua, eta oso pobrea. "Indar eta bizitasun handiarekin, ulertu zuen bere misioa Lurrean ez zela bukatu", dio Fabio Etxarrik. 

Gabezia handiak 

Osasun eta hezkuntza azpiegitura gabezia handiarekin, egitura produktibo barik, Aita Severianok eginahalak eta bi egin zituen bertako bizilagunen bizi baldintzak hobetzeko. Horretarako, argi esaten zituen esan beharrekoak, esan behar zizkionari; eta laguntzen ziharduen haientzat ere bazuen. Ondorengoa, adibide: "Jendearen bizimodua oso estua da oro har. Baina, nik uste, etsipenak eragindako egoeraren onarpena gehiegizkoa dela. Etsi eta gauzak aldatzeko ezer ez egitea ez da ona, eta hortik nahikotxo dagoela uste dut. Kanpotik datorkeenetik gehiegi espero dute, bestearengandik: udaletik, probintziatik...". 

Eta zailtasunen jakitun izan arren, zioen "lanerako jarrera" galdua zutela zenbait lekutan, eta lana dela irtenbidea, Fabio Etxarrik bere tesinan jasotzen duenez "lana ez delako bere horretan maldizio bat, eskuak eta inteligentzia eman dizkigun Jainkoaren bedeinkapena baizik".

Indigenek bizi zituzten eragozpenen artean, handietako bat zen euren elikadurarako eta arropetarako lehengaiak mendian zituztela, eta lehengai horien kopuruak behera egin zuela deforestazioaren ondorioz. Honen aurrean, ondorengo hausnarketa egiten zuen marianista aretxabaletarrak; metafora gisa beste hainbat esparrutan aplika zitekeena: "Genuen aberastasun handiak ez du egoten jarraitu ez delako kudeaketa ona egin. Gastatu dena baino apur bat gehiago jarri behar da, urteetan bertan bizi izanagatik ondo ezagutzen dudan leku batean egiten duten moduan: han ez dute basoa mozten azken aldiz moztu zutenetik hazi dena baino gehiago". Ez dago gaizki esana. 

Zenbat kilometro oinez 

Severiano Aiastui berezi egin zuen beste ezaugarri bat izan zen denbora askoan oinez egin zituela leku batetik besterako joan-etorriak, mendian barrena. Apaiz ibiltaria goitizena jarri zioten. Kilometroak egiten zituen oinez, ezinbesteko gauza batzuk eramateko poltsa bakarrik zuela aldean. Eta ibiltzen zen batera eta bestera "Jainkoaren hitza" eramanez, "indioak bataiatuz", meza esatera joaten zen eta "Chacoko leku ezkutukoenetara eukaristia ematera", dakar gogora Etxarrik. Behin baino gehiagotan bide okerrak hartu ere bai. Han edo hemen egingo zuen lo, gauak harrapatzen zuen lekuan: "Impenetrable osoan sakabanatuta 80 etzaleku zituela" aitortzen zuen". Familia xumeen etxeetan; eurekin gaua pasatzea eskaintzen omen zioten, eta zuten janari apurra berarekin banatu ere bai. Bera ere halakoxea zelako. 

Geroago etorri ziren zaldi bat, mandoa eta kamioneta. Horiek eman zioten aukera kilometro gehiago egiteko eta are toki bakartuagoetara iristeko, baita gauza gehiago garraiatzeko ere. Uholdeak izan ziren batean, adibidez, eta jendeak zituen gauzak galdu, ikusi omen zuten Severiano furgonetatik bereak zituen ondasun apurrak banatzen.

Eta herriko medikuak kontatzen ei du egun batzuetara berriro itzuli zela: "Kamioi bete zekarren; jendearen beharren arabera banatzeko eskatu zigun. Harrigarriena izan zen ordu batzuk beranduago ikusi nuela almazen batean esne litro bat fidantzan emateko eskatzen, ordaintzeko dirurik ez zuela-eta. Jendearentzako ehunka kilo elikagai ekarri zituen hark berberak".

Adibide bat baino ez da. Argentinako txoko hartako bizilagunak beti izango ditu eskertuta Aretxabaletako seme honek, egin zituen guztiengatik, hasierako zerrendarekin jarraituz amaitzeagatik: medikua eta anbulantzia bat lortu, topaleku komunitario bat sortu, umeentzako jangela bat aurrera atera, emakumeei baratzean erakutsi, baita sukaldean ere... Zer ez.

----------

Aretxabaletako Aozaratzatik Argentinara, Afrikatik pasata

Aretxabaletako Aozaratza auzoko Otalora-Zelai baserrian jaio zen 1914an Severiano Aiastui. Zazpi anai-arrebatan gazteena, haren iloba eta ondorengo senideek etxetik urrun ezagutu zuten beti, etxe inguruan egin zituen urte apur batzuetan salbu. Severianoren anaiatako baten seme Jose Benitok dio, adibidez, bera soldadutza egitera joan zenean ikusi zuela lehen aldiz osaba. Severianok "misiotara joateko gogoa" zuela dio Jose Benitok, nahiz eta nahi izan balu marianistetan ardura postuetan jarraitzeko aukera, izan, bazukeela onartu. Baina "ez zen handi-zalea". Eta Afrikara joan zen, Togora. Hango hamabi urteen ostean etxera itzuli eta beste pare bat eginda hartu zuen Argentinarako bidea, 70 zituela ordurako: "Harritu gintuen, baina bera halakoxea zen". Eta familiakoek ondo dakite egon zen lekuetan oso maitatua izan zela Severiano, Argentinan kasu: "Ni egonda nago bera egon zen lekuan, oihanean, indigenekin; Afrikan moduko pobrezia zuten han. Eta gauza asko egin zituen".

----------

Aita Severiano Aiastui ospitalea  

Irailean inauguratu zuten Comandancia Friasen berritu eta handitu egin duten ospitalea, eta Severiano Aiastui izena jarri diote. Inaugurazio ekitaldian, Jorge Capitanich gobernadoreak ondorengoa adierazi zuen: "Aita Severiano oroimenean mantendu nahi dugu, urruneko lekuetara Jainkoaren hitza eramateko eta behar gehien zutenei laguntzeko helburuarekin bide hauetan oinez eta zaldiz ibilitako Aita Severiano".

----------

Fabio Etxarri (ikertzaile argentinarra): "Dena ematen zuela zen bere balio nagusia"

2004an aurkeztu zuen Severiano Aiastuiri buruzko tesina.

100 urte gizon handi bat jaio zela, ezta? Urte asko gizon baten historiarako, baina urte gutxi gizateriaren historian. Uste dut data hori geratu behar dela ez bakarrik gipuzkoar guztien oroimenean, baizik eta euskaldun guztienean eta mundu osoko euskal jatorriko jendearenean, izan zenagatik eta ordezkatzen duenagatik, eta bizi izan zen eta bisitatu zuen leku bakoitzean utzi zuen aztarnagatik.

Ze azpimarratuko zenuke bere balioetan? Dena ematen zuela, hori zen bere balio nagusia. Zuena ematea eta bere burua eskaintzea lagun hurkoari. Kristorengan sinisten dutenentzat, haren bizitza estiloaren jarraitzaile fidela izan zen. Sinisten ez dutenentzat, munduko erlijio guztiek darabiltzaten edota ateo sutsuenek preziatzen dituzten balioak zituen Severianok.

Eta bere gizarte ekintzan? Hain handia izan zen bere gizarte ekintza, egon zen leku guztietan aitortzen dutela. Hemen, Chacon, pobreziarik handiena zuten eta duten herri indigenekin bizi izan zen, nahikoa elikagai barik, edateko ur barik eta elektrizitate barik. Berak ere pairatu zituen behar horiek, zuena denekin banatzen zuelako. Eta ez zuenean, bera arduratzen zen erakundeekin tramiteak egiteaz, urruneko lurralde haietara irits zedin iritsi behar zuena. Eta behar zenari eskatzen zizkion kontuak: funtzionario publikoei edo Elizako agintariei. Severianoren gizarte ekintza, niri iritziz, bere misio ekintzaren gainetik zegoen, ze berak zioen ezinezkoa zela gosez zegoen inori ebanjelioa helaraztea edo hezkuntza egokia ematea. Beraz, lehenengo saiatzen zen, ahal zuen neurrian, hain gaztigatuta zegoen herri horren beharrak asetzen.

Nolakoa zen harremanetan? Ezagutu zuten guztiek esaten dute apaiz handia izateaz gain, ororen gainetik pertsona ona zela. Severianok esaten zuen: “Sotanaren azpian prakak ikusten dira; apaizaren azpitik gizona ikus daiteke”. Eta hori praktikara eramaten zuen. Beti hitz egiteko prest, laguntzeko gertu, eta benetako irribarrea aurpegian zuela. 

Jendea oroitzen da hartaz? Hango jendea, berarekin bizi izan zirenak, ez soilik oroitu, ausartzen naiz esaten ez dutela inoiz ahaztuko, eta euren seme-alabei azalduko dietela zein izan zen Aita Severiano. Ez dut horren zalantzarik. Ez daude halako adibide asko, ez Argentinan ez munduan, eta beharrezkoa da hauek oroitzea eta derrigorrezkoa euren berri zabaltzea.

Eragin du bere pentsatzeko erak bertakoen pentsatzeko eta jarduteko moduetan? Kontuan izan behar da erdi-analfabetoa den komunitate batean bizi izan zela bera, ase bako oinarrizko beharrekin. Berak behin eta berriz esaten zien bazituztela eskubideak, hezkuntza euren hizkuntzan jasotzea, adibidez –euskaldunen adibidea jartzen zuen beti–. Eta hor egin zuten aurrera. Baina lurralde honetan ehunka Severiano eta urte askoko lana beharko lirateke hamarkada askoan klase politikoak aldatu zituen herri indigenotako zenbait gauza berriz ere aldatzeko. Baina ziur aski, jende askorengan izan du eragina. Eta batzuk bakarrik izanda ere, asko da, efektu biderkatzaileak baitaude. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak