Otsailaren 14ra bitartean aurkez daitezke Huhezinema 2013 jaialdirako lanak

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko urt. 10a, 18:00

2012ko Huhezinema jaialdiko irabazleak sari banaketa ekitaldian.
Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak bultzatutako Huhezinema euskal film laburren jaialdiaren zazpigarren edizioa abian da; otsailaren 14an amaitzen da lanak aurkezteko epea. Huhezinema.com webgunean daude oinarriak irakurgai.

Hiru sail batuko ditu aurtengo edizioak: Sail Ofiziala, Mondragon Unibertsitateko ikasleen lehiaketa eta Basque Culinary Center lehiaketa berria.

Aurtengo berrikuntzak

Sail ofizialean parte hartzeko ezinbestekoa da Euskal Herrian jaio edo erroldatuta izatea eta edozein hizkuntzatan egindako gehienez 30 minutuko iraupena duten askotariko generotako lanak aurkez daitezke. 

Irakasleen sailean parte hartzeko, berriz, aurten  Mondragon Unibertsitatean matrikulatuta egotea ezinbestekoa da eta hautaketan lehentasuna izango dute ikus-entzunezko ikasketen baitan egindako askotariko lanek.

Iaz emandako Culinary Saria eman ondoren estreinatu dute aurten hirugarren saila, Basque Culinary Center lehiaketa. MUko Donostiako Gastronomia Fakultatearekin elkarlanean, MUko ikasleentzako lehiaketa da. Edozein euskarritan egindako gehienez hiru minutuko film laburrak onartuko dituzte, besteak beste, bideo kamera, mugikorra, argazki kamera digitala eta GoPro-rekin filmatutakoak.

Aurtengo beste berrikuntza da, Sail Ofizialaren barruan banatuko duten Vertigo saria, hau da, ekoizpenerako eta banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen lan onenak, 800 euroko saria eskuratuko du.

Ikasleak antzolatzaile nagusi

Jaialdia martxoaren azkeneko astean egiteko asmoa badute ere, dagoeneko buru-belarri ari dira prestatzen: " Momentu politenean gaude orain, film laburrak jasotzeko eta ikusteko irrikitan. Lanik gogorrena, sailen oinarriak berridatzi eta banatuko diren sarien diru kopurua lortzean datza" dio Iban del Campo, Huhezinema jaialdiko koordinatzaileak. Egiteko lan asko dagoela dio: "Finantzatioa sendotu, hitzaldietarako hizlariak lotu, epaimahaia erabaki, jaialdiaren irudia landu (kartelak, iragarkiak....).

Koordinatzailea Iban del Campo, Huheziko irakaslea bada ere,  eta antolakuntzan ikus-entzunezko saileko irakasle batzuk puntualki laguntzen badute ere, Kultur Ekitaldien Antolaketa ikasgaia aukeratu duten ikasleei dagokie pisu handiena: "Urtero ikasle talde berri batek antolatuta, urtero jaialdi berri bat dirudi. Ona da ideia berriak eta asmo desberdinak dituen jendearekin batera arraun egitea, horrek dakarren arriskuak ahaztu gabe. Nolabait esateko, ikasgai horren azterketa, jaialdia ondo ateratzea da eta ondo atera dadin bakoitzaren inplikazioa eta motibazioa ezinbestekoa da. Ikasleentzako ikasgai erabat praktikoa da, proiektu erreal bati aurre egin behar diote honek dakarren erantzukizunarekin. Hiru departamendutan banatzen ditugu ikasleak: komunikazioa, programazioa eta finantzazioa. Motibazioa handia sortzen du jaialdiak ikasleengan, antolatzaile zein lehiaketetan  parte hartuta.

Finantzatzeko borrokatzen

Gertuko erakunde eta enpresen babesarekin egin du aurrera Huhezinemak; Aretxabaletako Udala, Goiena eta Ausolanekin dihardu hasieratik; baina badira modu batera edo bestera laguntzen duten beste 40 erakunde ere. "Jaialdiaren erantzuna oso ona izan da eta urtero hobetuz doa" azaldu du Iban del Campok.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak