'Jar gaitezen' ekimenaren lehen fasea, "emankorra"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko abe. 5a, 16:00

Jar gaitezen ekimenaren lehengo faseari amaiera eman diote; irailaren 19an herritarren aurrean egitasmoa aurkeztuta zenbait bilera egin eta azaroaren 28an bateratze saioa egin zuten. Ateratako ondorioak eta lan ildoak ipiniko dituzte ikusgai urtarrilean Arkupen.

"Nahiko emankorra izan da lehenengo fase hau. Arlo bakoitzean gutxienez bi bilera egin dira; horrez gain, 2. eta 3. sektoreak apur bat lantzeko inkestak eta gazteekin eta nerabeekin bilerak ere egin dira". Hala azaldu du Bagarako Arkaitz Biainek. Herritarren inplikazio handia nabarmendu gura izan du. "Jendea gaiarekin busti egin dela ikusi dugu, bileretara etorri da, euren iritzia eman dute, gaiaren jarraipena egin..."

Aretxabaletan eragile asko daudela eta konpromiso handiko herria dela ikusi dutela izan da Bagaratik atera duten ondorioetariko bat. "Bizitza handiko herria da, asko inplikazen da eta eragile asko ditu".

Eta gogora ekarri dute Jar gaitezen ez dela izan parte orain arte hartze prozesu bidez garatutako egitasmo bakarra:"Garraioari buruzkoa egon da, etorkinekin ere garatu da prozesu bat, aurrekontuarekin zein hondakinen gaiarekin lotutakoa ere egin dute...". 

Hutsune eta indargune ugari

Oro har, Bagarakoen esanetan Jar gaitezen ekimeneko bilerek erakutsi dute herritarrek Aretxabaletari buruz asko daukatela esateko, eta zentzu horretan ekarpen ugari jaso dira, tartean hutsune, indargune eta aukera ezberdinak nabarmendu direlarik. Besteak beste, mugikortasuna eta irisgarritasuna, etxebizitza,  euskararen erabilera, jaiak, kiroldegia, plazak, nekazaritza, hezkuntza eta komunitatea bezalako gaien inguruan jardun dute.

Herriaren diagnosia egiterako orduan alde onak zeintzuk diren ere ikusi gura zuten. "Herri bizia dela ikusi da eta elementu indartsu asko ditu: besteak beste, hezkuntza, euskara, kultura zein kirola bezalako arloetan eragile eta ekimen interesgarri ugari ditu. Horiek identifikatuta izatea oso garrantzitsua da".

Urtarrilean Arkupen

Horrez gain, lehenengo fase honetan eginiko analisia eta horietan oinarrituta proposatuko diren lan-ildoak ipiniko dira ikusgai Arkupeko erakusketa aretoan urtarrilean zehar.

Lehiaketaren epea luzatuta

Aretxabaleta argazkitan lehiaketaren epea luzatu egin dute hilaren 31ra arte. Hala, urtarrilean Bagarakoek Arkupen ipiniko duten erakustetan ikusgai egongo dira lehiaketara aurkeztutako lanak eta herritarrek euren bozka emateko aukera izango dute.Lehiaketako oinarriek orain artekoak izaten jarraitzen dute: parte hartzaile bakoitzak herriari buruzko hiru argazkiko bilduma bat aurkeztu beharko du, edozein gai, arlo edo errealitate islatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak