Euskal Herriaren bilakaera historian, mapen bidez

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko aza. 4a, 11:00

'Euskal Herriko mapak. Euskal Herria kartografian eta testigantza historikoetan'. Horixe da azaroan zehar Arkupen ikusgai egongo den erakusketa. Jose Mari Espartza idazle eta historialariaren 'Mapas para una nación' liburuan oinarritutako erakusketa da, gainera.

Erakusketa ibiltaria Donostiako San Telmo museoan egon da aurretik. Espartzak bere liburuan jasotzen dituen mapen lagin bat ikusgai egongo da bertan. "Badira bi gauza, batetik kartografia dago (mapak) eta bestetik nik ahozko kartografia deitzen ditudanak daude. Azken horiek entziklopedietatik zein literaturatik jasotako esaldiak dira, esaterako; ahoz zein idatziz Euskal Herriari buruz egin izan diren definizioak, hain zuzen".

Erakusketaren bidez denboran joan-etorria egiten da, Espartzak azaldu duenez. "Lehenbiziko mapa XI. mende ingurukoa da, baina egun ezagutzen ditugun kartografia eta mapa moduan, XVI. mendetik honakoak dira".

Madrilen, Parisen, Londresen eta beste hainbat tokitan ibili zen Espartza bere lana osatzeko, eta horrek eman zion lan handien, azaldu duenez.  "Ahozko kartografia hori biltzeko egia da liburu asko kontsultatu behar izan ditudala, bidaiariek zer esaten zuten ikusi, Alemania eta Frantziako entziklopediek zer jaso duten ikusi... Beti-beti agertzen da Euskal Herriko definizio bat."

Horren harira, badagoela definizio klasiko bat eman du aditzera: "XVI eta XVII. mendeetan Euskal Herrian erabiltzen zena, eta zazpi probintziak aipatzen dira". Erakusketan mendetan eman diren aldaerak jasotzen dira: "Batzuetan Bizkaia moduan ezagutzen zen Euskal Herria, bestetan Kantabria moduan, edo lau lurraldetan banatuta zegoen..."

Ondo definitutako herrialdea

Espartzak esan du mapa horiek guztiek erakusten dutela Euskal Herria Espainia baino definituagoa egon dela beti: "Asko aldatu da Espainia: Gaztela izatetik inperio izatera, eta egun ez dituzten lurrak edukitzera: Korsika, Sardinia, Filipinak...".

Hori guztiori Arkupen egongo da ikusgai, astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan goizez bakarrik eta domeka eta jaiegunetan itxita egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak