Emilio Olabarria: "Sarrerak lortzean oinarritu behar dira pentsioak bermatzeko politikak, ez murrizketetan"

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko ira. 20a, 12:00

Torlojua gehiago estutu eta beste erreforma bat egin nahi dio Espainiako Gobernuak Pentsioen Legeari. Sostengarritasun Faktorea ezarri nahi du, besteak beste, pentsiodunen lan-saria zehazteko. Gaiaren gainean jardun dugu Emilio Olabarriarekin, EAJk Toledoko Itunaren jarraipeneko batzordean duen bozeramailearekin. Izan ere, datorren astelehenean Aretxabaletako Arkupen izango da, 19:00etan, pentsioen gainean berbetan.

Datorren astean Aretxabaletan izango zara eta pentsioen inguruan egingo duzu berba: Bada etorkizunik pentsioetan izango da hitzaldiaren izenburua, eta horixe galdetu nahi dizut lehenbizi: kolokan dago pentsioen sistema?
Pentsio sistema, finantza aldetik, iraungarria den edo ez zalantzan dago. Hori egia da. Bizi-itxaropenaren luzapena da datu objektibo bat. Pentsioen sistema ezarri zenean, eta erretiroa hartzeko muga 65 urtetan ezarri zenean, 1919an, populazioaren %10ek gainditzen zuten adin hori. Gaur egun, adin-muga hori populazio osoak gainditzen du.

Horrek finantzazio arazo garrantzitsuak sortzen ditu?
Hala da, gain-kostu inportantea. Eta pentsiodunak euren soldatekin finantzatu behar dituzten langileen baldintzak murrizten badira, geroago eta langabe gehiago badaude, edo lanera etorri ziren atzerritarrak beren sorterrietara itzultzen badira… eta, jakina, gure gazteek, inoizko kualifikatuenek, kanpora joan behar badute lanera eta, ondorioz, populazio aktiboa murrizten bada… atera kontuak: Sistemaren jarraikortasuna oso kolokan jar daiteke.

Jaiotza-tasa da beste faktore bat…
Bai, eta oso kontuan hartzekoa, gainera. Espainiak dauka Europako jaiotza-tasa txikienetakoa. Eta Euskadik dauka txikiena. Horrek garamatza aztertzera modu oso serioan jaiotza-tasa handitzeko politikak.

Zer proposatzen du EAJk pentsioen sistemaren iraunkortasuna ziurtatzeko?
Has naiteke esaten zer ez dugun egin nahi. PPren gobernuak proposatzen duena ez dugu nahi. Uste dugu gakoa ez dela bakarrik gastuan oinarritzea, sarrerak bermatzeko politikak bultzatu eta neurriak hartzea baizik. PPk proposatzen du KPI datuari ez lotzea pentsioen errebalorizazioa. Hala egiteak ekarriko du pentsiodunek eroste ahalmena galtzea. Bestetik, etorkizuneko pentsioei ere eragiten die gauzak PPk dioen moduan egiteak. Belaunaldien arteko iraunkortasun faktore uniformatzailearekin lotzen du PPk pentsioen errebalorizazioa. Eta ez beste faktore batzuekin, hala zela, kotizatutako urteekin edo lan egindako urteekin… PPren proposamenaren ondorioz, hainbat pentsiotan murrizketa %20rainokoa izan daiteke.

Pentsioen erreforma gastuan oinarritzea txarto ikusten duzue, hortaz, baina zein da zuen proposamena?
Sistema berriarekin 33 milioi euro aurreztea aurreikusi du PPk. Baina guk uste dugu diru sarreretan oinarritu behar direla pentsioak bermatzeko politikak. Hasteko, efizienteagoak izanez. Ez da jasangarria 6 milioi langabe edukitzea eta, ondorioz, kotizatzen dutenen kopurua etengabe murrizten joatea. Gobernuak berak aurkeztutako koadro makro ekonomikoaren arabera, 2016an, oraindik ere, %25eko langabezia tasa izango da Espainian. Bestetik, lan merkatura sartzen diren gazteen lan baldintzak oso prekarioak dira. Egoera honetan zaila da pentsioen sistemari eustea. Hortaz, ezinbestekoa da neurriak hartzea ekonomia berpizteko, langabezia murrizteko, lur azpiko ekonomia azaleratzeko, zerga iruzurrari aurre egiteko edota kotizazioak handitzeko, hau da, diru sarreretan oinarritutako neurriak hartzea. Bestela, egoerak okerrera egingo du eta etorriko dira beste erreforma abusuzko eta koldar batzuk.

Egoera kezkagarria da...
Datu bat hori baieztatzeko: lanean dauden eta kotizatzen dutenak 16.500.000 lagun dira. Eta prestazioren bat jasotzen dutenen kopurua oso antzekoa da. Kezkagarria da, bai.

PPk Pentsioen Lege Aurreproiektua onartu du dagoeneko. Noiz onartuko da legea?
Oraindik ez da Diputatuen Kongresura eroan. Behin Ganbaran egonda, aztertuko dugu. Baina orain dagoen moduan, osoko emendakina aurkeztuko diogu. Ez zaigu gustatzen eta erabat aurka gaude. Baina negoziatzeko prest gaude. PPk erabateko gehiengoa du eta hark bakarrik onar dezake legea. Ezkerreko alderdiek erabateko kontrakotasuna erakutsi dute, oraingoz, eta CIU eta geu negoziatzeko prest geundeke. Ea legea hobetzerik dugun, ze, berriro diot, orain dagoen moduan ez baitugu gustuko. Gastu eta eskubide murrizketetan oinarrituta dago legea, ez sarreretan eta efizientzian.

Ze planteatuko duzue negoziazioan?
Batetik, gastuetan bakarrik ez oinarritzea. Bestetik, pentsioen errebalorizazioa KPI datuari lotzen jarraitzea, ze, berez, bestela ere, Espainiako pentsioak Europako bigarren txikienak dira. Espainiako Konstituzioak esaten du pentsioak nahikoak izan behar direla, baina bizi-kostuen igoerarekin errebaloritzatzen ez badira, eroste ahalmena galtzen goaz eta, ondorioz, gure egoera eskasten, txiroago egiten gaituzte. Legeak planteatzen dituen aldagaiak ez zaizkigu justuak iruditzen. Pentsiodunen diru sarrerak 33.000 milioitan murriztuko ei ditu lege berriak eta, ondorioz, pentsiodunen eroste ahalmenak behera egingo du…

Erretiroa hartzeko epea edo kotizazio epea luzatu egin da azkenaldian. Zela dago kontua?
2011ko legearen arabera, 67 urtetan ezartzen da erretiroa hartzeko epea, 2027tik aurrera. Baina, aurreikuspenen arabera, 67 urteko epe muga hori, epe laburrean, 70 urtetan geratuko da.

Epe muga handitzea da gakoa?
Ez, ez, ez. Europan herrialde gehienek hartzen diharduten bidea da, baina kotizatzaileen kopurua eta kotizazio oinarria dira elementu erabakigarri eta eraginkorragoak. Arazoa gazteen artean dago, Gizarte Segurantzan kotizatzeko aukerarik ia eskaintzen ez dien kontratuak eskaintzen ari zaizkielako.

Zela baloratzen dituzu pentsioen erreformarako sortutako adituen batzordeak emandako aholkuak?
Bat edo beste izan ezik, batzorde horretako kideak aditu izendatzea ere… Azkenean, interes korporatiboei erantzuten dien pertsonekin osatutako batzordea da: bankuen, aseguru etxeen eta bestelakoen interesak babesteko pertsonek osatu dute. Pentsioen iraunkortasuna lotu dute gastuen murrizketekin eta hori egiteko aurreikuspen apokaliptikoak egin dituzte.

Pentsioak eta Gizarte Segurantza Gernikako Autonomia Estatutuan jasota dauden arren, ez daude transferituta. Uko egin diozue?
Ez. Behin eta berriro eskatzen dugu, Estatutuan jasota dagoelako. Uste dugu Eusko Jaurlaritzak hobe kudeatuko dituela kontu hauek Euskadin jasangarriagoa delako sistema. Batetik, enplegatuen kopurua Espainian baino handiagoa delako; bestetik, kotizazio oinarriak Euskadin handiagoak direlako eta, ondorioz, kutxara egiten zaion ekarpena handiagoa delako. Egia da jaiotza-tasarekin arazoa daukagula, baina ez da Espainian baino handiagoa.

Sozialistek eta popularrek diote hemengo pentsiodunak Espainiako kotizatzaileen ekarpenei esker bizi direla.
Ez da egia, ordea. Euskadik Gizarte Segurantzarengatik sortzen dituen geldikinekin jarraitzea nahi dutenek eta konpetentzia hori hona ez transferitzea nahi dutenek diote hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak