Andoni Leibar: "Parapentea aukera paregabea da txoriek bezala askatasunean hegan egiteko"

Naiara Uriarte 2013ko uzt. 7a, 02:00

Andoni Leibar (1983) aretxabaletarra kirolzale amorratua da. Gaztetatik hainbat kirol mota praktikatzen ditu, eta parapentea du gustukoen. Apirilean Aloñako igoeran parte hartu zuen, hain zuzen ere, parapente lasterketan, eta hirugarren postua eskuratu zuen.

Nondik datorkizu parapentearekiko zaletasuna?

Txikitatik datorkit. Sarritan joan izan naiz Kurtzebarrira jendea parapentean nola ibiltzen den ikustera. Orain dela hiru urte parapentea erosi, eta ametsa egia bihurtu dut.

Arriskutsua al da?

Dena kontrolpean izanez gero, ez da arriskutsua. Horretarako, ingurua ongi ezagutu behar da; normalean, Kurtzebarritik egiten dut salto, baina Aloñan, Orozkon eta Pirinioetan ere ibili izan naiz. Horretaz aparte, meteorologiari ere erreparatu behar zaio. Uda, udaberria eta udazkena dira urtarorik egokienak. Baita ekipamendu ona izatea ere. Hiru irizpide hauek kontuan izanik, ez dago arriskurik. 

Askorentzat, kirol ezezaguna da. Marjinatuta al dago?

Kirol berria da; horregatik, ez da hain ezaguna. Baina geroz eta jende gehiago animatzen ari da. Frantzian izugarrizko arrakasta dauka.

Apirilean Aloñako lasterketan parte hartu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia ona. Lehenengo aldia izan zen parapente lasterketa egiten nuena, eta, konturatu gabe, hirugarren postua lortu nuen. Aloñara korrikan igo nintzen, motxila gainean nuela. Ondoren, parapentean. Lasterketa horrek motibazioa piztu dit beste batzuetan parte hartzeko, baina , zoritxarrez, gutxi antolatzen dira.

Entrenamendu berezirik egiten duzu?

Ez. Aurten, eguraldi txarraren ondorioz, lau aldiz bakarrik ibili naiz. Oso gutxi. Horregatik, garrantzitsua da beste kirol batzuk praktikatzea: korrika, bizikleta, eskalada, mendia, mendiko eskia, eta abar. Asko, gauza onerako!

Zer nahiago, bakarrik ala taldean?

Nahiago dut taldean. Babestuago  sentitzen naiz eta beste batzuekin zaletasun bera konpartitzeko aukera izatea aberasgarria da. Hori bai, jende askorik barik. Horregatik guztiagatik, lagun batekin edo birekin nahikoa litzateke. Baina, noizean behin, bakarrik aireratzea ere gustuko dut. Biak aukeran izatea abantaila da. 

Laguntzarik?

Debagoieneko Amilena Aire Kirol Taldeko kide naiz. Talde honek kirolari bakoitzaren federazioa bideratzen du. Horretaz gain, lasterketetan parte hartzeko dirulaguntzak kudeatzeaz arduratzen da. Liga Norte txapelketan parte hartzeko, hain zuzen ere. Ni ez naiz sekula aurkeztu; izan ere, urte gutxi daramatzat, eta segurtasun handiagoa lortu behar dut.

Zer darabilzu buruan bota aurretik?

Ez dut ezer berezirik pentsatzen. Lasai egotea, akaso.  Momenturik kritikoena aireratzea da; beraz, kontzentratuta egotea garrantzitsua da: dena ondo loturik izatea sokan korapilorik ez izateko eta haize bolada egokia hartzea. Hegaldia, ostera, ez da hain arriskutsua, zerbait gertatuz gero emergentziazko jausgailua baitago.

Zer dauka bereizgarri?

Ikuspegi berriak ikusteko eta sentitzeko aukera ematen du. Txoriak bezala, askatasunean hegan egiteko aukera paregabea.

Beste zaletasunik?

Furgoneta bat daukat, eta noizean behin eskapadatxoak egiten ditut txakurrarekin. Errutinatik ihes egiteko aukera ederra. Familiarekin eta lagunekin egotea ere atsegin dut.

Hurrengo erronka?

Amets asko ditut betetzeko. Beharbada, Kurtzebarritik Aloñara zeharkaldia egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak