Hodei Esnaola: "Gazte ekintzaileei bidea ireki eta formatu berriak sortzea irtenbide ona izango litzateke"

Ander Larrañaga 2013ko eka. 29a, 02:00

Hodei Esnaolak (Amasa, 1992) Mondragon Unibertsitatean Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua dihardu ikasten, Aretxabaletako Huhezi fakultatean, eta bertan bizi da. Hirugarren ikasturtea amaitu du eta MU telebistako hirugarren denboraldiko aurkezlea izan da. Horregatik, eta Mondragon Unibertsitateko publizitate kanpainako aurpegia izateagatik, ezagun egin da Debagoienean.

Azken ikasturte honetan MU telebistako aurpegia izan zara. Nola baloratuko zenuke esperientzia?

Esperientzia positiboa izan da; positiboa bezain gogorra. Egun osoan gogorra da klaseez gain lanera joan behar izatea; hala ere, lana gustukoa denez, atsegina izan da MU telebistan leku bat izatea.

Aurkezle lan honek ate asko irekiko dizkizu, seguruenik; Debagoienean jendeak badaki nor zaren. Nolakoa da zure burua ezaguna izatea?

Ez dut uste horrenbesterako izan denik. Jendeak ezagutzen banau, neurri batean nire lana ondo bete dudalako izango dela pentsatu nahi dut. [Barrea]. Hala ere, hainbat txokotan ibili gara eta jendeak ondo hartu gaitu beti.

Kamera aurrean, atzean eta honi bueltaka ibili zara. Zein profiletan kokatuko zenuke zure burua?

Gaur egungo errealitate komunikatibora egokitzeko, arlo guztietan moldatzeko gai izan behar dugu. Kamerari aspaldi galdu nion beldurra, bai aurrean aritzeko eta baita atzean aritzeko ere. Etorkizunari begira, ez dakigu non egotea egokituko zaigun; beraz, oraingoz, hobe da gure buruak inon ez kokatzea.

Zeintzuk izan dira, orain arte, parte hartu duzun edo argia ikusi duten zure lan garrantzitsuenak?

Off ahotsen grabaketan egin ditut lan gehienak: MUren hainbat gradutako bideo korporatiboen ahotsa izan naiz. Bestalde, Etxeondo bizikleta arroparen bideo korporatiboa zuzentzeko aukera izan nuen, baita Lain taldearen Utopia kantuaren bideoklipa ere.

Gipuzkoako bihotzean bizi izatetik, Debagoienera. Nolakoa izan da aldaketa?

Aldaketa handiena, dudarik gabe, independentzia hori da; amaren ondotik urrundu eta bizimodua ateratzen ikasi beharra. Bestalde, Debagoienean hotz handiagoa ere egiten du. Hala ere, hemengo gune politenak Urkuluko urtegia, Udalatx eta Atxorrotz dira.

Nola ikusten da Debagoiena, eskualde moduan, kanpotik?

Egia esan, dagoeneko hiru urte igaro dira Debagoienean bizi naizenetik eta gune industrial egonkorra dela bistakoa da. Parrandak ere badu ospe berezia, baita pintxo-poteoak ere. Inguru geografiko nahiko konplexuan egoteagatik ere ezaguna da.

Komunikazioaren alorrean, non egon gurako zenuke etorkizun hurbil edo urrunean?

Egoera kontuan hartuta, zaila egiten zait nire burua inon ikustea. Gradu bat ikasten gabiltza, formakuntza horren alorrean lan egitea da gure helburu nagusia. Etorkizunari begira, komunikatzaile gisa gurako nuke lan egin. Ez, ordea, kamera aurrean bakarrik; izan ere, ehunka modu daude komunikatzeko: film laburren bidez, dokumentalekin, aurkezle modura edota irrati estudio batean.

Nola definituko zenuke hedabideen panorama gaur egun?

Medioen egoera nahiko delikatua dela esango nuke. Murrizketek gogor eragin dute edukietan; hedabide lokaletan zer esanik ez... Telebistaren kasuan, asko dira programa berrien aldeko apustua egiten dutenak; ikusleak, aldiz, gehiago jotzen du telebista komertzial estataletara. Inbertsio txikiekin egin daitezke gauza txukunak eta horren aldeko apustua egitea ezinbestezkoa da. Gazte ekintzaileei bidea ireki eta formatu berriak sortzea irtenbide ona litzateke. Apustu ausartagoak egiten ez badira, oraindik eta ikusle gutxiago izango dituzte euskal hedabideek. Nire iritziz,  ondoen eta sendoen errotuta dagoen hedabidea irratia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak