Aretxabaletako lorategiak itxura ederrarekin

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 29a, 12:09

Atsegina izaten da herrietako lorategiak txukun-txukun ikustea. Belarra zainduta, lorez josita, zuhaitzak inausita... Aretxabaletan egiteko horren ardura Makai kooperatibak dauka azken bi hamarkadetan.

Urte hauetan guztietan gora egin du herriko lorategien kopuruak, Manolo Hernandez lorazainaren esanetan. "Herria bera ere handitu da eta berarekin batera lorategien kopurua. Lanik ez zaigu falta!".

Urtean birritan egiten dituzte landaketak Makaiko hiru lorazainek: udaberrian eta neguan, hain zuzen ere. Hori horrela, denboraldiko landare eta loreak ipintzen dituzte, zaintzeko askoz errazagoak dira eta modu horretan jardutea, gainera, merkeagoa da. "Gutxi gorabehera, beti eduki izan dugu irizpide hori lanean".

Neguan pentsamenduak landatu zituzten. Orain, aldiz, batez ere begoniak ipini dituzte Aretxabaletako lorategietan eta Durana kaleko faroletatik esekita eta udaletxe kanpoko loreontzietan, aldiz, surfiniak. "Zergatik? Gehiago irauten dutelako, horrexegatik".

Gertakari puntual batzuetan izan ezik, lorategien itxura ederra zaintzen dute herritarrek, Hernandezen esanetan. "Edertasuna begitik sartzen den zerbait izanda, gehienek gustuko dute txukun mantentzea". Baina ez du ukatzen zenbaitetan lana izaten dutela hondatutakoa konpontzen.

Txakurren kakak, kaltegarri

Bestalde, urtetako borroka bati amaiera eman guran dabiltza: txakurren kaken arazoari, hain zuzen. Izan ere, lorategien itxura zatartzeaz gainera, kaltegarria da landareentzat. "Jendeak ez du bere txakurrak lorategian egindakoa jasotzen; ongarria dela uste du, baina ez da horrela, daukan azidoak min egiten die loreei eta baita belarrari ere, dena erretzen du eta. Baina ez kakek bakarrik, txizak eragin bera du".

Ana Bolinaga alkatearekin ere egin dute berba herriko lorazainek arazoari irtenbidea topatu guran: "Zakarrontzi bereziak ipiniko dituztela esan digu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak