Bosgarren edukiontzia Aretxabaleta osora zabaltzea eskatu dute

Ubane Madera 2013ko eka. 19a, 11:20

"Bosgarren edukiontziaren zabalpena sistema osoa aldatzea baino askozaz merkeagoa izango litzateke, edukiontziak berrantolatu, eta kopuru eta kokapenak egokitzearekin nahiko izanik. Hondakinak ontziratzeko epeetan murrizketarik suposatuko ez lukeenez eta herritargoak zabal ezagutzen duen sistema izanik trauma gutxiagoko ezarpena litzateke"; argudio horrekin aldarrikatzen du Atxabalta 5. Alde elkarteak bosgarren edukiontziaren hedapen erabatekoa Aretxabaletan. 

Horrekin batera, alderdi politiko eta erakundeei dei egiten diete "beste herri batzuetan egin denaren harian hiri hondakinen arazoari zentzuzko irtenbide bat emateko akordio eta adostasun bila lan egin dezaten". Edozelan ere, esandako moduan, bosgarren edukiontziaren hedapena da Atxabalta 5. Alde izeneko elkarteak proposatzen duena.

%65era iristea helburu

Gogora ekartzen du 2008az geroztik erabiltzen dela sistema hori Aretxabaletan, eta uste dute bosgarren edukiontziaren sistema "eraldatzea edo garatzea" nahikoa dela "gaikako bilketaren kopuru onargarriak" lortzeko. Finkatzen duten helburua da "egungo hondakinen gaikako bilketa sistemaren eraldapenetik edo garapenetik, birziklapenaren %65eko kopurura iristea". Eta sistema eraldatzeko modua ere proposatzen dute, hiru fasetan.

Informazioa, gailuen banaketa eta erabilera

Lehen fasean, "herritarrak informatzea eta bosgarren edukiontzia erabiltzeko beharrezko gailuak udalerriko etxebizitza guztietara banatzea" litzateke eginbeharrekoa.

Bigarren fasean, "gailuak dauzkaten herritarrak hondakinak gaika ontziratzen hasiko lirateke. Epealdi honen barruan informazio, hezkuntza eta kontzientziazio ekintzak gauzatuko lirateke. Baita laguntza aktiboa eska dezaketen adineko edo/eta kolektiboentzako ekintzak ere, herritarren parte hartzearen mesedetan".

Hondakinen bilketa araudia

Eta azkeneko fasean, "hondakinen bilketa araudia indarrean sartuko litzateke eta udaletxeak beronen betearazpen egokirako beharrezko neurriak hartuko lituzke, gainontzeko udal araudiekin egin ohi denez".  

Aldatu beharra, argi

Bukatzeko, Atxabalta 5. Alde elkarteak argi dauka "Gipuzkoako lurralde historikoan hiri hondakinen kudeaketa, premiazko irtenbidea behar duen arazo" dela. Eta baita ere "egungo hondakinen gaikako bilketa sistemak" ez direla "nahikoak bilketa kopuru onargarrietara iristeko". Horrenbestez, argi dute aldaketa beharra dagoela, eta hortik abiatuta egiten dute bosgarrenaren aldeko eskaera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak