Katalin Antxia: "Marraztu ondoren paperekoa hiru dimentsiora pasatzen irakatsiko dut"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko eka. 18a, 13:13

Uztailaren 1etik 5era 'Jauntziak paperean' izeneko ikastaroa emango du Katalin Antxia aretxabaletarrak;  goizean edo arratsaldean egiteko aukera egongo da. Izen-ematea zabalik dago jauntziakpaperean@gmail.com helbidera idatzi.

Abilezia berezirik eduki behar da?

Patroigintza ikastaroan izena emateko ez da marrazten jakin behar; espresatzen, buruan duzuna zehatz adierazten bakarrik jakin behar da.

Zer irakatsiko duzu patroigintza ikastaroan?

Moda diseinuaren barruan oso fase ezberdinak daude eta nik aurrenekoa lantzeko asmoa daukat; hau da, arropa egin aurretik orrian marraztu behar den patroia sortzen irakatsiko dut. Formula ezberdinak erabiliz gorputzeko neurriak paperera eramaten ikasteko aukera egongo da.

Josten hasi aurretiko prozesua, beraz.

Bai. Noski, josiko dugu, baina, betiere, paperean. Hau da, marraztu ondoren, hiru dimentsiora pasatuko dugu egindakoa, papera josi eta forma emanda. Lehenengo proba beti egin behar da paperarekin eta hurrengo urratsa oihalera pasatzea izango litzateke, baina hori ez da ikastaro honetan landuko.

Nork eman dezake izena?

Interesa duten guztiek! Hamasei urte baino gehiagokoei dago zuzenduta, eta, nahiz eta emakumezkoen patroigintza landuko dugun, gizonezkoek ere eman dezakete izena, noski! Uste dut aukera polita dela. Nik beti gura izan dut horrelako zerbait ikasi, baina Aretxabaletan ez da egon aukerarik eta hiriburuetara joan behar izan dugu, Bilbora edo Donostiara, esate baterako.

Zuk zeuk ere hori egin zenuen eta egun moda diseinua ikasten ari zara.

Donostian ari naiz, bai. Niretzako patroigintza deskubritzea izugarria izan da, eta pasio bilakatu da. Espero dut urte askoan horrela izatea.

Ikastarora itzuliz, irudimena lantzeko aukerarik egongo da?

Moda diseinua eta patroigintza sormenarekin lotutako zerbait da, baina horra iristeko oinarrizkoa egiten jakin behar da; bestela, ezin izango da ezer sortu. Arropari bolumenak nola aldatzen zaizkion jakin behar da, forma jakin bat edo beste bat emateko, esaterako. Horretarako oinarri bat eduki behar da, eta hortik abiatuta sormena lantzen hasten da.

Gainera, norberak egindako arropak balio erantsia izaten du...

Kontsumitzen dugun hori guk egiterik ote daukagun jakin gura izaten dugu, eta arropa bat egiten dakigunean, horrek daukan balioaz jabetzen gara. Ordu piloa sartzen ditugu eta maitasunez egiten dugu lan. Konnotazioz betetako zerbait da, eta ni, behintzat, bete egiten nau. Gauzak baloratzen ikasten da.

Astebeteko ikastaroaz nahikoa?

Asmoa da jendea ikastaro trinkotik udako kamiseta baten edo gonaren baten patroiekin irtetea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak