Jokin Bengoa: "Mankomunitateari papera birziklatzen hasiko ginela esan, eta tira-bira ugari izan genituen"

Imanol Gallego 2013ko eka. 5a, 02:00

Jokin Bengoarekin eroso sentitzen den toki baten egin dugu hitzordua. Aretxabaletako udaletxeak lorategi ikusgarria dauka eta Bengoa gustura sentitzen da landare eta zuhaitz artean, ingeniari agronomoa da-eta. Orain politika kontuetatik aldendu eta Lorelan enpresan buru-belarri dabilen arren, zinegotzi garaiko urteei buruzko oso oroitzapen onak ditu.

Nola iritsi zinen politikara?

Bueno, herriaren alde lan egiteko sartu nintzen udaletxean. Ingurumenak beti arduratu nau eta garai hartan egiteko asko zegoen. Nekazari arloan ere hutsune handiak zeuden, eta, nire ikasketak zeintzuk ziren ikusi ostean, aukera aproposa iruditu zitzaidan. Lantaldea, gainera, herriko jendeak osatzen zuen, eta, ongi ezagutzen nituenez, animatu egin nintzen. 

Zinegotzi moduan egindako lana eta zure ogibidea, gainera, elkartuta zeuden, ezta?

Hala da, lorezaintza enpresa sortua neukan eta beste enpresa batekin nekazari arloko lanak egiten nituen. Niretzat ez zen esparru arrotza izan. 

Hortaz, gaia ongi ezagutzen zenuenez, lan egitea erraza izan zen?

Gustura egin nuen lan, bai. Hala ere, oso esparru handia izateaz gain, arlo gehienetan hutsetik hasi behar izan genuen. Europatik lortu genuen dirulaguntza bati esker, baserrietako bideak atondu genituen. Aretxabaletan dauden baserri mordoa kontuan izanda, deigarria zen ustiapen profesionala zein baxua zen. 

Hortaz, baserria izan bai, baina ez dugu hura ustiatzen?

Baserria ustiatzen dugu, baina landutako gehiena familian geratzen da. Ustiaketa kontuez ari naizenean, maila profesionalean ari naiz, hemengo baserri gehienak bakarkakoak dira. Ustiapen sektorean egindako lan bakarretako moduan Galartzako Etxezuriko ardien pabiloia datorkit. Orain, baserriari eta bere produktuei beste balio bat ematen zaie, jendeak baserriko produktuak eta produktu ekologikoak asko baloratzen ditu. 

Gertuko eta sasoiko produktuek aldaketa handia izan dute.

Zorionez, hala izan da. Orain, jendeak asko baloratzen ditu, itxurari kasurik egin gabe; jendeak ekoizpenari erreparatzen dio.

Garai hartan ingurumena ez zen lehen mailako gaia izango, baina orain...

Orain, egunero entzuten ditugu ingurumenari buruzko albisteak, baina duela 20 urte ez zen hori gertatzen. Orduan, birziklatzeko edukiontziak jartzen hasi ginen gu. Paperarena izan zen lehena eta Mankomunitatearekin tira-bira ugari izan genituen. Euren ustez, papera birziklatuz gero Akeiko errauskailuak bero-ahalmena galduko zuenez-edo, gure kontra jarri ziren. Gure kasa egingo genuen hordagoa bota, eta horrek bailaran birziklatzeko plana abiarazi zuen. Paperarena soilik, gainontzeko edukiontziak geroago iritsi ziren. 

20 urte pasatu eta gero, kontu horiek zeharo aldatu dira.

Goitik behera; hala ere, antzekotasun puntuak ikusten ditut. Duela 20 urte papera batzeko izan genituen arazo berberak daude orain organikoa biltzeko. Guk Mankomunitateko errauskailuarekin egin genuen topo eta orain, Gipuzkoan egin nahi dutenarekin egin dute.

Ingurumeneko planak oso epe luzera egiten dira. Eraginkorrak dira?

Egia esan, 1991. urtean 2003az hitz egiten genuenean, oso urrun zegoela zirudien, eta orain... Oso atzean dagoela dirudi. Ingurumena ez da egun batetik bestera berreskuratzen, eta, horregatik, helburuak epe luzera jartzen dira. Ibaien kasuan aldaketa izugarria izan da. Lehen, Deba ibaia estolda handi bat besterik ez zen eta orain, zainduago dago. Aretxabaleta, kontu horretan ere, aitzindaria izan zen. Ur zikinak batzeko kolektorea jartzen lehen herria izan ginen. 

Politika ere beste modu baten egiten zen, ezta?

Akaso, bai. Gogoan daukat auzo alkateekin batzarrak mendi irteera gisa egiten genituela, ez guztiak, baina pare bat egin genituen. Aretxabaletako txoko bat aukeratu eta bertan oinez ibilaldia egiten genuen. Bukatzeko, mahai baten inguruan, gaiak beste era batean tratatzen genituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak