Jon Barrenetxea: "Orain mundua ezagutzea tokatzen zait, etxera bueltatzeko denbora izango dut etorkizunean"

Ander Larrañaga 2013ko eka. 1a, 02:00

Jon Barrenetxeak (Aretxabaleta, 1991) gradu amaierako proiektua egiten dihardu Alemanian: arreta urritasun eta hiperaktibitate nahaste gaitzean oinarri genetikoak aztertzen dabil laborategi batean. Ez da geldi egoten den gaztea aretxabaletarra, ikasketen lehen hiru urteak Salamancan egin baititu eta praktikak Malagan; eta, horrez gain, munduan zehar ibilitakoa ere bada.

Zertan datza Alemanian egiten ari zaren proiektua? 

Orain, gaitz psikiatriko anitzetan zerikusia daukan genea aztertzen ari gara, Cdh-13 delakoa. Duela bost bat urte, arreta urritasun eta hiperaktibitate gaitza zeukaten gaixoen artean ikerkuntza bat egin zen eta gene hori gaixoetan nolabait eraldatuta dagoela frogatu zuten laborategi horretako kideek. Azterketa guztiak burutzeko gizaki-laginak erabiltzea ezinezkoa denez, animaliak erabiltzen dira eredu gisa esperimentuetarako. Nire lana, laborategi horretan, gene horren espresioa arratoi-burmuin osasuntsu eta gaixoetan aztertzea da, alde batetik, genea burmuinaren zein ataletan adierazten den jakiteko (zein atal kaltetuak diren ikusteko), eta bestetik, gene horren galerak arratoi gaixoetan eragiten dituen aldaketa morfologikoak ikertzeko (arratoi osasuntsu eta gaixoak konparatuz).

Zer desberdintasun dago hemen eta Alemanian, laborategi batean, lan egitearen artean? 

Ez ditut Euskal Herriko laborategiak ezagutzen, eta gradua amaitu ez dudanez ez daukat erreferentzia askorik Espainiako laborategien artean. Orain arte, Salamancan eta Malagan ikusi izan dudanagatik, desberdintasun nagusia zientziara eta ikerkuntzara bideratzen den diru publikoaren kudeaketan dagoela esango nuke. Zoritxarrez Espainian kudeaketa hori politikarien esku dagoenez, diru larregi xahutzen da ekipamendu moderno eta eraikin handietan, baina ez makina eta eraikin horiek erabiliko dituzten ikerlarietan. Horren ondorioa gaur egun zera da, ez daudela makina horiek guztiak erabiliko dituzten adina ikertzaile; erabiltzen ez den ekipamendu asko erosten da eta gero makina horien guztien mantenua ordaindu behar da, erabiltzen ez den arren. Alemanian, bestalde, ikerlari eta pertsona kualifikatuetan inbertitzen da lehenago, eta hortik aurrera, azpiegitura guztietan. Horrez gain, unibertsitatea Alemanian zentzu praktikoagora bideratuta dago. Garrantzitsuena ez da zenbat jakin ahal duzun, baizik eta jakintza horrekin guztiarekin zein proiektu-ideia atera ahal ditzakezun aurrera. Espainian, bestetik, teoria gehiegi ikasi eta, gainera, praktika gutxi egiten direla uste dut.

Zergatik jo duzu beti Euskal Herritik kanpora? 

Orain gaztea naizela ez banaiz apur bat mugitzen, noiz? Garrantzitsua da sustraiak mantentzea, nondik zatozen jakitea eta beste leku batzuk ezagutzea objektiboki epaitzeko zer hobe daitekeen adibide onenak kontuan hartuta. Kanpoan ikasteak bakoitzaren kultura eta hizkuntza estimatzen laguntzen du; batzuetan, etxetik urrun egoteak duguna baloratzen erakusten digu. 

Bertako ohiturak oso ezberdinak dira? Non gusturago? 

Jendea ez da horren irekia (nahiz eta ezagutu ondoren oso atseginak izan), otorduak ez daude finkatuta eta klima ez dut batere atsegin. Baina etorkizun txikia dago nirea bezalako profilentzako Espainian, gauzak apur bat baretu arte zuhurragoa zait atzerrian urte batzuk pasatzea, nire ikasketetarako, gutxienez.

Etorkizunean ere, Euskal Herritik kanpo ikusten duzu zure burua? 

Lagunak, familia eta eguraldia asko igartzen dut faltan. Baina Euskal Herrian lan mundua nola dagoen ikusita, momentuz ez naiz bueltatuko. Bada, orain, mundua ezagutzea tokatzen zait, eta etxera bueltatzeko denbora izango dut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak