Biodibertsitatearekin lotutako eskaerak egin dizkiete Kurtzebarriko umeek udal ordezkariei

Mirian Biteri 2013ko mai. 28a, 14:13

Bisita berezia jaso zuten atzo arratsaldean Aretxabaletako udal ordezkariek. Eskola Agenda 21 programaren bueltan, herriko ingurumenaren egoera aztertu dute Kurtzebarriko ikasleek, eta, atzo, ondorioak aurkeztu zituzten udaletxean. Proposamenen artean, lande inbaditzaileak zuztarretatik ateratzeko eta erreka garbitzeko eskaera egin zuten.

Osoko bilkura hasteko minutu gutxi falta zirela urduritasuna zen nagusi Aretxabaletako udaletxeko aretoan. Udal ordezkariekin ez dute egunero berba egiten, eta, hortaz, aurkezpena ondo irteteko, esan beharrekoa behin eta berriro errepasatzen ari ziren Kurtzebarriko ikasleak.

Ana Bolinaga alkatearen agurraren ondotik, ikasturtean biodibertsitatea jorratu dutela azaldu zuten neska-mutikoek. Batzuek landare eta zuhaitzekin lotutako askotariko ekintzak egin dituzte; beste batzuek herrian azpiegiturak eraikitzeak animaliengan duen eragina aztertu dute. Horrez gain, Deba erreka eta basoen egoera eta historian zehar lurzoruak izandako galerak ere aztertu dituzte ikasleek.

Esan bezala, proposamen zehatzak ere egin zizkieten politikariei, hala nola, landare inbaditzaileak zuztarretatik ateratzea; edozein motatako lanak egiterakoan animaliengan pentsatzea eta animaliendako babeslekuak jartzea; kiroldegi inguruko saski-arkazikak kentzea eta bertako zuhaitzak landatzea; erreka garbitzea edo Larrin plazan eraikitzen hasita baina amaitu gabe dagoen etxe horretarako konponbidea bilatzea.

Erantzuna

Udal zinegotziek adi entzun zituzten neska-mutikoen azalpenak, eta aurkezpena amaitzean, Ingurumen zinegotzi Lore Martinezek hartu zuen hitzak. Batzordean proposamen guztiak aztertuko dituztela eta irailean adostutakoaren berri emango dietela esan bazuen ere, dagoeneko hainbat ekintza egiteko asmoa daukatela jakinarazi zien. Besteak beste, irailean Deba erreka garbituko dela eta landare inbaditzaileak dagoeneko sailkatuta dituztela eta kentzeko asmoa dutela azaldu zien.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak