Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte; Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano; Aretxabaletako Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Iñigo Louvelli; Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala; eta Huheziko dekano Nekane Arratibel izan dira, besteak beste, inaugurazio ekitaldian. Eta horiekin batera: errektore izandakoak, enpresetako ordezkariak, Mundukideko zuzendaria, ibarreko alkateak, Berriako eta Hamaikako zuzendariak, EiTBko irratietako zuzendaria, Tokikomeko eta Hekimeneko presidenteak...
Aretxabaletako Udalaren laguntza
Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletako Udalaren laguntza izan du azken bi urteotan landutako proiektua aurtengo ikasturtean abiarazteko. Proiektu horren eragileak bi izan dira: alde batetik, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak azken urteotan Irakasle Eskolako titulazioetan izan duen ikasle kopuruaren hazkundeari erantzuna ematea; eta bestetik, etengabe hazten ari den Ikus-entzunezko Komunikazioaren alorrari egokitutako punta-puntako campus berria eraikitzea.
2012-2013 ikasturtetik, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak bi campus ditu, beraz, Aretxabaletako berria eta Eskoriatzakoa:
- Aretxabaletako campusak Ikus-entzunezko Komunikazioko titulazioa hartu du, espezialitate horretarako berariaz egokitutako instalazioetan. Gainera, campusak gradu-ondoko ikastaro batzuk ere hartuko ditu, hala nola, Euskal Kulturaren Transmisioan aditua edo Erakundeko Komunikazioari buruz datorren urrian hasiko dena.
- Eskoriatzako campusak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduak ematen jarraitzen du. Orain arte, Ikus-entzunezko Komunikazioa ere Eskoriatzako campusean ematen zen.
Bi urteko lana
Campus berria egokitzeko lanek bi urte iraun dute, industria-ondaretzat hartutako eraikin bat goitik behera zaharberritzeko. Eraikina San Miguel Bedarreta auzoan, Tubos izeneko eremuan kokatuta dago, eta egokitzapen-lanek Aretxabaletako Udalaren laguntza izan dute. MUk 5 milioi euro inbertitu ditu obra hauetan. Eraikina industria-ondarea izateak zeharo baldintzatu ditu lanak: zurezko egiturari eutsi behar izan zaio eta elementu berriekin integratu da. Horren emaitza eraikin moderno eta funtzionala da.
Instalazioak
Eraikinak hiru solairu eta 2.700 metro koadro erabilgarri ditu. Campus berriak Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko 135 ikasle hartzen ditu, lau mailatan banatuta: lehen mailako 42 ikasle, bigarreneko 32, hirugarreneko 34 eta laugarreneko 27. Euskal Kulturaren Transmisioan aditu-ikastaroak, berriz, 20 ikasle ditu. Gerora begira, campus berriko ikasgeletan gradu-ondo gehiago ematea aurreikusita dago.
Eraikina
- Beheko solairuan honako atal hauek daude: atondoa eta ikasleentzako zerbitzu orokorrak; areto nagusia, hainbat ekitaldi eta talde-lanetarako erabiltzen dena; platoa, paisaiak irudikatzen dituen croma sistemaz jantzita dagoena, eta hainbat eginkizunetarako balio duena, hala nola Aktore Zuzendaritzarako; eta, azkenik, wi-fiz hornitutako ikasketa-gela handi bat dago solairu horretan.
- Lehen solairuan, 40 ordenagailuz hornitutako infogela handi bat, ikasgela handi bat, tamaina ertaineko beste hiru ikasgela eta hiru ikasgela txiki egokitu dira.
- Bigarren eta azken solairuan, komunikazio-berrikuntzako laborategia, irakasle-gela, irrati-estudioa, multimedia-tailerra, animazio-gela eta zortzi edizio-gela daude.
Titulazioa eta lanbide-irteerak
Gradu horren helburu nagusia komunikazioaren eta informazioaren arloko balio anitzeko profesionalak trebatzea da, edozein komunikazio-arlotan lan egiteko gai izanago direnak, batez ere, ikus-entzunezko eta multimedia-arloetan, eta inguruko beharrei erantzuteko gauza izango direnak. Profesional kritikoak, konprometituak eta arduratsuak sortzea du helburu.
Gradua honako ardatz hauen inguruan egituratzen da: sormena, ekimena, ekintzailetza, diziplina, gaitasun teknikoak, hainbat hizkuntzatan komunikatzeko gaitasuna (euskara ardatz nagusia izanik) eta ikasleak ikuspegi globala izatea. Ikasketak proiektutan daude banatuta eta ikasleek, gutxienez, proiektu bat landu behar dute lauhileko bakoitzean.
Hala, lehen ikasturtean, aldizkari bat eta proiektu digital bat jarriko dituzte abian; bigarrenean, hainbat plataformatarako informazio-saio bat egin behar dute, ondoren publizitate kanpaina bat diseinatu eta, gero, spota gauzatu; hirugarren ikasturtean, dokumental bat eta irrati-saio bat grabatuko dituzte ikasle guztien artean; eta azken ikasturtean, film labur bat filmatu eta telebista-programa bat prestatuko dute platoan. Horrez gain, ikasle guztiek praktikak egin behar dituzte komunikazioari lotutako enpresa batean, eta azken ikasturtean, karrera-bukaerako proiektua landu eta defendatu.
Gradua amaitutakoan, ikasten jarraitu, lan-merkatura irten edo beren enpresa sortzea aukeratu dezakete. Ikus-entzunezko Komunikazioko graduatuaren profilak hainbat diziplina hartzen ditu barne: ikus-entzunezko ekoizlea eta kudeatzailea; telebistako aurkezlea edo irratiko esataria; Interneteko edukien erredaktorea, edukien diseinatzaile grafikoa eta kudeatzailea; ikus-entzunezko zuzendaria, gidoilaria eta errealizadorea; ikus-entzunezko produkzioa eta postprodukzioa (irudia, soinua, grafismoa…), eta ikus-entzunezko gaietan ikertzailea, irakaslea eta aditua.
Aliantzak
Goiena Komunikazio Taldea Aretxabaletako campusera bideratutako proiektu batean ari da lanean: Goienak eta Mondragon Unibertsitateak sinergiak sortu dituzte enpresaren eta unibertsitatearen artean, kooperatibismoa bultzatzen duten eta euskara hizkuntza nagusi duten bi erakundeek ikasleei ikasketa praktikoagoak eskaintzeko.
Bi erakundeok duela hiru urte hasi ziren elkarren arteko lankidetza prestatzen, eta, gerora begira, proiektu bateratuak jarri ahal izango dituzte abian. Hala, biek ala biek elkarguneak partekatuko dituzte, komunikazioari lotutako jarduerak ipiniko dituzte martxan multimedia-kazetariaren ikuspegitik, berrikuntza-proiektuak gauzatuko dituzte eta ikasleek Goienako komunikabideetan egin ahal izango dituzte praktikak: telebistan, prentsa idatzian eta Interneten.
Ildo horretatik, hitz politak esan zituen Iosu Zabala errektoreak Goienari eta Tokikomi buruz.
Argazki gehiago
Huhezik eta TU Lankidek argazkiak zintzilikatu dituzte flickr-en, eta Yera Sanchez irakasleak makking-offa.