Iker Ortiz de Zarate: "Gogoeta etikoa hedatu nahi dugu"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 14a, 18:56

Maiatzaren 17an, egubakoitza, Eta orain? –¿ Y ahora? lana taularatuko du Ortzai talde gasteiztarrak Zaraian, 22:00etan. Iker Ortiz de Zarate Ortzai taldeko zuzendari eta antzezlea da. Antzezlanarekin herrialde ezberdinetan ibili dira Ortzaiko kideak, AEB edo Italian, besteen artean.

Aretxabaletan izango zara egubakoitzean Teresa Ibañezekin batera. Zer aurkituko dugu emanaldian?

Bi gizaki, aurrez aurre, biak mindurik daude, zauri sakona dute. Batek maite zuen gizona galdu zuen atentatu batean; hura hil zuenaren ama da bestea (semea, egun, espetxean Euskal Herritik urrun duena). Elurte bat dela-eta isolaturik dagoen Arabako baserri batean egiten dute topo. Edozein ideologiatik edo politikatik kanpo dagoen antzezlana da, agertokitik gogoeta etikoa hedatu nahi duena. Fikzioa izan arren, guztiz lan errealista da Eta orain? –¿ Y ahora?

Gogoetarako obra bat, beraz.

Ikuslea antzezlana bukatu ondoren egiten den foroan aske sentitzea nahi dugu. Ez dugu, inola ere, manipulatu nahi izan. Mezurik gabeko lana aurkezten dugu. Mezuren bat izanez gero, agian, "guztiok gizakiak gara" izango litzateke, baita "bestea eta bere mina ulertzeak hainbat muga ireki ahal ditu" ere. Mugak ireki, gero bakoitzak gurutzatu edo ez aukera dezan; betiere, guztiz aske eta errespetaturik bere erabakietan.

Euskal Herritik kanpo ere aritu zarete lan honekin.

Gaur arte, Ameriketako Estatu Batuetan, Kuban, Frantzian eta Italian antzeztu da, Ortzairen antzezlanik hedatuena bilakatuta.  Oso esperientzia zirraragarria.  Gai unibertsala da eta hala jaso da. Oso polita izan da jendearekin hitz egitea emanaldia bukatu eta gero, hain zuzen, urteotan bizi izan dugun isiltasun hori apurtuta.

Eta nola esango zenuke hartu duela jendeak antzezlana?

Oso ondo. Behin bakarrik izan dugu esperientzia triste bat. Hemen, Euskal Herrian gertatu zen. Bat-batean, bi ikuslek eserlekutik jaiki eta aretoa utzi zuten, euren ezadostasuna adierazita. Argi utzi zuten euren ideia politikoak zeintzuk ziren; pena izan zen. Baina orokorrean, benetan ondo hartu izan da, eta guretzako, batez ere hemen, etxean, jendea jarrera horretan ikustea oso garrantzitsua eta hunkigarria izan da: gaia beste modu batean aztertzen, isiltasuna apurtzen, tolerantzia osoz hitz egiten, beldurra alde batera uzten...

Arrazoiak badaude, orduan, egubakoitzean plana egiteko.

Nik uste dut baietz. Fikzioari dagokionez, iruditzen zait benetan entretenigarria dela. Oso pozik gaude Eta orain? – ¿Y ahora? antzezlan honekin. Esaterako, ondo eraikita dago tramari dagokionez, ia-ia misterio antzezlana edota zinema beltz moduan ikus daitekeela esango nuke. Eta horrez gainera, politikatik kanpo dagoen antzezlan ona da, zenbait giza balio argi islatzen dituena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak