Oscar Encina: "Hemen ere gauzak egin daitezkeela erakutsi gura nuen"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko mai. 6a, 02:00

Bértikal jokoa aurkeztu zuten apirilaren 22an Aretxabaletan. Proiektuaren atzean Oscar Encina aretxabaletarra dago. Ideia izan eta bi urteren ostean jaio da. Abilezia jokoa da; maiatzean lehenengo lehiaketa egingo dute

Nola jaio zen Bértikal jokoa?

Banekien zerbait egin gura nuela, baina ez nekien zer. Ohean sartzean ideia bat edukitzen dudanean, izpi bat bada ere, apuntatu egiten dut. Labirinto bat otu zitzaidan, eta bolatxo bat. Hortik ideia garatzen hasi nintzen lankideekin, duela bi urte izan zen. Ahal izan dudan denbora eskaini diot, eta, azkenean, Bértikal sortu da. 

Garrantzia eman gura izan diozu herrian eginda egoteari, ezta?

Hala da. Ia guztia egin dugu hemen, moldeak izan ezik; horiek Txinatik ekarri behar izan ditut, hemengoek eskari handiak besterik ez baitute hornitzen, eta nik gutxi batzuk behar nituen. Pentsa, behin betiko azken sei moldeetarako hogei egin behar izan ditut aurretik. 

Baina gainerako guztia hemen egiten duzu.

Bai. Nituen makina batzuk egokitu ditut eta piezak landuko ditugu, kolorea eman, muntatze lanak egin... Horretan inbertitu gura izan dut. Ni enpresaria naiz duela 25 urtetik eta uste dut gu garela lanpostuak sortzen ditugunak, eta ez Gobernua. Egiten dudanak inguruan aberastasuna sortzeko balio badu, ederto. Nik hiru lanpostu sortu ditut, eta langabezian zeuden hiru gaztek lagundu dute Bértikal aurrera eramaten. Gazteak dira, prestatuta daude... Ez dakit postu gehiago  sortzeko aukerarik izango dudan, baina, ongi joaten baldin bazait niri, zergatik ez inguruan inbertitu? Egia da agian jokoa Txinan eginez gero gehiago irabaziko nukeela, baina ez dut hori bilatzen. Nire buruari erakutsi gura diot hemen ere egin daitezkeela gauzak.

Bértikal-ek abilezia eskatzen du eta teknologia berriez haratago doa.

Hori ere bilatzen nuen; jende guztia mugikorrei pega-pega eginda dagoela iruditzen zait eta argi daukat mundu birtualetik haratago joan behar dugula. Jokoak mundu horretatik ateratzen gaitu, une labur batez bada ere, bere sarean harrapatzen du jokalaria. 

Aurkezpeneko bideoan balio batzuk azpimarratu zenituzten.

Argi utzi gura genuen joko hutsa dela, ez duela axola irabazi edo galdu, ongi pasatzea delako helburua. Futbolak ere hori beharko luke, baina ikusleengan sortzen duen biolentzia, nahiz eta ahozkoa bakarrik izan, izugarria da.  

Maiatzean lehiaketa egingo dute Aretxabaletan. 

Datorren astean hasiko da eta izena eman daiteke dagoeneko, euro baten truke. Prezio hori ipini dugu, modu sinbolikoan. Jendeak ez du bere joko propioa eraman beharrik; guk ipiniko dugu eta erabiliko den Bértikal bakoitzak zirkuitu ezberdin bat izan dezake... Zirkuitua azkarren egiten duenak irabaziko du. Finala hilaren 30ean izango da, eta hiru sari egongo dira. Bide batez, lehenengo txapelketa irabazten duenak datorren urteko ekainean Aretxabaletan egingo den estatu mailako txapelketan parte hartu ahal izango du. Sari potoloa egongo da, 15.000 euro! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak