Ardoa oinarri duen ikuskizuna.
Lehenik, bikote lana dela azpimarratu nahi dut. Pantxix Bidart musikari-laguna eta biok agertokian gaude, zuzenean kontatzen eta kantatzen. Ardoaren mundua apur bat ikertu eta orokorki literatura europarrean ardozaleen hitzak irakurririk, abiatu naiz ardoaren istorio misteriotsuak berridazten. Pantxixek Euskal Herriko eta kanpoko kantu, olerki eta omenezko testuak ikertu ditu. Lan guztia bildu, nahasi, orekatu, eta moztu, kendu, arindu ondoren, InVino Fabula sortu dugu.
Zer eduki behar du ipuin batek publikoa harrapatzeko?
Kontaketa hiruki bat da, hiru puntakoa: ipuina, kontalaria eta publikoa. Hirurek konplize izan behar dute, koherentzia eta atseginez elkarrekin dantzan aritzeko. Eta dantza pista egokia behar dute: gela erosoa eta isila, areto barneko eta kanpoko giroak baketsu eta lasaiak. Ongi ezagutu behar dute elkar, konfiantzazko harremana izan eta hiruren arteko harmonia lortzeko. Orduan, publikoa harrapatzen duzu, jokoan sartuta dagoen kontalaria ere bai, eta ipuinak, harrigarria bada ere, tarteka biak eramaten gaitu ustekabean, berak nahi duen modura eta lekura.
Zer da errazagoa, ipuina haurrei ala helduei kontatzea?
Errazagoa helduei kontatzea, isilik eta bakean egoten baitira. Zailagoa da batzuetan haurrei kontatzea, adinagatik, hizkuntza mailagatik, kopuru handiagatik... Hainbat irizpide ez badaude errespetatuak, sufritu egiten dugu. Baina, publiko batentzat edo bestearentzat baldintza onak badaude, atsegin handiz aritzen gara, festa ederra izaten da, eta guztiak pozik ateratzen gara esperientzia eta momentu berezia gure artean trukaturik.
Urte hauetan guztietan aldaketarik igarri al duzu?
Handirik ez. Badirudi atzo, gaur eta hain seguru bihar ere, zuzeneko hitzak behar ditugula entzun eta gozatu, gure irudimena bizirik mantentzeko eta freskatzeko ere, ustekabe eta nahigabe batzuekin harro dezagun gure espiritua. Ametsak bizi izateko eta barneko bidaiak egiteko.