Hondakinen Mahaia eratu dute Aretxabaletan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko apirilaren 18a

Hondakinen Mahaia izenekoa sortu du Aretxabaletako Udalak; honek, gaikako bilketa sistemaren ezarpena zehaztuko du. Sei taldetan banatuta egongo da eta datorren astetik aurrera jarriko dute martxan prozesuak izango  dituen bi faseetatik lehenengoa; hain zuzen ere, bilera informatiboak egingo dituzte.

Aretxabaletako Udalak gaikako bilketa sistemaren ezarpena zehazteko Hondakinen Mahaia sortzen dihardu. Hau da, sistema berria nola ezarri aztertu eta garatuko duen mahaia eratu gura dute, "plurala izango dena, gainera". Lore Martinez Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "herritar ezberdinez osaturiko mahaia izango da", eta talde ezberdinetan banatuta jardungo dute lanean.

Mahaiaren funtzionamendua bi fasetan banatuta egongo da. Lehenengoa apirilean eta maiatzean gauzatuko dela adierazi dute; bigarrena, berriz, iraila eta abendua bitartean. 

Bilera informatiboak

Hala, lehenengo fasea datorren astean bertan ipiniko dute martxan eta sortutako talde ezberdin horiekin bilera informatiboak egitea da Udalaren xedea. Mankomunitateko informatzaile batek gidatuko ditu saioak: "Nola bilakatu hondakinak arazotik aukera izatera, zalantzak argituko ditu...".

Taldetan jardungo du mahaiak, eta guztira 6 talde izango dira: Merkatariak, ostalariak eta elkarte gastronomikoak; Hezkuntza eta jubilatuak; Zero zaborraren eta 5. edukiontziaren aldekoak; Industria; Landagunea; eta azkenik, Herritarrak eta alderdi politikoak. Hala, izaera ezberdinetako taldeek osatuko dute mahaia.

(Hondakinen Mahaia aurkeztu zuten atzo  Martinezek eta Bolinagak, Arkupen)

Horrez gainera, Ana Bolinaga alkateak herritar guztiei dei egin die maiatzaren 11n egingo den bileran parte har dezaten: "Bilera plenarioa izango da eta zapatu baten egitea erabaki dugu, ahalik eta parte hartzaile gehien biltzeko". Hala, sistema berriaren alde eta kontra daudenak bertaratzeko dei egin dute; oro har, interesa duten aretxabaletar guztiak daude gonbidatuta.

Bigarren fasean zehaztapenak

Bigarren fasea hasi aurretik, uztailean, Mankomunitateko informatzaileak Aretxabaletan arituko dira ostalaritzan, merkataritzan eta industrian sortzen diren hondakinen inbentarioa egiten, "ondoren bilketari erantzun zehatza emateko", Martinezen esanetan. Bigarren fasea irailetik abendura bitartean garatuko dute, "ezarpena zehaztuz eta garatuz".

Bestelako ekintzak

Maiatzean, gainera, Ekobira izeneko azokaren hirugarren edizioa egingo dute Herriko Plazan, Kutxa Ekogunearen eskutik, hilaren 11n.

Bestalde, maiatzaren 13an Ekologistak Martxaneko Kepa Olaizek eta Julia Sanjose medikuak hitzaldi bana emango dute, 19:00etan hasita. Eta hilaren 27an bideo emanaldia eta tertulia izango da Olaizekin.

Bilerak, taldeka

Apirilak 23, martitzena
14:30 Merkatariak, ostalariak, elkarte gastronomikoak.

Apirilak 25, eguena
18:30 Hezkuntza eta jubilatuak.

Apirilak 30, martitzena
18:30 Zero zabor eta 5. edukiontziaren aldekoak.

Maiatzak 2, eguena
18:30 Industria.

Maiatzak 7, martitzena
18:30 Landagunea.

Maiatzak 11, zapatua
11:00 Herritarrak, Ideien Zaparradara aurkeztutakoak eta Udaleko alderdi politikoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak