Nola ikusten duzu herriko egoera?
Krisia hasi zenetik, azken bost urteotan, langabezia-maila bikoiztu egin da Aretxabaletan. Datuek, gainera, ez dute beheranzko joerarik erakusten, epe laburrera, behintzat. Dena dela, udalerri ezberdinekin alderatu dugu egoera eta esan gurako nuke ez dela daturik beltzena; argi utzi gura dugu hori. Noski, kezkagarria denik ezin dugu ukatu.
Zer egin du Udalak egoera ikusita?
Langabeen kopuruak gora egin eta enpresa batzuk itxi zirela ikusita, Udalak egoerari aurre egiteko plana ipini zuen martxan duela pare bat urte. Lanbideren dirulaguntza baten bidez enplegu teknikari bat kontratatu zen; laguntza amaitu eta denbora batez hutsik egon da postua. Beharrak jarraitzen zuen, eta jende asko joaten zen udaletxera orientazio eske; hala, Udalak, kostua bere gain hartu eta lehiaketa bidezko hautaketa abiarazi zuen. Bestalde, enplegu plan propioari ere lehentasuna eman dio Udalak.
Zeintzuk dira zure egitekoak?
Eginkizun ezberdinak ditut nire gain: informazio eta orientazio zerbitzua eskaintzea; herriko langabetuen datu-basea eguneratu eta ezagutzera ematea inguruko enpresetan-eta; bitartekaritza lana egitea lana eskaini nahi dutenei zuzenduta; prestakuntza ikastaroak antolatzea; autoenplegua bultzatzea (bi dirulaguntza ditugu). Herriko komertzioa indartzeko ekintzak ere eramaten baditugu; esate baterako, Aretxarterekin urtero hitzarmena sinatzen dugu eta merkatarientzako ikastaroak antolatzen saiatzen gara, besteen artean.
Dirulaguntzak aipatu dituzu; zeintzuk dira horiek?
Enpresei zuzenduta, kontratazioa bultzatzeko dirulaguntza eskaintzen dugu batetik. Eta bestetik, enpresa ekimen berriak sustatzeko laguntza dago, hasierako finantzazioa errazteko.
Langabezian egon bitartean formazioa al da aukerarik onena?
Langabetuak dagoen egitekorik gogorrena dauka, lana aurkitzea. Egoera ez da aproposena, aukera oso gutxi daude, eskaintza gutxi eta eskaera asko baitago. Nire aholkua sekula amorerik ez ematea da. Ahalik eta toki gehienetan eman behar dugu izena, ate gehienak joz. Ez dira behar eguneko 24 orduak hori egiteko, eta denbora libre horretan ikastaroak egitea gomendatzen dut. Hala, egoera hobetzen denean pertsona hori prestatuago egongo da. Gauza berriak ikasteaz gainera, ateak irekiko dizkio eta egunean zehar zer egin edukiko du. Edozein zalantza edo laguntza behar izan ezkero, Udaletxean gaude, zerbitzua emateko prest.
Nolako proiektuak dituzue esku artean Udaletik?
Aztertzen ari gara ea Udalak dituen zenbait lokal bidera daitezkeen autoenplegurako. Norbaitek negozioa ireki gura badu, hasieran egin beharreko inbertsioa handia izaten da, lokala hartu behar delako-eta, eta horretan lagunduko litzateke. Bestalde, lehenengo sektorea indartzeko beste proiektu bat ere badarabilgu buruan.