Gutxi barru hasiko dira Aretxabaletako 52 familia auzo-konposta egiten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko apirilaren 12a

Konpostagailuak bakarrik falta dira Aretxabaletan izena eman zuten 52 familiak auzo-konposta egiten hasi daitezen. Txarapean egokitu dute gunea eta Udaletik adierazi dutenez, datozen asteotan martxan egotea gurako lukete.

Aretxabaletako 52 familiak eman zuten izena auzo-konposta egiteko, eta Udalak Txarapean kokatu zuen gunea. Oraindik martxan ez egon arren, datozen asteotan den-dena prest izatea espero dutela adierazi du Anabel Diezek, Ingurumen teknikariak: "Gunea egokitzeko lanak bukatuta daude, konpostagailuak bakarrik falta dira".

Proiektu pilotua, gune bakarra

Hain zuzen ere, Debagoieneko beste hainbat herritan bezalaxe, Aretxabaletan ere konposta egiteko dei egin zien Udalak herritarrei. Alde batetik, auto-konposta egitera animatu gura izan zituzten konpostagailua non ipini zeukatenak; baina gainera, Txarapea, Iturrizar eta Lausitta kaleetako bizilagunei ere dei egin zieten auzo-konposta egiteko izena eman zezaten.

"Behin gunea prestatuta, zortzi multzo ipiniko dira, bakoitzak lau edukiontzi izango ditu, 32 ontzi guztira". Ingurumen teknikariak gaineratu duenez, nahiz eta 52 familiak eman duten izena, 60k edukiko dute aukera auzo-konposta egiteko. "Gunea aurkezteko edukiontziak ipintzen direnean, izena eman dutenekin bilera egingo da, antolamendua zehazteko".

Gune gehiago aurreikusten duten galdetuta, "proiektu pilotua denez, bakarra izango da, oraingoz". Gerora, emaitzen arabera, "gehiago ipiniko dira, behar izanez gero".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak