1. Komedia zoro bat ei da Terapiak. Barrea da traumei aurre egiteko modu egokiena?
Uste dut baietz, eta obran horretan saiatzen gara. Obran ere esaten da drama guztiek euren alde komikoa dutela, eta alderantziz; eta alde komikoari begiratuta errezago gainditzen direla, kasu honetan, traumak.
2. Zein gaitz, zein trauma tratatzen dira antzezlanean?
Askotarikoak: bakarrik geratzeari beldurra, munduan zure lekua ez bilatzeari... Guztiok bizi ditugun beldurrak dira; adin batetik aurrera, gainera, gero eta gehiago.
3. Zuk zeuk, zer gainditzeko egingo zenuke terapia?
Hor arrapatu nauzu! Etxafuegoen zaratari eta zakurren zaunkari diet beldurra. Sustoa har dezakedala jakiten dudanean urduri jartzen naiz, beldurra diet.
4. Gaztea izan arren, ez duzu curriculum makala. Zortea edo lana?
Biak. Lan kontua bada, baita zortea ere: momentu egokian leku egokian egon eta jende egokia ezagutzea... Niri lan batek bestea ere ekarri dit. Hainbat faktoreren batuketa da.
5. Goiena Telebistan egindako lehen lanak ikusi edo gogoratzean...
Zenbat urte pasa diren eta ze ondo pasatzen nuen datorkit burura. Gustura gogoratzen ditut; gaur egun ere egingo nituzke, baina nagikeria emango lidake.
6. Aktore lanetan ari zara aspaldion, baina kazetaria ere bazara.
Ez naiz damu kazetaritza ikasi izanaz. Bere garaian egin nituen kazetari lanak eta aktore moduan luzaroan lan barik egonez gero, ondo dago beste baliabide batzuk izatea.
7. Kazetari eta aktorea; baita gidoilari eta zuzendaria ere. Utzi dugu zerbait?
Ez; eta nahikoa horrekin! Behin izan naiz zuzendari; gurako nuke zuzendari lan gehiago egitea, baina denbora eskatzen du eta urtean zehar nahiko lanpetuta nabil.
8. Hemen inguruan egin dituzu lan gehienak. Mugak zeharkatzeko asmo edo gogorik?
Gogoa bai; zerbait irtenez gero as-moa ere bai, baina... Akaso Terapiak-en erdarazko bertsioarekin egongo da aukerarik, baina lan puntualak. Euskal Herrian gustura nago; kanpoan egingo nuke lan, baina beti ere bueltatzekotan.
9. Aretxabaletarra Tolosan bizitzen. Nola daroazu herrimina?
Ondo, baina ia astebururo etxera bueltatzen naizelako; nahiko lotuta nago herriari. Uste dut hori ere garrantzitsua dela, herriko harremanak-eta ez galtzea.
10. Bi herrietako aratusteen artean aukeratu behar bazenu?
Oso chauvinista naiz, eta Aretxabaleta esango nuke; baina Tolosakoak mespretxatu barik. Horiek ere ikustekoak dira, denean mila bider handiagoak dira-eta.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Euskal Herrian, esparru guzti-guztietan euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetuko nuke. Euskararen 'normalizazio' hitza erabili beharrik ez izatea nahiko nuke; denok izatea eskubidea, edozein esparrutan eta inongo muga barik, euskaraz jardun ahal izateko".