Orain arte kolore berdeko ontziak kendu dituzte, eta itxura-aldaketa jasan dute, berrerabiltzearen aldeko apustua eginez. Hala, datozen hilabeteotan, herriko 60 gunetan koloretako 240 zakarrontzi berritu ikusiko dira. Horiak, urdinak, marroiak eta grisak izango dira, eta ontzi arinak, papera, organikoa eta errefusa bota beharko dira bertara, hurrenez hurren.
Aurreneko zakarrontzi multzoa ezarri dute dagoeneko, Iturrizar plazan, hain zuzen. Dena den, azaldu dutenez, ez dituzte guztiak batera ezarriko, Aretxabaleta iparraldetik hasi (Lanbide Eskola dagoen tokitik) eta hegoalderantz, Otalora bitartean.
Lanbide Eskolako ikasleen lana
2012ko maiatzean Aretxabaletako Lanbide Eskolarekin hitzarmena sinatu zuen Udalak, eta edukiontziak horren uzta dira. "Bi aldeon arteko borondatearen isla da", adierazi du Ana Bolinaga alkateak.
Rikardo Lamadrid Lanbide Eskolako zuzendaria ere pozik agertu da gaikako zakarrontzien proiektuan parte hartu izanagatik. "Karrozeria, soldadura eta galdaragintzako ikasleek hartu dute parte, lehenengo eta bigarren mailako 35 lagun inguruk, hain zuzen".
Etxean egiten dena, kalera
"Aretxabaletan jende gehienak banatzen du bere zakarra gaika etxean, eta kalera atera gura genuen egitekoa". Bakoitzean zer bota behar den adierazten duen diptikoa ere atera dute, eta hori, ikastetxeetan, udaletxean, Arkupen, tabernetan, jubilatuen egoitzan eta etxeetako postontzietan banatuko dituzte.
"Herritarrak gaikako zakarrontziak era egokian erabiltzera animatu gura ditugu Udaletik", adierazi du Lore Martinez Ingurumen zinegotziak.