Copreciko kargudunak zarete; zuen kargu bera duten emakume asko ez dira inguruan egongo, ala?
Badaude. Ausolan, CIM-Ahizke eta Ulma Taldeko lehendakariak emakumeak dira. Eta Fagor Taldeko idazkari orokorra ere emakumea da. Akaso, fabrika industrial batean bada zailagoa aurkitzea. Baina Ulma ere hor dago.
Hala ere, horrenbeste emakumezko kargudun izateko, Coprecin sentsibilitate berezirik badago?
Historikoki, lanak eskatzen zuelako profil hori, Coprecin inguruko beste lantegi batzuetan baino emakume gehiago aritu izan dira lanean taillerrean. Arduretako postuetan emakume izatea ez da oztopo Coprecin. Egia da Copreciko zuzendaritza batzordean emakume bakarra dagoela [giza baliabideetako zuzendaria], baina ardura duten postu askotan emakumeak dabiltza lanean: Etxe Konforteko fabrikazio-burua (Izaskun) emakumea da, Copreci Altsasuko kooperatibako gerentea neska da, Almacenesko burua, pertsonal-burua, kalitate arduradun gehienak emakumeak dira. Berezkoa izan da. Ez da egon diskriminazio positiborik.
Igartzen duzue desberdintasunik fabrika barruan gizonekiko? Eta enpresen artean?
Bezero batzuek harrituta esan digute emakume asko daudela ingeniaritza sailean. Baina bestela, guztiz natural ikusten da. Eguneroko lanean ez gara kontziente emakume edo gizon garen. Ez dago desberdintasunik ez barruan eta ezta kanpoan ere.
Emakume izateak (bereziki halakoak lotzen dira ume kontuekin) zaildu egiten du ibilbide profesionala?
Gaur egun eta Coprecin, behintzat, izaera eta formazio kontua dela uste dugu. Egia da gehienetan emakumeok hartzen dugula sasoi batean umeen kargua. Guk baditugu seme-alabak (bik hiruna eta beste bik bina). Eta egia da gehiago garela eszedentzia hartzen dugun emakumeak gizonak baino. Horrek ez du esan nahi horregatik ezin garela gerente izatera heldu. Parentesi bat besterik ez da. Eta eszedentzia hartzearren, Coprecin ez da inor baztertu. Pertsonaren gaitasunaren arabera, norberaren espektatiba, anbizio, ilusio, eta gogoen araberakoa da traiektoria profesionala. Gaitasuna inportantea da, eta norbera jartzeko prest dagoena ere bai.
Zer mezu emango zenigukete emakumeoi?
Emakume izateak ez duela ezer galarazten. Oso erabaki pertsonala da. Baina posible da emakume izanda karguak izatea, eta lanean gizonen moduan jardutea.