Atez atekoaren aldeko apustua Aretxabaletan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko ots. 21a, 16:14

Atez atekoa ezarriko dute Aretxabaletan. Datorren urtean izango da, 2014an eta gauza ugari dute zehazteko oraindik. Horretan laguntzeko, hau da, gaikako bilketa sistema nola ezarri aztertzeko eta garatzeko, Hondakinen Mahai plurala eratuko dute.

Aretxabaletako Udalak Ideia Zaparra deituriko ekimena eraman du aurrera azken hilabeteotan. Hau da, herritarrei dei egin zieten zaborraren gaikako bilketaren inguruan zituzten ideia eta proposamenak aurkeztu zitzaten. Eman dituzte aditzera jasotako iradokizunak, eta baita Debagoieneko Mankomunitateak guzti horiei helarazitako erantzunak ere. Den-denak, gainera, irakurgai daude otsail  amaiera arte Arkupen irekitako erakusketan.

Atez atekoaren aldeko apustua

Lau ezaugarri bete behar zituzten Ideia Zaparradako parte hartzaileen iradokizunek: hondakinen bilketa gaika egin behar izatea, herritarren %100ek parte hartzea, bilketa pertsonalizatua izatea eta, gutxienez, %80ko birziklatze-tasa lortzea.

Sei proposamen jaso zituzten Aretxabaletako Udalean, eta, askotarikoak izan diren arren, Ana Bolinaga alkateak adierazi duenez, bat berak ere ez ditu lau baldintzak betetzen. Hala, Aretxabaletan atez ateko sistema ezarriko dutela eman du aditzera Bolinagak: "Lau ezaugarriak betetzen dituen sistema delako". 

Orain aretxabaletarren txanda dela adierazi du alkateak, guztien artean sistema egokitzeko. Horretarako, gainera, Hondakinen Mahaia eratuko dute, "herriko zabor bilketaren ezarpena zehaztu eta garatuko duen mahaia", Lore Martinez alkateordeak adierazi duenez. "Udaleko alderdi politikoek eta herriko merkatari, ikastetxe, ostalari, industria eta plataforma ezberdinek hartuko lukete parte; tartean, zero zabor edota bosgarren edukiontziaren aldekoek". Eta gainera, Ideia Zaparradako ekarpenak ere kontuan hartuko dituztela eman du aditzera.

Oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko den lanean mahaia, baina lehenbailehen izatea gura dute Udaleko ordezkariek.

Osasunean inbertitu beharra

Ana Bolinaga alkateak azpimarratu gura izan du ez dela garrantzitsua hiri hondakinen sistemaren izena, helburuak betetzea baizik. Hala, "ingurumen osasungarrian bizitzea eskubide bat" dela esan du, egungo hiri hondakinen sistemak ez duela aipatutako eskubidea bermatzen, errausketak ez duela arazoa konpontzen eta osasunean inbertitu beharra dagoela adierazi du. Zaborra erre edo birziklatzearen artean aukeratu behar izanez gero, "Bilduk oso argi dauka zaborra murriztu, berrerabili eta birziklatu egin behar dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak