Aretxabaleta berdeago bat nahi dutenek hitzordua dute otsailaren 16an

Arritxu Barruso 2013ko ots. 6a, 15:11

Aretxabaletako Landaketa Bolondres Taldeak azken bi urteotan 300 zuhaitz inguru  landatu ditu Aretxabaletan eta milaka hazi erein. Orain taldea zabaldu  nahi dute eta interesa duten guztiei proiektura batzeko aukera eman. Otsailaren 16rako deialdi ireki bat egin dute. 09:30ean elkartuko dira kiroldegi inguruan baina komeni da aurrez izena ematea, landaketa hobeto antolatu ahal izateko.   

Herriko inguruneak zuhaitzekin txukuntzeko lana bere gain hartu zuen iaz Aretxabaletako lagun talde batekin. Udalarekin koordinatuta eta haren baimenarekin eta laguntzarekin aste bukaeretan batzen dira. Aretxabaletan beharra ikusten duten toki eta guneetan zuhaitzak edo haziak landantzen dituzte.

Orain bi urte inguru hasi ziren batzen. Udalarekin batzartzen dira urte hasieran, eta urteko programa egiten dute. Udalak eman dizkie lan tresnak, orain bertan 20 aitzur erosi ditu eta lur-orotariko autoa ere uzten die irteeretarako. Zuhaitzak batik bat Udalarenak diren baso eta lursailetatik ateratzen dituzte eta beste leku batzuetan landatzen dituzte. Hazitegi bat ere ipini dute Udalak utzitako lursail batean. Bi urte hauetan 300 zuhaitz landatu eta milaka hazi erein dituzte. Landaketak askotan baso eta mendiekin lotzen dira, argi utzi nahi dute, kasu honetan herrian bertan egin nahi direla landaketa gehienak.

Orain arte lagun artean ibili ostean, proiektua zabaltzeko momentua dela uste dute eta gura duten guztiei parte hartzeko garaia heldu zaiela erabaki dute. Horregatik, deialdi zabala egin dute otsailaren 16rako. 09:30ean elkartuko dira kiroldegi inguruan. Autobideko maldak eta Txarapea ingurua aukeratu dituzte egun horretan landatzen ibiltzeko. Joan nahi dutenei aldez aurretik jakinaraztea eskatzen diete, landaketa ondo antolatzeko. Horretarako honako helbidera idatzi behar dute: landaketataldie@gmail.com
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak