Jose Luis Korta: "Beti erakutsi didate lege onetik irabazitakoak balio duela, eta nik ere horretan sinesten dut"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko ots. 4a, 10:46

Jose Luis Korta (Orio, 1949) Aretxabaletako kiroldegian izan zen zapatuan, kirol instalazioak ezagutzen eta spinning klase batean parte hartzen. Elkarrizketa egin genion. 

Sarritan jasotzen dituzu horrelako eskariak?

Bai; kiroldegietatik baino gehiago, gimnasioetatik eta ikastetxeetatik gehienetan. Telebistan agertzen naizenetik, orain gehiagotan, lehen arraunagatik bakarrik ezagutzen ninduten-eta. Deitu egiten didate, eta, emazteak esaten duen moduan, beti baietz esaten dut. Aretxabaletara Gabonetan etortzekoa nintzen, baina atzeratu beharra izan genuen. Kirolaren alde, ondo pasatzen eta pasarazten saiatuko naiz bihar ere.

Spinningean zer moduz moldatzen zara? 

Gustuko dut bizikleta, baina aspaldian alboratuta dut. Pentsa, bizikleta berria daukat aspaldian erosita, eta, lotsa ematen didan arren, oraindik estreinatu gabe dudala aitortu behar dut. Bizikleta estatikoa, berriz, garai baten asko erabiltzen nuen arraunerako entrenamenduetan. Spinninga ere probatuta dut, baina astoen moduan ibiltzen naiz; ez dakit ondo eta suabe egiten. Gimnasioan lagunekin elkarrekin jardutea gustuko dut, errepidean baino arrisku gutxiago daude, eta, gainera, neska polit asko joaten dira [Barre]. Ez duzu bazterrik jotzeko arriskurik.

Bizikleta estreinatzeko astirik ez?

Zaletasun eta konpromiso asko ditut; ezin guztiei heldu. Aurten golfean hasi naiz. Gustatzen zait, engantxatu egiten duela diote eta ni ere harrapatu egin nau; bereziki, kolpe eta kolpe artean, zulo eta zulo artean, asko ibiltzen delako dut gustuko. Horrez gainera, oilagorretan joateko ohitura ere badut; arraunean ere ibiltzen naiz, noski, nahiz eta azken horretan mutilek botatzen duten nik baino izerdi handiagoa. 

Garai baten ziklo-krosean ere ibiltzen zinen.

Bai; gazteagoak ginenean, denera apuntatzen ginen. Saiatu egiten ginen, eta saiatzen denak gauza asko lortzen ditu. Ziklo-krosean, herri mailako hiru lasterketa egin nituen eta gogoan dut hirurak irabazi nituela. Hori bai, bizikletan baino, korrika gehiago egiten nuen. 

Kirola bai, baina sofan etzanda egotekoa ere bazara?  

Bai; gustatzen zait telebistara begira egotea. Sarritan hiru pelikula ikusten ditut batera, katerik kate saltoka ibiltzeko joera dut. Pena da iragarkiak denak batera jartzen dituztela. Besaulkian nagoenean, liburuak ez ditut sarritan eskuetan izaten. 

Bizikletara bueltatuz, azkenaldian Armstrong txirrindulari ezaguna denon ahotan dago eta baita aste honetan hasi den Puerto Operazioa-n ere; horiek guztiak, dopinarekin lotuta. Zer deritzozu?

Kristoren lakra da hori. Txirrindulariengatik berba egiten den arren, kirol guztietan dago arazo hori. Zaila da horren kontra ezer egitea legeak aldatzen ez badituzte. Beste herrialde batzuetan zigortzen dituztenak hemen barkatu egiten dituzte; asko haserretzen naiz horrelako albisteak telebistan ikusten ditudanean. Edozelan ere, dopinarena ez da dugun lakra bakarra, beste arlo askotan ere badago: hortxe daude, besteak beste, kargu politikoek egiten dituzten lapurretak; bankuetan gertatutakoak... Kanpotik epaileak ekartzen ez badituzte, gauzak aldatuko diren esperantzarik ez dut.

Zuk ere salatu izan dituzu dopin kasuak. 

Bai, ni ere gurutzada horretan   nago eta hasieratik pentsatu nuen oso zaila izango zela; hala ere, kirolari bakar bat salbatzea lortuko banu merezi izango luke ahaleginak! Espainian dopinean droga kontsumoan baino diru gehiago gastatzen zela jakin nuenean, bereziki arduratu ninduen. Dirua erraz egiten duten banda kriminalen kontrolpean dago guztia; errotik apurtu behar da. Lege babes handiagoa dute legea betetzen ez dutenek betetzen dutenek baino.

Zertan da une honetan Operación Estrobo

Salaketa partikularra jarri nuen. Sekulako kritikak jaso nituen,   segituan: frogarik ez nuela eta horrelakoak. Frogak nik asko ditut, etxean dut-eta Guardia Zibilak eta Fiskalak egindako 3.000 orriko txostena. Hortxe daude zer egin zuten, zer erosi zuten... Politikariek beste alde batera begiratzen dute eta epaileei ere sekulako mendia jausi zitzaien gainera. Ez dakit noraino helduko garen, baina aterako dugu aurrera. Nik gura dudana da bandera bat ekartzeko helburuarekin jendeak zer egiten duen eta nor dabilen erakustea. Iruditzen zait osasunak gehiago balio duela munduko bandera guztiek baino.

Zer gomendio emango zenieke kirolari gazteei?

Kirola egitea sanoa dela, baina ez dugula puntu horretaraino heldu beharrik erakutsi behar diegu gazteei. Osasunaren alde jokatu behar dugula eta tranpatiak beti tranpatiak direla! Beti erakutsi didate lege onetik irabazitakoak balio duela. 

Goazen mendi kontuetara ; aurten ere El Conquistador del fin del mundo saioan zaude.

Bai; ez neukan gogo handirik joateko, iaz gaizki pasatu nuen, negar ere egin nuen. Etxean ez joateko esaten zidaten arren, azkenean, jendeak joateko eskatuta, animatu egin nintzen. Arraun denboraldiaren deskantsuan grabatu genuen eta oroitzapen politak ditut, jende asko ezagutzen duzu. Zazpigarren saioa dut; hastapenetan biziraupena oinarri zuen saioa bazen, gaur egun reality-a da, bete-betean. Eurek maneiatzen dute guztia.

Zer on eta zer txar ekarri dizu saioak?

Gauza politak egiten ditugula iruditzen zait, baina pantailan erakusten dena gero ez da horren erakusle izaten; manipulatu egiten dute, eta ez dut gustuko. Bestalde, jende asko ezagutzen duzu eta zu ere jende gehiagok ezagutzen zaitu, nahiz eta horrek ere baduen arriskua, esaten dituzunek kritika edo oihartzun handiagoa dutelako. Damutu ere egin izan zait horregatik saritan.

Pentsatzen duzuna diozu.

Bihotzak esandakoa disparatu egin behar dela uste dut. Bat-batekotasuna dugunok gauzak modu egokian esaten ez baditugu ere, aurretik joatea atzetik joatea baino hobea da. Arriskutsuagoa da birritan pentsatuta berba egiten duen jende zuria.

Nolakoa da Korta?

Bihotz onekoa, esango nuke. Orokorrean, jendea ona dela uste dut, baina, nire kontra egiten dutenean, defendatu egiten naiz. Elkarrekiko errespetua ezinbestekoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak