Aretxabaletan 22 lagunek eman dute izena auzo-konposta egiteko

Mirari Altube Arrese 2013ko urtarrilaren 17a

Txarapea ibilbidean jarriko du Udalak auzo-konposta egiteko gunea. Lehenengoa izango da Aretxabaletan, eta haren nondik norakoen berri eman dute astean. Eta gogorarazi dute oraindik zabalik dagoela izen-ematea –urtarrilaren 25a arte–: mezu bat bidali: ingurumena@aretxabaleta.net; Arkupeko bulegotik pasatu; edo telefonoz deitu 943 08 10 01.

Dagoeneko 22 lagunek eman dutela izena auzo-konposta egiteko jakinarazi dute astean Lore Martinez Axpe Ingurumen zinegotziak eta Josu Zaloña Txarapea ibilbideko bizilagunak. Horretarako deia egin diete Iturrizar plaza, Lausitta kalea eta Txarapea ibilbide inguruan bizi diren herritarrei, konposta gunea Txarapean egongo delako. "Beste auzo batzuetako bederatzi lagunek ere eman dute izena; eta beste inon jar daitekeen aztertuko dugu aurrerago", azaldu zuten. Izan ere, lehenengo hori "esperientzia pilotua" izango dela jakinarazi zuten, eta horren arrakasta ikusita aztertuko dute herriko beste gune batzuetara zabaltzea.

30 metro koadroko gunea

Auzo-konposta egiteko gune horrek 30 metro koadro inguru izango ditu eta barruan lau konpostagailu, tamaina ezberdinetakoak. Horietara etxeetako hondakin organikoak eroango dituzte izena emandako bizilagunek. Eta zuhaitz adarrak eta moztutako landareak jasotzeko lekua ere egongo da.

Txarapeako gune hori hurrengo asteetan egokituko dute eta otsaila bukatu aurretik erabilgarri egotea gurako lukete Ingurumen Saileko kideek. "Izena emateko epea oraindik ez da bukatu eta askoz gehiagok ematen badute behar bada gune handiagoa egokitu beharko dugu", zioen Martinez Axpek pozik: "Jasangarritasunaren eta konpromisoaren aldeko pausuak ematen gabiltzanaren seinale".

Hor lortuko den konposta lorategietarako erabiliko dutela iragarri zuten, eta herritarrek ere eskatu ahal izango dute.

Konposta egiteko ikastaroa

Auzo-konposta egingo duten horiez gain, beste 16 lagunek auto-konposta egiteko interesa agertu dute. Udalak horretarako behar duten konpostagailua emango diete datozen egunotan. Eta horiek guztiek konpostatzearen gaineko ikastaroa jasoko dute otsailaren 5ean, martitzena (19:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak