Mendia gertuago Murrukixo elkarteari esker

Ubane Madera 2012ko aza. 26a, 12:02

Murrukixo Mendizale Elkartea sortu zeneko 25. urteurrena beteko da aurten, abenduaren 22an. Ospakizun ekitaldiak antolatu dituzte, abenduko asteburuetarako. Lehena oraingo asteburuan egingo dute: Mairuelegorreta (Gorbeia) kobazulora irteera, 7-13 urteko neska-mutikoendako. Asko jota 20 lagunendako lekua izango da, beraz, izena ematea komeni da. Murrukixo elkartean egin behar da hori, 19:00-20:00etara, bihar, martitzena.

1987ko abenduaren 22 baten sinatu zituzten Murrukixo Mendizale Elkartearen estatutuak. Sortzaileen artean ziren Alberto Etxeberria eta Iñaki San Miguel Xati. "Sasoi hartan mugimendu handia zegoen mendian. Elkarte bat sortzea betebeharretakoa zela ikusi genuen, hutsunea zegoela. Eta gazte izanda, gauzak egiteko gogoa… Garai hartan, gainera, auto gutxiago zegoen, gehienak autobusean genbiltzan, taldean egiten ziren gauza asko… horrek guztiak lagundu zuen Murrukixo sortzen", ekarri du gogora Iñaki San Miguelek. 

Iturri magikoa

Baina nondik dator Murrukixoren izena bera? "Murrukixo da Eleizgarai baserriaren eta Oro inguruko pinudi baten dagoen iturriaren izena. Esan zigutenean iturri hartara joaten zirela ura edatera bixamona kentzeko… metal ura dauka”", dio umoretsu Murrukixoko presidenteak. "Eta iturria berriztu ere egin genuen", azpimarratu du. Baina benetan funtzionatzen du iturriak? Erantzuna guraz gero, Murrukixo bisitatu behar.

 

600 bazkide

Mendi taldera bueltatuz, berriz, haren ezaugarrien artean aipatzekoa da bazkide kopurua: 600. "Asko da, baina 50-edo dira gurasoek sartutako umeak. Gainera, gure kuota oso txikia da, 9 eurokoa", dio apaltasunez Xatik. "Hori bai, deigarria da 600 horietatik 350 mendian federatuta daudela, hau da, bitik bat", zehaztu du.

Eskaeren arabera

Elkartearen jardunari dagokionez, gizartearen beharretara egokitzen dela adierazi du Xatik: "Hasieran egiten ziren hilean hainbat irteera, eta jende asko joaten zen. Gizartea aldatzen joan den moduan, baina, mendi taldeak ere aldatzen joan dira. Orain gehiago norbera bere kabuz joaten da.  Beraz, jendearen eskaeretara mugatzen gara. Hala ere, badaramatzagu urte batzuk bi hiletik behin ibilaldi bat egiten. Mendi Astea antolatzen dugu urtero, Kurtzebarriko eguna, bi urtean behin martxa handi bat (300 bat lagun mugitzen ditu), eta besteak beste, egutegirako argazki lehiaketa". 

Murrukixo eta Iñurrategitarrak

Bestalde, Murrukixo Aretxabaletako elkartea izanda, sortzen den galderetako bat zera da: Zein eragin izan du elkarteak Iñurrategi abizena goi mailako alpinismoarekin lotzerakoan? Segituan erantzun du Xatik. "Bat ere ez. Oso gertukoak izan dira, hori bai. Eta Iñurrategitarrak lehenengo mendietara joaten hasi zirenean haien espedizioak ordaintzen laguntzeko kamisetak eta prakak saltzen genituen. Horrez gainera, espedizioetatik bueltatzen zirenean ongi-etorritxoa egiten genien beti. Hori bai, esan daitekeena da Murrukixo ez balego, herriko gazte batzuek ez luketela mendia horrenbeste ezagutuko".  

Urteurreneko ekitaldiak

  • Abenduak 1: 09:00 Mairuelegorreta (Gorbeia) kobazulora irteera. 7-13 urtekoendako. 
  • Abenduak 9: 09:00 Aitzulo kobazulora (Ugaztegi) irteera. Edozeinendako. 
  • Abenduak 15: Goizean Elizateetara irteera. Antzina urtean behin egiten zen. Gauean afaria. Izena abenduaren 11 baino lehen.
  • Abenduak 18-21: Mendi Asteko hitzaldiak, 19:00etan, Arkupen
  • Abenduak 18: Txile: Eski-trabesia, Andoni Ormazabal aretxabaletarra
  • Abenduak 19: Kanada Yukoko Las Inescalables eta Flower ibilbidea. Goxerrik.
  • Abenduak 21: Dolomitak Aretxabaletako Nerea Ulezia
  • Abenduak 22: 09:00 Leixargaratera irteera.    

Oroimenerako antzinako argazkiak

Bestalde, 25 urteak iruditan jasoko dituzte CD eta liburu batean eta abenduaren 15eko herri-afarira doazenei opari emango diete. Aurrerago, berriz, salgai jarriko dituzte. Bilduma egiteko, antzinako argazkiak ere batu dituzte, tartean Kurtzebarrira gurutzea igo zituztenekoak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak