Ume txikienen gurasoen elkarte berri bat jaio da

Leire Kortabarria 2012ko aza. 7a, 01:00

Lokal eder batekin eta guzti, ibilbidea hasi du bailarako hazkuntza proiektu berriak, Kuku-Miku elkarteak. Aretxabaletan dago eta hango zenbait gurasoren ekimenez sortu da. 6 urtera arteko gurasoendako topagune gisa sortu dute. Taldearen sortzaileek honakoa diote: "Hutsunea igartzen genuen 0 eta 6 urte arteko umeen gurasoon artean". Adin horretatik aurrera, ikastetxera joaten hasten dira umeak eta han lantzen dituzte beste eduki batzuk, eta gurasoek ere bestelako formazioa jasotzeko aukera izaten dute.

Erreferentziazko leku baten beharrak, gurasook elkarrekin egoteko beharrak, hainbat gairen gainean informazio eta formazio zehatza jasotzeko gogoak… horrek guztiak bultzatu zituen elkartzea sortzera. "Gurasoon arteko elkarrekintza, gogoeta eta laguntza bultzatu gura ditugu; eta haurren hazkuntza eta hezkuntzari zein guraso izateari lotutako zalantzak eta gogoetak trukatzeko eta laguntzeko erreferentziazko bilgune bat sortu", diote kideek. Norberak kalean, beste guraso batzuekin berriketaldi informaletan… jasotzen dituen nozioak beti ez direlako zuzenak izaten eta, zenbait kasutan, horiek kontrastatzeko edo konpartitzeko beharra sortzen delako. 

Horretarako, gidari berezi baten laguntza dute: Ana Bacigalupe ama eta doula, "taldearen gidaria eta aditua", Kuku-Mikuren esanetan. Ana Bacigalupek Zornotzako Amalur Amatasunaren Laguntza Zentroa sortu zuen, eta aurrerantzean, Aretxabaletako gurasoekin ere ibiliko da.

Psikopedagogo batekin

Hazkuntza, edo kriantza, da guraso horiek guztiak batzen dituen ardatza. Formakuntza "polito-polito" antolatu gura dute, aurrekontuek eta eguneroko bestelako eginbeharrek ematen dizkieten aukeren neurrian. Badakite ze landu gura duten: zeloak, atxikipena, aitatasuna… dira gai batzuk. Gogorarazten dute "oraintxe, irailean" hasi direla eta, beraz, lotzeko asko daukatela. Psikopedagogo batekin harremanetan ipini dira eta haren kolaborazioa izatea espero dute. Asmoa da gurasoek dituzten kezken arabera joatea formazio saioak antolatzen.

Haurdunaldia eta haurdunaldi-ondorengoko aldia, elikadura, loa, gatazkak konpontzea… ere lantzen dituzte, normalean, hazkuntza taldeek, eta horiek jorratzeko aukera ere izango dute Kuku-Mikun. Bi taldetan banatuko dira: 0 eta 3 urte arteko umeen gurasoena, eta adin horretatik 6 urtera arteko gurasoena.

Euskararen normalkuntzarako gune ere izan gura du Kuku-Mikuk, baina "denoi zabalik" daudela ere azpimarratzen dute.

Giltza eta konpromisoa 

Ezin hobeto hasi dute ibilbidea guraso aretxabaletar horiek: Udalarekin hitzarmena egin zuten maiatz bukaeran, eta Durana kaleko 30. zenbakian egoitza utzi die Udalak uztailaren 1ean hasi eta urte beterako. Hitzarmena luzatu egin daiteke. Kuku-Mikukoak oso pozik daude: "Lokal ederra eta handia da, eskertzeko modukoa: ez du oztopo arkitektonikorik, zabalik dago…"

Lokal horretan postontzia ipini dute, eta bazkide izan nahi duenak hantxe utz dezake bere eskaera. Hori egin ahal izateko, esku-orriak banatu zituzten Aretxabaletako ikastetxeetan. 

Bazkidetza kanpaina berez bukatu den arren –urriaren 10a zen postontzian eskaera-orria uzteko azken eguna–, arduradunek argi utzi nahi dute Kuku-Miku "irekia" dela. Sortzaileek dioten bezala, "proiektu bat da, zabalik dago". Hori bai, bazkide egiten direnei "konpromisoa" eskatzen diete, urteko 30 euroko ezinbesteko kuotarekin batera: "Lokalera sartzeko giltza bana izango dute familiek, baina ez dugu bazkideak horretara bakarrik mugatzea, giltza eduki eta lokala erabiltzeko bakarrik izatea. Gustatuko litzaiguke bazkide bakoitzak, ahal duen neurrian, lan-talde baten parte har dezan", azaltzen dute taldeko kideek.

Izan ere, orain lan-talde horiek sortzen dabiltza, pixkana-pixkana. Zuzendaritza talde bat izango dute, beste edozein elkartek moduan; Komunikazio talde bat ere izango da; Garbiketa taldea, beste bat; eta laugarren talde bat lokala txukuntzeaz edo banatzeaz arduratuko da: "Lokala nahiko handia da eta gauza asko egiteko aukera ematen du. Horrela bada, txoko bat psikomotrizitaterako izango da; beste bat, marrazketa-txokoa; liburutegia ere izango dugu…". Beraz, horiek denak antolatu eta prestatu beharko ditu lan-talde horrek.

Seme-alaba txikiak izateak dakartzan erritmoak eta denbora mugak kontuan hartu dituzte elkarteko kideek: "Ordu erdi bakarrik duenak lokala garbitzen lagundu dezake, adibidez. Marraztea gustatzen zaionak paretak marraztu ditzake; ordenagailuan asko ibiltzen dena Komunikazio taldean ibiltzeko boluntario aurkeztu daiteke…" Kontua da bazkide bakoitzak dituen gaitasunekin eta ahalmenekin taldeari aurrera egiten laguntzea.

"Lokal bat baino gehiago da"

Egoitza propioa lortzea oso garrantzitsua izan da Kuku-Mikurendako (esan behar da lokala ez dela eurendako bakarrik, baizik eta beste zerbitzu batzuekin konpartituta; adibidez, astean bi egunean emaginak erabiltzen du, erditze osteko gimnasia saioak egiteko). 

Hala eta guztiz ere, lokala edukitzearen helburua ez da "euria egiten duen egunetan gurasoak umeekin joateko eta gora begira egoteko lekua izatea", argitu gura dute taldekoek; era berean, ez da ludoteka, ezta liburutegia ere, nahiz eta jolasteko lekua ere izango den eta liburutegi txokoa ere izango duen. "Proiektu bat da, lokal bat baino gehiago da", azpimarratzen dute arduradunek. Lokala euren beharretara moldatuko dute, eta bertan lekua daukate ume txikienek eta nagusitxoagoak direnek: "6 urteko umeek ez dute lokalean hainbeste egon gura izango, baina elkartera etortzen diren gurasoek, seguru asko, ez dute ume bakarra izango", diote elkarteko kideek. 

Hala, ate irekien jardunaldia egin zuen elkarteak orain aste batzuk, eta "txikienak marrazten zeuden; 4 urteko umeak ipuin-kontalariaren inguruan batu ziren…" Adin desberdinetako umeen eta haien gurasoen beharrak desberdinak izan arren, "badago aukera denok batera gauzak egiteko, eta hori da helburua", esaten du elkarteak. 

Batzarra egingo dute

Elkartea sortzeko lehenengo pausoak orain urte eta erdi eman zituzten, guraso batzuk batzartzen hasi zirenean. Denborarekin, gero eta jende gehiago hurbildu zaie, eta, bazkidetza kanpaina bukatuta, dagoeneko 25 bazkide ziren, eta seguruenik gehiago izango dira. 

Hurrengo egingo duten urratsa zalantzak argitzeko eta gauzak finkatzeko balioko duen batzarra izango da. Hori azaroaren 8an egiteko asmoa dute. Izan ere, "ate irekietan, zalantza piloa azaleratu ziren. Esaterako, Bergarako batek galdetu zidan ea bera ere bazkide egin zitekeen; eta beste batek jakin gura zuen ea aitaitek ere etor zitezkeen…", azaltzen du elkarteko arduradun batek. Horrelako kontuak zehaztuko dituzte laster.

Azaroaren 8ko batzar orokor horretan ere jakingo dute momentuz zenbat bazkide izango diren, eta lan-taldeak antolatzen hasiko dira.

Aditu baten gidaritza 

Ana Bacigalupe doularen kolaborazioa eskertuko dute, ziur, Kuku-Mikuko gurasoek. Zornotzan Amalur zentroa sortu zuen Bacigalupek. 10 urte baino gehiagoko esperientzia du amatasunaren inguruko elkarteekin lanean, eta zazpi urtean ibili da familiei doula gisa laguntasuna ematen.

Haurdun dauden emakumeei eta gurasoei hainbat zerbitzu ematen dizkie Amalur zentroak, eta helburua da bizitzako etapa horren inguruko gaietan sakondu dezaten laguntzea: biltzeko lekua ematea, eztabaidatzeko eta zalantzak galdetzeko lekua, esperientziak elkarrekin konpartitzekoa eta norberari hazten lagunduko diona. 

Hori osatzeko, norberaren burua zaintzeko lekua ere eskaintzen du Amalurrek, kualifikatutako profesionalek ematen dituzten ekintza, terapia eta teknika holistikoen bidez.

Ana Bacigalupe esperientzia handiko doula da. Bi semeren ama da. 2001etik 2009ra arte, Euskadiko Esnearen Ligan jardun zuen, eta 2001ean Haurdunaldi, Erditze, Jaiotza eta Hazkuntza Gizatiar eta Kontzientearen aldeko Haurdun elkartea sortu zuen. 2005az ezkero doula gisa lan egiten du, haurdun dauden emakumeei eta haien familiei laguntasuna ematen. Hitzaldi, tailer, jardunaldi eta beste ekintza batzuetan ere parte hartzen du.

-----------------

Doula, amen eta aiten laguna

Esperientziaduna Doula ez da medikua, erizaina edo emagina. Jaiotza prozesuan esperientzia duen pertsona da, normalean ama ere dena, eta bere zeregina haurdun dagoen emakumeari eta familiari babes fisiko eta psikologikoa eta informazioa ematea da.

Grezieratik Doula hitza grezieratik dator eta beste emakume bat edo gizonezko bat zerbitzatzen zuen emakume esklaboa izendatzen zuen. Arrazoi horregatik, zenbaitek gurago dute "erditzen laguntzen duena" gisa aurkeztea.

Mende laurden Doularen figura orain 25 urte hasi zen erabiltzen. AEBetako ikertzaile batzuek ikusi zuten Guatemalako ospitale handi baten erditze interbenitu asko, zesarea asko eta erditzeen inguruko gastu farmazeutiko handia zeudela. Orduan, zenbait emakume haurduni esperientziadun emakume bana ipini zioten. Ikusi zutenez, beste emakume baten gidaritza eta une oroko laguntza zuten amek zesarea gutxiago eta erditze azkarragoak eta konplikazio gutxiagokoak izaten zituzten. 

Erditze hobeak Espainiako doulen elkartearen arabera, doula baten laguntasuna duten emakumeen artean %50 zesarea gutxiago egitea, erditze-denbora %25 txikitzea, %60 epidural gutxiago eskatzea eta forzepsak %40 kasu gutxiagotan erabiltzea lortu da.

Etapa zoriontsua Doula amaren eta aitaren ondoan egoten da. Emakumea haurdun dagoen bitartean, zalantzak, beldurrak eta minak arintzen laguntzen du. Erditzean ere, amaren ondoan egon daiteke, eta erditzea prozesu ahalik eta naturalena izan dadin lagundu. Umea jaio eta gero, depresioa gertatzen baldin bada, hura arintzen lagun dezakete. Funtsean, haurdunaldia eta guraso izatea modu positiboan eta konfiantzaz eta zoriontasunez bizi izaten laguntzen du doulak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak