Zein izaten da kirol aholkulari baten lana?
Normalean, elkarrizketa batekin hasten gara; guregana etortzearen helburua zein den eta kirola egiteko arazorik ote duen galdetzen diogu. Azken finean, gimnasioan gauza asko egin daitezke, eta, agian, batzuk ez zaizkio komeni. Informazio horrekin, bere beharrizanei egokitutako taula bat egiten dugu, eta hori jarraitzea garrantzitsua izaten da. Gero, kirola egiten duen bitartean lagundu behar izaten diogu, jarrerak zuzenduta, eta abar.
Uda ostean jende asko animatzen da kirola egitera....
Bai. Ibarran ere nabaritu dugu, alde batetik uda amaitu delako, baina baita Ibarra zabaldu berria delako ere. Jende ugari animatu da bazkide egitera, ea horrela segitzen duen! Gomendatzen duguna da behin izena emanda urte osoan konstantzia batekin etortzea, ariketak benetako eragina izan dezan.
Zeren bila joaten da jendea gimnasiora?
Batzuk kirola egitera etortzen dira, noski. Baina beste batzuk, ostera, sozializatzeko asmoz gerturatzen dira, jendearekin egoteko, berba egiteko... Geroz eta gehiago ikusten den joera da, eta ohitura osasuntsua, gainera.
Eta zer-nolako profila daukate bertaratzen direnek?
Lau profil daudela esango nuke: batetik, gimnasioa kirol bezala hartzen dutenak daude; bestetik, prebentzio lana egitera joaten direnak; lesio baten ostean leheneratu nahi dutenak (zerbikaletako minez egon direnak, lunbalgia eduki dutenak...); eta azkenik, udan kilo batzuk hartu eta pisua galdu nahi dutenak etortzen dira guregana.
Perfil bakoitzeko ariketa ezberdinak egin beharko dira, ezta?
Hala da. Aurretik esan dugun moduan, lehenik eta behin, elkarrizketa pertsonala egiten dugu bezeroarekin eta informazioa ateratzen dugu. Hark zer nahi duen esaten digu eta guk helburu horiek lortzeko bideak ematen saiatzen gara.
Kasurik berezienak lesioetatik sendatu gura dutenak direla esango nuke. Nire lana elkarrizketa egin, zer-nolako mina daukan jakin, eta, horren arabera, egitea zer komeni zaion eta zer ez ikusi behar izaten dut.
Zaletasunagatik gerturatzen direnak ere badaudela esan dugu.
Kirola gustuko dutelako etortzen dira; osasuntsu egotea bilatzen dute gehienek, baina baita euren irudia zaintzea helburu dutenak ere. Azken finean, gaur egungo jendartean saltzen dena hori da, itxura jakin bat edukitzea.
Eta asko al dira oporretatik bueltan pisua galdu gura izaten dutenak?
Bai. Sasoi honetan profil horretako pertsonak etortzen dira, batez ere. Normalean, urtean zehar pisua galtzeko asmoz etortzen direnen momentu zehatz batzuk egoten direla gaineratuko nuke; uda edota Gabonen ostean, bereziki. Horiei beroketa saio batekin hasteko gomendatzen diet, ondoren indar ariketak eta saio aerobiko bizi bat; eta amaitzeko, luzatze ariketak.
Eta zer-nolako maiztasunarekin egin beharko lukete kirola haiek?
Nik ahalik eta egun gehienetan praktikatzea gomendatzen dut. Egia da, hala ere, ez dela erraza gaur egun daramagun bizimoduarekin uztartzea: lana, umeak... Nork bere gauzak ditu egiteko. Hala ere, nik hiru egun gomendatzen ditut, gutxienez.
Kirola bai, baina jaten dena ere zaindu beharko dute, ezta?
Kirola egitea ez da nahikoa, dieta egokia jarraitzea funtsezkoa da emaitza onak edukitzeko. Izan ere, oreka bilatu behar da jaten duzunaren eta ariketaren bidez erretzen duzunaren artean. Azken finean, ohitura osasuntsuak hartu behar dira.
Bestalde, ezin dugu ahaztu ura edatea ere komeni dela edozein kirol praktikatzeko unean, baina gimnasioak toki itxiak izanda, bereziki zaindu behar dugun zerbait da.
Nola motiba daiteke pertsona bat ohitura osasuntsuak urte osoan zehar mantentzeko?
Lehenik eta behin, monitorea naizen aldetik, ez dakit gimnasiotik kanpo zer-nolako ohiturak jarraitzen dituen, eta hark esan beharko dit. Baina behin hitz egiten dugula, helburu lorgarri batzuk finkatu behar dira, eta horiek erdiesten joan ahala esfortzuak zerbaitetarako balio izan duela ikusiko du.
Zure lana uneoro jendearen gainean egotea al da?
Kasu batzuetan, bai, baina ez beti. Badaude ariketak euren kabuz egiten dituztenak; beste batzuek esaterako, ez dituzte amaierako luzaketak egiten. Horren harira, orain osasun mailan badago eztabaida bat ea luzaketak egin behar ote diren. Nik, behintzat, gomendatzen dut. Poliki-poliki hasten zara ariketekin, eta, ondorioz, lesioren bat edukitzeko arrisku txikia dago. Baina landu den gorputz-atal hori luzatzea ona dela uste dut, gainkargarik egon ez dadin.
Ibarra kiroldegia ireki berri dagoela eta, nolako gimnasioa aurkituko dugu?
Erabiltzaileak ezin dira kexatu, dena da berria, erosoak eta erabilerrazak. Marrazki bidezko argibideak dituzte nondik nora jo jakiteko. Hasiberrientzako, agian, konplikatu samarra bada ere, segituan ikasten da makinen funtzionamendua zein den.
Igerileku berria ere badaukazue.
Bai. Igeri egiteko zazpi kale zabal ditu, gainera, eta, bestalde, spa zona bat ere badago, erlaxatu nahi dutenentzako primerakoa: jacuzzia, txorrotak, sauna lehor eta umela... Esan didatenez, erabiltzaile askok daukate bertara joateko ohitura.
Zein gomendio emango zenuke?
Kirola egitea gomendatzen dut. Jendeak, askotan, betebehar bat izan behar du konstantzia mantentzeko; adibidez, kiroldegian izena emanda. Bestela, hilabete gutxiren buruan uzten dute. Beti konturatzen gara gure osasuna nola dagoen gauzak gaizki doazenean. Zenbat eta beranduago hobeto, eta horretarako, kirola sarri egitea da onena.