Hausnarketarako abiapuntutzat honako ideiak bota dituzte: "Iraunkortasuna eta zero zaborra interesatzen zaizkigu eta konpromisora eraman behar gaituzte; zaborren bilketa sistemak arrakasta izatea herritarron esku dago; erabili beharreko sistemaren inguruko erabakia erakundeena bada ere –udalak, Diputazioa–, herritarrek badute irizpidea zer duten nahiago adierazteko; erakundeek herritarrak entzun beharko lituzkete sistemaren inguruko erabakia hartu aurretik; eta era asko dago herritarren iritzia entzuteko".
Bi sistemekin era egokian sailkatu
Basotxoko kideek diote bai atez ateko sistemak, bai edukiontzien bitartez egindakoak, zaborrak era egokian sailkatzeko aukera ematen dutela, "nahiz eta informazio oso interesatu eta objektibotasun gutxikoek ez dela horrela ziurtatu". Eta gaineratu dute: "Bosgarren edukiontzia, konparaziorako erabili dena, amaitu gabe dagoen eta arreta gutxi eman zaion proiektu baten isla da; gainera esan behar dugu, atez atekoari buruz, egia eta objektiboa bailitzan entzuten duguna ere, ez zaigula hain argia iruditzen. Eta horrek guztiak ez garamatza bata bestea baino hobea dela esatera".
Horregatik uste dute sistema edozein izanda ere baldintza batzuk bete behar dituela, tartean honakoak: "Herritarron heziketa eta borondatea beharko da; sistema erraza eta erosoa izan dadila; neurtu egin beharko da jarraipen zehatza eginez; eta bukaerako sailkapenaren mantentze lana eta egoki tratatzea ezinbestekoak izango dira".
Beste hainbat ideia gaineratu dituzte: "Zaborrik onena sortzen ez duguna da; gure ustean oso garrantzitsua da sortutako zaborra (bereziki usain txarra badu) eguneko edozein unetan utzi ahal izatea; sailkapena ezin da egon gure lan ordutegien menpe, ezta gure bizilagunen laguntzaren menpe ere…"
Elkargune anonimoa sortu
Proposatu dute atez atekoaren aldekoen eta bosgarren edukiontziaren aldekoen elkargune anonimo bat sortzea kontuak aztertzeko: "Edukiontzien sistema ontzat eman, indarrez eta ilusioz bultzatuta; sisteman duen ahalmena eta arrakasta kontrastatzeko epe bat markatu…"