Hondakinen bilketa derrigortua izatea hobetsi du kontseiluak

Mirari Altube Arrese 2012ko ekainaren 8a

Hiri hondakinen gainean herritarrekin batera hausnartzeko kontseilua osatu gura izan du Udalak eta lau saio egin dituzte. 30 bat lagun elkartu dira eta Josep Castelltort aditu katalanak gidatu ditu. Lore Martinez Ingurumen zinegotziak egin die jarraipena saioei eta pozik dago eman dutenarekin: "Aretxabaleta egun zelan dagoen aztertzen hasi ginen eta nora jo behar dugun hausnartu". Kontseiluan landutako guztia Udalaren webgunean dago edozein herritarren eskura –bideoak eta informazioa–.

Herritarrekin batera landu gura zuen hiri hondakinen kontua Udalak eta bataz beste 30 bat lagun elkartu dira kontseiluaren lau saioetan, gehiago gazteak, eta hainbat alderditako ordezkariak ere bai.

Zabor batze sistemak aztertu dituzte, tartean bosgarren edukiontzia izan dute berbagai; gurean %32 jasotzen da horietan. "Oso gutxi da, %80ra jo behar dugu-eta. Eta kontseiluaren ondorioetako bat izan da borondatez ez direla lortuko helburuak, derrigortuta bakarrik". Ingurumen zinegotziak gaineratu du gaikako zabor batzea behar dela helburuok lortzeko, Aretxabaletan dugun legez. "Eduki badaukagu gaika jasotzeko aukera eta horren alde apustu egindako herritarrek ondo sailkatzen dute, baina asko dira oraindik ez dutenak egiten; eta gainera, ez dute batere kontzientziarik". Horregatik uste du garrantzi handia duela sentsibilizazioak: "Zaborrak arazo dira, arazo potoloa, eta norbera da sortutakoaren erantzule. Hori da ulertarazi behar dena".

Bosgarren edukiontziaren aldeko sinadurak jasotzen dabiltzala ere badaki Martinezek eta pozik dago: "Oso ondo iruditzen zait hori bultzatu gura izatea; sinatutako guztiek erabiltzen badute ez dago txarto!"

Zabor batze derrigortua

Martinez zinegotziak argitu du atez ateko zabor batzearekin esan gura dena: "Gaikako sistema derrigortua da, besterik ez, eta formatu asko daude; adibidez, atarteetan lekua izanez gero bertan jar daitezke edukiontziak".
Baina horrek kezka eragin duela ere badaki, bai kalean, bai kontseiluan elkartutakoen artean: "Aldaketa guztiek eskatzen dute esfortzua eta ulertzekoa da kezka, baina derrigorrez egin behar dugu zerbait ezarritako helburuak ez ditugulako betetzen. Zenbat hobeto borondatez lortuko bagenitu emaitzak, guztiok kontzientzia izanda… baina ez da hala".

Hala ere, argi utzi gura du abiapuntuan gaudela orain eta herritarrak behar bezala informatuko dituztela: "Komertzioetakoak ere lasai egon daitezela, informazio kanpaina bereziak egingo direlako".
Beste bi kontuk ere eragin dute eztabaida kontseiluan: sortutakoaren arabera ordaintzeak; eta era anonimoan uztea hondakinak edo identifikatuta. "Identifikatu barik jasoz gero borondatez egitea bezalaxe da, hortaz, ez dugu aurreratuko. Sortutakoaren arabera ordaintzea ostera, hobeto aztertu behar da", dio.

Ondoriorik esanguratsuenak

Hainbat ondorio jaso ditu kontseiluak bukaerako txostenean; garrantzitsuenak azaldu ditu Martinezek "Sistema guztiek dauzkate aldekoak eta kontrakoak, baina argi ikusi da jatorrian banatzea eta derrigortasuna oso garrantzitsuak direla. Eta horren inguruan sortutako liskarrak ez duela lagunduko uste dute elkartutako batzuek". Eta gaineratu du: "Bosgarren edukiontziak badu zentzua hasierako faserako, kontzientzia hartzeko, sailkatzen hasteko, baina guztiok egin ezean beste zerbait behar da". Era berean, kontzientziazioa eta heziketa derrigorrezkoak direla ikusi dute: "Zenbat eta informazio eta formazio gehiago jaso, orduan eta kontzienteago gara".

Autokonposta bultzatzen

Bestalde, norberak etxean konposta zelan egin eta horretarako edukiontzia jasotzeko bilera egin zuten eguaztenean, hilak 6, gurean. 20 lagun pasatxo elkartu ziren eta autokonpostaren gaineko argibide guztiak jaso zituzten, mankomunitateak antolatuta.

"Oso garrantzitsua da norberak konposta egitea, lortutako ongarria zaborraren ziklotik ateratzen dugulako; birziklatu egiten dugu eta ekonomikoki onuragarria da, gasturik ez duelako sortzen –garraiatu eta tratatu beharrik ez–", argitu du Martinezek. Eta gaineratu du atarteetako komunitateek konposta egitea ere badagoela, "horiek, gainera, hobaria izango dute". Autokonpostaren gaineko informazioa gura duenak deitu dezala 943 79 33 99 edo mezu bat bidali: debagoiena@debagoiena.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak