Amestutako denboraldiaren ostean, etxera.
Bai, urte osoa kanpoan egon eta gero gustura etortzen naiz etxera, hala egiten dut urtero. Familiakoekin egon, lagunekin, eta amaren lapikotik jan. Atsegin dut hemengo normaltasunera bueltatzea.
Non egon da Levanteren gakoa? Erakutsi duzue gaztetasunaren aurrean beteranotasunak ere balio handia duela.
Uste dut hasieratik izan dugula garbi zertara jokatu behar genuen, eta ez gara zoratu. Oso giro ona izan dugu aldagelan, eta, aurrean egonda ere, astero-astero begiratzen genuen zenbat puntura genituen jaitsiera postuak, hori zen erreferentzia. Ez gara puztu aurrean gindoazelako, berdin-berdin jarraitu dugu, eta azken bi hilabeteotan baino ez gara aurrera begira jarri.
Athletic moduko talde batek aurten egin duena ikusita, ederra izango da datorren denboraldian Levanterekin Europan jokatzea.
Bai, baina, aldi berean, ardura handia izan dugu. Oso argi daukagu Athletic gu baino askoz talde hobea dela, eta gure benetako borroka ligan dagoela, domekero lortu behar ditugula guk garaipen garrantzitsuak. Bestea sari bat da, baina kontuz ibili beharko dugu, Europan jokatu duten beste talde batzuek maila galdu dutelako: Vila-Real, bere garaian Celta... Eta guk ez dugu halakorik nahi.
Reala, Frantziako Tolosa, Albacete, Numatzia, eta orain Levante. Maletak gertu izan dituen jokalaria izan zara.
Sarritan esan dut izugarri gustatuko litzaidakeela Mikel Aranbururen, Agustin Arantzabalen edo Aitor Lopez Rekarte Bonba- ren moduan hamalau urtez Realean jokatzea, baina denendako ez dago tokirik, eta batzuek alde egin behar izaten dugu kanpora. Ezin duguna pentsatu da gipuzkoarrak izan arren Realean beti izango dugunik lekua, eta ezta futbola Realean amaitzen denik ere. Realetik kanpora ere posible da futboletik bizi izatea.
Esango nuke, baina, etengabe erakutsi behar izan duzula lehenengo mailako jokalaria zarela.
Hara eta hona ibili naiz, maila gorenean jokatzea ez delako batere erraza, baina beti izan dut garbi maila horretan jokatzeko gaitasuna banuela.
Egondako talde bakoitzetik zer azpimarratuko zenuke?
Reala nire etxea izan da, 12 urterekin hasi nintzen bertan, eta futbol jokalari moduan egin nintzen. Toulousen ez nuen askorik jokatu, baina lagun mordoa egin nuen, eta Albacete lehenengo mailara itzultzeko tranpolina izan zen. Banekien urte ona egiten ez banuen zaila izan behar zuela lehenengo mailara itzultzea, eta bigarrena batez ere oso urte ona izan zen. Numantziara joan nintzen handik, eta, duda barik, futbolean jokatzeko lekurik onena da hura: maila politean ibili nintzen, baina batez ere Sorian jendeaz izandako tratu ona azpimarratuko nuke, nire lehenengo talde bilakatu zen Numantzia. Eta Levante aukera ona izan da, maila gorenean jarraitzeko eta lehenengo mailaz gozatzeko lekua.
Zein denboraldi azpimarratuko zenuke?
Albaceten egin nuen bigarrena. 27-28 urte nituen, banekien lehenengo mailara itzultzeko oso denboraldi ona egin beharko nuela, azken aukera zela, eta zortea izan nuen. Albaceteko urteak ere balio izan zidan Soriara konfiantza handiaz joateko.
Zure kinta bereko Mikel Aranburuk dagoeneko esan du agur; erretiroan pentsatzen hasita?
Geroago eta gutxiago daude gure kintakoak maila gorenean, zahartzen ari garen seinale. Mikelek dagoeneko esan du agur, eta benetan jokalari garrantzitsua izan da Realarendako. Urte mordoa egin ditu etxeko taldean eta pena da, erreferentzia garbia izan delako askorendako. Eta bai, norberaren adinekoek futbola uzten dutenean konturatzen gara guri ere ez zaigula askorik geratzen [Barre]. Ea zorte apur batekin oraindik bizpahiru denboraldi egiten ditugun, eta ondoren etxerako bidea hartzen dugun.
Non hartu gurako zenuke erretiroa?
Egia esanda, Ingalaterrara joan nahi nuke, baina oraindik urtebeteko kontratua dut Levanterekin [Datorkion denboraldi garrantzitsuaren aurrean Valentziako taldeak ez du inongo asmorik Barkerori uzten joateko, berdeguneko erreferenteetako bat izan da-eta]. Uste dut futbola uzteko leku aparta dela Ingalaterra, kirol hori zelan bizi duten ikustea, futbol zelaiak beteta... Gerta daitekeena da, baina, Levantererekin kontratua amaitu eta Ingalaterratik eskaintza bakar bat ere ez jasotzea [Barre]; izan ere, horretan era asko aldatu da futbola.
-----------------
Hamar galdera
Ametsetako torneoa: Txapeldunen Liga.
Futbolak eman dizuna: Nire bizitza osoa izan da futbola.
Egindako gol ederrena: Numantziarekin Real Madril taldeari egin niona.
Eta garrantzitsuena? Gazte mailan, Munduko Txapelketan egin nuena.
Jokatzera kanpora joatekotan, nora? Ingalaterrara.
Ze taldek markatu zaitu gehien? Realak.
Bizi izateko leku bat: Donostia.
Gaur egun erreferente bat? Andres Iniesta.
Jarraitu duzu Aretxabaleta futbol taldearen denboraldia? Bai.
Etorkizuna futbolari lotuta ikusten duzu? Bada, ez dakit oraindik. Hor nabil, eta bi aukera ditut: entrenatzaile izateko lanean hasi edo bestelako ikasketak egin.