"Orain dute aukera herritarrek zabor batzearen gaineko iritzia bota eta hausnartzeko, eta guztioi eragiten digun kontua da", dio Lore Martinez ingurumen zinegotziak.
Kontseiluak lau bilera egingo ditu, eta euskaraz eta gazteleraz izango dira guztiak. Lehenengoa gaur da eta Josep Castelltort katalanak, hiri hondakinen kudeaketan 15 urteko eskarmentua duenak, bideratuko du saio hori: prozesuaren helburua zein den; saioen antolaketa zelakoa izango den; hondakinen kudeaketaren inguruko informazio orokorra…
Bigarren saioan Europako legediak zaborraren gainean dioena aztertuko dute: murrizketa; berrerabilpena; birziklapena; balorazio energetikoa; eta deuseztatzea. "Prozesu guztiaren gakoa hementxe dagoela iruditzen zaigu. Eta guk Aretxabaletarako helburuak ezarri beharko ditugu", argitu du Martinez zinegotziak. Hirugarren saioan zabor batze sistema ezberdinen gaineko informazioa emango dute: bosgarren edukiontzia, atez atekoa eta beste batzuk.
Eta laugarren eta azken saioan sistemarik eraginkorrena, hau da, "Aretxabaletarako ezarritako helburuak betetzeko zein sistema den egokiena" hausnartuko dute elkartutakoek. Txosten bat jasoko dute ondorioekin eta Udal ordezkariei bideratu. "Zinegotzi eta alkateak txosten hori kontuan hartuko dugu eztabaidatzeko orduan eta osoko bilkuran arrazoitu egin beharko dugu geure botoa", argitu du Martinezek. Atez atekoaren gaineko erabakia ekain inguruan egingo duen osoko bilkuran hartuko du udalbatzak.
Webgunean informazioa
Kontseiluak egingo dituen lau saio horietako informazioa Udalaren webgunean ere jasoko dute: www.aretxabaleta.com. "Informazio guztia eta bideoak jarriko ditugu, bilketa sistema ezberdinen gainekoa, Europako legediak dioena…", dio ingurumen zinegotziak. Eta bileretara joan ezin duten herritarrek ekarpenak ere egin ahal izango dituzte honako helbidean: ingurumena@aretxabaleta.net.
Hitzaldia eta Antzuolara bisita
Bestalde, herritarrak informatu guran hitzaldiak ere antolatu ditu Udalak. Hilaren 24an, eguena, gazteleraz izango da eta 31n, euskaraz; Arkupeko bigarren solairuan dira (18:30).
Atez ateko zabor batze sistema ezagutzeko Antzuolara bisitak egingo dituzte: maiatzaren 23an, eguaztena, merkatari, ostalaritza zerbitzuetako kide eta erretiratuendako izango da (14:30); eta 29an, gainerako herritarrendako (18:30). Autobusean joango dira eta debalde izango da.