Hondakinen gaineko hausnarketa herritarrekin batera egingo du Udalak

Irati Goitia 2012ko maiatzaren 11

Aretxabaletako Udalak hondakinen gaineko hausnarketa prozesua jarriko du abian herritarrekin batera. Horretarako hainbat ekimen egingo dituzte, besteak beste: hitzaldi informatiboak eta Antzuolara bisitak. Kontseilu bat ere eratuko dute herritarrekin.Aretxabaletako Udalak hondakinen gaineko hausnarketa prozesua jarriko du abian herritarrekin batera. Horretarako hainbat ekimen egingo dituzte, besteak beste: hitzaldi informatiboak eta Antzuolara bisitak. Kontseilu bat ere eratuko dute herritarrekin.

Hondakinen gaineko hausnarketa herritarrekin batera egin nahi du Aretxabaletako Udalak eta guztien artean erabaki zein den gaikako sistema eraginkorrena: "Aretxabaletan bagabiltza gaika biltzen dagoeneko bosgarren edukiontziarekin, baina jakin behar duguna da sistema eraginkorrena den edo ez" adierazi du Lore Martinez Ingurumen zinegotziak. 

Ana Bolinaga alkateak gaineratu du hondakinen arazoa larria dela, "Europatik datozen lege proposamenak kontuan hartzen baditugu zabortegiak epe laburrean itxi" beharko direlako.Eta gaineratu du: "Prebentzio, berrerabilpen eta birziklapen mailetan emaitza zehatzak lortu beharko direla laster".  Europatik ezarritako helburu horietara heltzeko, erabakiak hartzea beharrezkoa izango dela ere esan dute udal ordezkariek eta hori herritarrekin batera egin nahi dutela.

Hainbat ekimen

Horrenbestez, hausnarketa prozesua jarriko dute abian eta hainbat ekimen egingo dituzte. Batetik, informazioa emateko kanpina egingo dute eta lau hitzaldi egingo dituzte. Bestetik, bisitak ere egingo dituzte Antzuolara atez ateko sistema bertatik bertara ezagutzeko. Eta hirugarrenik kontseilu bat eratuko dute herriko eragileekin. Martinezek zehaztu du: "Guztiek izango dute aukera hondakinen kudeaketa sistemaren inguruko proposamenak aurkezteko". Helburua guztien artean adostasuna lortzea izango da eta emaitzak txosten batean batzea.

Kontseiluak lau saio egingo ditu eta bertan adostutako txostena udal ordezkariek kontuan izango dutela esan dute. Hala, Ana Bolinaga alkateak herritarrei kontseiluan eta beste ekimenetan parte hartzeko dei egin die, euren beldur eta kezkak argitzeko.

Egitaraua

Hitzaldiak: Aurkepen 16:30etan

  • Maiatzak 15ean eta 24an gazteleraz
  • Maiatzak 17an eta 31n euskaraz

Bisitak: Antzuolara atez atekoa ikustera

  • Maiatzak 23an, 14:30ean (merkatari, ostalaritzako kide eta erretiratuendako)
  • Maiatzak 29an, 18:30ean

Kontseilua: Arkupen 18:30ean

  • 1. saioa; maiatzak 18an: prozesuaren aurkezpena.
  • 2. saioa; maiatzak 25: zaborraren hierarkia Europako legedian.
  • 3. saioa; maiatzak 28: esperientzia ezberdinen berri emango dute.
  • 4. saioa; ekainak 1: analisia, ondorioak eta adostasuna.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak