EAJko kideek jakinarazi dute kirol etxearen kudeaketaren esleipena berandu eta gaizki kudeatu duela Udal Gobernuak: "Lehenik, gestioaren modeloaren gaineko desadostasunek prozesuaren hasiera atzeratu zuten. Ondoren, pleguak gertatzeko orduan gure ekarpenak ez ziren kontuan izan". Eta EAJk ezezkoa eman zien pleguei: "Kontratazio mahaian ez zegoen kanpoko aditurik, ekonomikoki eskatzen ziren garantiak eta hobekuntzak ezereztatuak izan ziren, eta, orokorrean, pleguak gutxi landuta zeuden. Gardentasun falta egon da, eta hori oso larria dela deritzogu".
Nahiz eta hutsuneak egon oinarriak gertatzerakoan bi proiektu serio aurkeztu zirela deialdira gaineratu dute, baina pleguek hutsune handiak zituztela: "Kontratazio mahaiaren erabakia hirukoaren aldekoa izanik (3-2), Aventori eskatu zaio beste balorazio bat. Aventoren erabakiak ere berriro pleguen ahuleziara garamatza; izan ere, Goiena Sport enpresari eman dio puntuazio handiagoa, baina hirukoaren proiektua hobea dela esan du".
Horren aurrean bi aukerak aztertu zituzten: "Abstentziora jo edo proiektu biak aztertu eta herriarentzat onena kontsideratzen dugunaren alde egin. Ezohiko bilkuraren atzerapena eskatu genuen EAJko bi zinegotziok parte hartu ahal izateko, baina hau ere ez ziguten onartu. Horren aurrean, abstentzioaren aldeko erabakia hartu zen". Eta garbi utzi gura izan dute prozesu honetan ez dutela ezer erabakitzeko aukerarik izan: "Guk egindako ekarpenak ere ez dira kontuan hartu; beraz, ez diezagula inork egoera nahasi honetan ez dagokigun erantzukizunik eskatu". Era berean, eskatu dute alkateak eta Udal Gobernuak azter dezatela zer egin den gaizki, "berriro ez errepikatzeko". Eta bukatzeko gaineratu: "Kirol instalazio punta-puntakoak izango ditugu, kudeatuko duen enpresaren seriotasuna ere bermatua dago; beraz, denok horren alde egin beharra dugu".
Aditu baten balorazioa
Udal gobernuak kiroldegi berriaren kudeaketa eredua integrala izatea erabaki zutenean lehiaketaren oinarriak gertatu zituen, eta abenduaren 12an egindako osoko bilkuran onartu. Oinarrietan hainbat aldaketa egiteko eskatu zuten Aralarko eta EAJko kideek; tartean, kontratazio mahaian aditu bat egotea eta kiroldegiari jarraipena egiteko sortzekoa den Jarraipen Batzordean Kirol teknikaria egotea. Ez bata eta ez bestea ez zituzten onartu, eta EAJk ezezkoa eman zien. Oinarri horietan puntu banaketa zehaztuta geratu zen: pertsonalaren kontratazioa, 50 puntu; antolaketa proiektua, 40 puntu; kudeaketa plana eta instalazioen mantentzea, 20 puntu; bideragarritasun plana, 20 puntu; eta hobekuntza proposamenak, 10 puntu. Kontratazio organoa, ostera, osoko bilkura izatea zehaztu zen.
Lehiaketa deia egin, eta bi enpresa aurkeztu ziren: Goiena Sport, batetik; eta LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatutako hirukoa, bestetik. Eta urtarrilean bi horien eskaintzak aztertzeko kontratazio mahaia osatu zuten honako kideek: Ana Bolinaga, alkatea (Bildu); Tomas Fernandez, Kirol zinegotzia (Bildu); Olaia Sagredo, Berdintasun zinegotzia (Aralar); Xabier Mendizabal, udal idazkaria; eta Juan Antonio Martinez de Agirre, diruzainak. Kontratazio mahai horren egitekoa zen bi eskaintzak baloratzea eta proposamen bat aurkeztea osoko bilkuran, udalbatzak onartzeko. Kontratazio mahaiko hiru kide hirukoaren alde agertu ziren eta bi, Goiena Sporten alde (Bildu).
Martxoaren 26an egindako osoko bilkuran ziren aurkeztekoak proposamen bat, baina alkateak jakinarazi zuen orduan "muturreko puntuazioagatik" aditu inpartzial baten balorazioa eskatu gura zutela, eta erabakia atzeratu.
Kirol aholkularitzan adituak diren hainbat enpresarengana jo zuten balorazio eske, eta, azkenean, Donostiako Avento hautatu. Hark hirukoari puntu gehiago eman zizkion hasiera batean, baina gero, Aventok balorazio txostena alderdiei aurkeztu zienean, hainbat puntu aldatu beharrean izan zen alkateak hala eskatuta, eta, ondorioz, Goiena Sport aurretik geratu zen. Hala ere, hiruko enpresaren alde egin zuen Aventok, Goiena Sportek puntu gehiago izan arren.
Horren ondoren, berriro bildu zen kontratazio mahaia proposamen bat aurkezteko osoko bilkuran, eta, aurretik legez, hiru kide hirukoaren alde agertu ziren eta bi Goiena Sporten alde. Hala, hiru enpresen arteko elkartea kontratatu edo ez jarri zuten mahai gainean apirilaren 24ko osokoan.
Bozketan bost aldeko boto
Bilkura hartan Aralarko hiru zinegotziek eta Bilduko bik –Edorta Mendieta eta Lore Martinez– LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatutako hirukoaren alde bozkatu zuten; eta Bilduko Ana Bolinaga alkateak, Tomas Fernandez Kirol zinegotziak, Zigor Quintanillak eta Maider Aizkorbek aurka; Jose Luis Martin, ostera, ez zen izan bilkuran. EAJko Mari Carmen Astigarraga abstenitu egin zen eta Mikel Uribetxebarriak ez zuen egoterik izan, Txinan zegoelako lan kontuengatik. Alderdi Sozialistako Ainhoa Sagarribai ere ez zen egon.
Tarifak "garestiak"
Zeinek kudeatuko duen jakin ondoren tarifen berri izan dute herritarrek, eta, kalean, "garestiak" direla diote askok: "Bi heldu eta bi ume dituenak 51,84 euro ordaindu behar ditu hilero; hortaz, pentsa urtean!".
Tarifa guztien berri eman eta abonatzeko egin beharrekoak argitzeko kanpaina abiarazi gura du Udalak lehenbailehen. Instalazioak erakusteko asmoa ere agertu zuten udal ordezkariek orain hilabete inguru, eta bisita gidatuak antolatzeko gertu azaldu ziren orduan. Hala ere, irekiera datarik ez du zehaztu.