Touriak eta Farizak bezala, horixe bera egiten ikasi dute Aretxabaletan bizi diren beste zortzi emakume etorkinek –Sahara, Peru, Bolivia, Kolonbia eta Kubako emakumeak–, eta Debagoienean jaiotako beste bik. Kultura arteko Formazioa izeneko bi hileko ikastaroa bukatu zuten joan den eguenean, ebaluazioa jaso zuten –denek oso ondo bete dute kurtsoa– eta orain hurrengo, programaren bigarren zatia egingo dute: ordaindutako hilabeteko praktikak 5 hilabete arteko umeak dituzten Aretxabaletako familiekin. Ordaindu, programak ordainduko dizkie; familiendako guztiz doako zerbitzua izango da.
Ekimen hori herritarrek sortutakoa da eta Udalak eta Caritasek diruz lagundutakoa. Helburu nagusia hauxe da: emakume etorkinei lan mundura sartzen laguntzea. Horrez gain, beste helburu batzuk daude: garbiketa zerbitzua estandarizatzea eta parte-hartzaileek kalitatezko etxe-garbiketa zerbitzua emateko gaitasuna garatu dezatela; horrez gain, emakumeon lana erakustea.
Egurrezko lurra garbitzen
Etxea zelan garbitu behar den jakiteko ikastaroa egin behar ote da, baina? Ez… baina bai. Horrekin konturatu zen Kultura arteko Formazio programaren sortzailea, Aretxabaletara ezkondutako Paloma Martinez mexikarra.
Izan ere, emakume etorkinekin harremanetan, arazo hau antzeman zuen: "Emakume etorkin askok etxeak-eta garbitzen lana topatzen zuten, baina askok galdu egiten zuten". Eta konturatu zen beste herrialde batzuetako ohituren eta hemengoen arteko desberdintasuna izan zitekeela arrazoietako bat. Horregatik, ikastaroan, garbiketa "hemen zelan egiten den" erakutsi diete emakumeoi.
Martinezek bere esperientzia bat kontatzen digu hori azaltzeko: "Hona etorri nintzenean ikusi nuen lehenengo aldiz egurrezko lur bat. Hasieran, neure etxean moduan garbitzen nuen: zoru-garbigailua eta ura hartu eta garbitu; senarrak esan zidan arte, horrela jarraituz gero, lurzoru berria beharko genuela".
Kultura desberdintasun horiek txikikeriak izan daitezke; baina, lanpostu baten kasuan, kontraste horiek kaleratzea eragin dezakete. Adibide gehiago ematen ditu Martinezek: "Saharan, ez dituzte hemen bezalako etxebizitzak; bestalde, ur gutxi dute eta ura oso baliotsua da. Saharako emakume batekin garaje bat garbitzen, ikusi nuen baldean oso ur gutxi zuela, eta erabilitako trapuak ur horretan garbitzen zituela. Urak txokolatea zirudien. Esan nion, hemen, ura aldatu egin behar dela".
Beste detaile batzuk daude: esaterako, Latinoamerikan, etxean berogailua izatea ez da batere ohikoa, eta etxea aireztatzeko ohiturak oso desberdinak dira; bestalde, material edo azalera bakoitzak bere produktu eta fibra egokia du, hondatu ez dadin…
Hori guztia erakutsi diete bederatzi emakume horiei: "Hemen zelan jokatzen den azaldu, eta euren herrian zelan egiten den galdetu diegu. Esan diegu modu bat ez dela bestea baino hobea; desberdinak direla, soilik. Baina, hemen lan egin gura badute, hemengo ohiturak ikasi behar dituztela", esaten du Paloma Martinezek.
Puntualtasuna
Bestelako eduki asko izan ditu ikastaroak, Paloma Martinezek laburtzen duen moduan: "Asko azpimarratu dugu lan-kultura: puntual izateak eta konpromisoak duten balioa, gizonezkoenganako eta emakumezkoenganako tratua… Kultura aldetik desberdinak garela konturatu ginen: hemen puntuala izatea funtsezkoa den bezala, beste kultura batzuetan ez; edo egia esatea munduko leku guztietan ez da gauza bera; edo bai edo ez esatea, hori ere aldatu egiten da kulturaren arabera".
Genero ikuspuntua izan da beste eduki garrantzitsu bat; horrez gain, gaztelaniazko eskola intentsiboak jaso dituzte bi emakumek.
Ikasgaiak zeharkako moduan eman dituzte: banan-banako tutoretzaren bidez, etxeko lanak bidalita… Emakume bakoitzaren lana berarekin bakarrik komentatu eta landu du Auria Iriarte tutoreak, etorkinekin eta bazterketa sozial arriskuan dauden pertsonekin lan egiten adituak. Bera ere borondatez inplikatu zen programarekin. Banan-banan egindako tutoretza saioetan komentatzen ziren ikasle bakoitzarekin bere aurrerapenak, zertan hobetu behar zuen esaten zitzaion…
"Elkartasunerako joera dugu"
Jende asko inplikatu da Kultura arteko Formazio programan; gehienek musu-truk egin dute lan guztia edo gehiena. Izan ere, Martinezek esaten duenez, "lortutako finantzazioarekin, ozta-ozta gastuak estali eta praktikak ordaintzeko adina" dute. Finantzaketa Aretxabaletako Udaletik etorri da, integrazioa helburutzat zuten programei laguntzeko diru partidatik. Horrekin nahikoa izango ez zutela ikusita, Caritasengana jo zuten antolatzaileek, eta elizaren erakunde horrek beste zati bat ipini du.
Antolatzaileen poza bi aldekoa da: batetik, ikastaroa bera eta formazio teknikoa "oso ondo" joan dira, eta emakume guztiek oso emaitza onak lortu dituzte; eta, bestetik, giza-esperientzia bikaina izan delako, Paloma Martinezek dioen moduan: "Emakumeok aurrera zelan egiten zuten ikusi dugu, eta ikasleek benetako taldea osatzen zelan joaten ziren: euren artean benetako laguntasuna sortu da, eta gaur egun, harremana dute". Hori azpimarratuz, Martinezen iritziz, "emakumeon artean elkartasuna sortzen da; emakumeok elkartasunerako joera dugu".
Esperientzia polita izan da ere antolatzaileondako eta irakasleondako: "Ilusio handia egin zien proiekturako eurak kontuan hartu izana. Eman behar zituzten eskolak gogo handiz prestatu zituzten, eta oso pozik daude emakumeokin. Ondorioz, irakasleok ere boterea hartu dute".
Irakasleok denetariko jatorrikoak izan dira: Euskal Herrian jaiotakoak zein kanpotik etorritakoak. Hori beste balio bat izan da formazio programarako: adibidez, Lan-Kultura saioak hemen 20 urte daroan kolonbiar batek eman ditu; Garbiketa Teknika saioak, Arrasaten bizi den emakume marokoar batek; eta aretxabaletar batek ere eman ditu eskolak. Martinezi "ezinbestekoa" iruditzen zitzaion Lan-Kultura kanpotik etorritako emakume batek erakustea, "bertako batek jakintzat emango zituzkeelako gauza asko; kanpotarrak, aldiz, kultura-aldaketaren esperientzia bizi izan du".
Lanerako atea, zabalik
Ebaluazioa bukatuta, orain praktikak egitea falta da. Horretarako, familiek izena ematea ezinbestekoa zen. Deialdia egiteko, komunikabideetara jo zuten, eta, batik bat, emaginarengana; hark ematen zien umea izan behar zuten familiei aukera horren berri. Erantzunak harritu egin ditu antolatzaileak: "Nik ez neukan zalantzarik familiak gertu egongo zirela; baina komentarioak heldu zitzaizkidan, Aretxabaleta herri itxia ez ote zen… Baina 12 familia dauzkagu 9 emakumerendako. Dei bakoitzarekin, Carmen, lankidea, hunkitu egiten zen. Telefonoz esaten genien nazionalitate askoko emakumeak zeudela, eta inork ez zigun trabarik ipini, pertsona zintzoa eta saiatua bazen, berdin zitzaiela nongoa izan".
Ume jaioberriak dituzten familiengana zuzendu dira, antolatzaileen ustez, hasierako hilabete horietan egoten delako ama izan den emakume hori "bereziki laguntza premian" eta etxeko antolaketa "hankaz gora" geratzen delako. Hilabetean, guztiz doan, emakume baten laguntza izango dute. Eta, hilabete hori pasatuta, familiak langile horrekin gustura badaude, atea zabalik izango dute berau hartzeko.