Arritxu Oliden: "Momentu txarrak bizi izan nituen, baina asko disfrutatu nuen alkatetzan egon nintzenean"

Mirian Biteri 2012ko ots. 1a, 16:07

Alkatetzara heldu zenean Aretxabaletan gabezia handiak zeudela gogorarazi du Arritxu Oliden jeltzaleak. Bada, herriak oraindik ere beharrak baditu ere, 2003tik 2007ra bitartera gabezia horiei irtenbidea emateko "oinarriak" jarri zirela uste du.

Nolatan sartu zinen politikan?
Gure etxean politika beti bizi izan da asko, gure aita alderdian sartuta egon da betidanik. Ni ere nahiko gazte sartu nintzen alderdian; beti ibili naiz eta segituko dut horretarako grina izaten.

Zer eman zizun profesionalki eta pertsonalki alkate izateak?
Pertsonalki, oso aberatsa da, asko ikasten da, jendea ezagutzen da, gauza onak eta txarrak ikusten dira, gatazkak gainditzen eta kudeatzen ikasten da... Profesionalki, aberasgarria izan daiteke, eta baita kontrakoa ere. Lanpostua edukita eta bueltatzeko aukera izanez gero, oso ondo; hori ez zen nire kasua. Laguntza baino gehiago, oztopo izan zen. Hutsune handia izan dut: alkatetza utzi eta gero, denbora luzea egon nintzen ezer egin barik; baina, azkenean, lortu nuen bideratzea.

Nola gogoratzen dituzu alkatetzan emandako lau urte haiek?
Oso oroitzapen ona daukat. Momentu txarrak ere izan banituen ere, asko disfrutatu nuen.

Zeintzuk izan ziren abian jarritako proiektu esanguratsuenak?
Gauza politak egon dira: kultura etxea eta zaharren egoitza. Plaza berritzeko eta tunela egiteko proiektua ere garai hartakoa da, baita ingurunea oinezkoendako egiteko egitasmoa ere. Gero, parte-hartze prozesua abian jarri zen kirol etxeko proiektuaren inguruan. 

Zein duzu gustukoena?
Kultura etxea eta zaharren egoitza. Kultura etxea, beharra zegoelako eta nahiko denbora egin genuelako gabezia horrekin. Bestetik, zaharren egoitza oso proiektu berritzailea zen. Kooperatiben inguruko antzeko egitasmorik ez zegoen; berritzailea izateaz gain, ona ere izan zen. Gabezia handia zegoen arlo horretan ere. Alkatetzara heldu ginenean, hainbat gabezia handi zegoen kultura eta gizarte inguruan, eta oraindik ere badaude, beti daude-eta erronkak udaletan. Baina gabezia horiei irtenbidea emateko oinarriak jarri genituela uste dut.

Eta ze proiektu izan zen gaitzena aurrera eramateko?
Zaharren egoitzarena. Buruhauste handiak eman zizkidan, ez zegoelako adostasunik Udalean; pertsona askorekin berba egin behar izan nuen. Konplexua zen, Diputazioa, alderdi politikoak, kooperatibak-eta zeudelako.

Nola ikusten duzu gaur egungo Aretxabaleta?
Garai hartan ez zegoen behar garrantzitsua dago egun: krisialdia. Horri erantzuna emateko beharra ikusten dut; hori da garrantzitsuena. Hor dago industrialdea eta langabezia. Horri bultzada eman behar zaio, samurra ez bada ere. Industrialdeari erakunde guztietako laguntzekin eman behar zaio bultzada; Oñatirekin batera, lehenetarikoa izan zen. 30 urte inguru pasa dira ordutik eta proiektu berritzailea egin behar da horren harira.

Zerbait falta zaio herriari?
Gure garaian, auditorium handia egin nahi genuen. Baina egun, ezin da horretan pentsatu, eta ez dut uste beharra dagoenik ere.

Amaitu aurretik, Udalera bueltatuko zinateke?
Oraingoz, ez. Baina etorkizunean, agian bai. Gastatu egiten du, bereziki, ardura edukita, tentsio handia dago; baina poztasunak ere badaude. Proiektuak aurrera doazela ikusita, pozgarria da, Aretxabaletaren onerako delako. Udalean daudenei animoak bidaltzen dizkiet.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak