Bengoa harategia itxi egingo dute, familiaren ogibidearekin bukatuz

Irati Goitia 2011ko abe. 23a, 11:44

Durana kalean duten harategia ixtea erabaki dute Juan Ramon Bengoak eta Mari Jose Armendarizek. Dendaren itxierarekin harakin familia oso baten ibilbidea amaitzera doa.

Aitarengandik oinordekotzan hartu zuen Juan Ramon Bengoak harategia, baina bere aitak ere anaia-arrebengandik jaso zuen lekukoa. Izan ere, aitaren anaiek izan zuten aurretiaz Aretxabaletako Durana kalean dagoen harategia; arreba, berriz, Gasteizko harakin batekin zegoen ezkonduta, eta arabarrak erakutsi zizkien sekretu guztiak bengoatarrei. "Hortik hasi zen gure ogibidea", azaldu digu Bengoak.

Beraz, harakin askoko familia izan da eurena. Aipatutako Bengoaren izeba-osabek sei harategi izan zituzten Gasteizen, eta amaren aldeko beste osaba batek beste bat Eskoriatzan. "Nire amaren anaiak ere nire aitarekin ikasi zuen ofizioa eta Eskoriatzan izan zuen denda", azaldu digu.

Egun, Juan Ramon da harategia duen bakarra; beste guztiek itxita dituzte eurenak. Ondorioz, berarekin amaituko da familiako ohitura. "Pena ematen dit denda ixteak, baina semeek ez dute jarraitzerik nahi. Ikusi dute ordu asko sartu beharreko lana dela eta ez dute horrelakorik nahi".

Urte berriz, bizi berri

Hemeretzi urte zituenean hasi zen Bengoa aitari laguntzen dendan. "Orduan ez zitzaidan hain gogorra egiten, sasoia ere hobea genuen-eta" dio. Berrogeita bost urte egin ditu bertan lanean eta Armendariz emaztea izan du lagun. Orain, erabaki dute nahikoa lan egin dutela. Hala ere, Bengoak erdi txantxetan esan digu: "Nik neuk ez nuke itxiko, baina behartuta nago, emazteak ixtea nahi du-eta". Armendarizek nahi izanez gero bakarrik jarraitzeko erantzuten dio senarrari. Hori ordea, zail ikusten du Bengoak. Harategia ixtean, afizio berri bat bilatu beharko duela esan digu.

Gabon ostean itxiko dute

Egunotan bezero asko hurbildu zaizkie itxierarengatik galdezka. "Broma zalea naizela esan eta ez didate sinesten. Harategian hilko naizela esan didanik ere bada" esan digu Bengoak. Baina sinetsi edo ez, errege ostean bezeroek itxita aurkituko dituzte bengoatarren ogibidearen azken lekukoa den harategiko ateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak