Ramon Eraña: "50 urteak ospatzeko Hiru Handiak eta Behobia-Donostia egin nituen"

Irati Goitia 2011ko ira. 20a, 12:10

Zaletasun asko dituen gizona da Ramon Eraña aretxabaletarra. 61 urte ditu eta martxoan erretiro aurreratua hartu zuen. Ordutik hona, gehien gustatzen zaizkion gauzak egiten ematen du denbora: mendian ibili, korrika, txistua jo, eta zer ez... Hark dio obrei begira egotea baino, hobe dela "okupatuta" bizi izatea. Dituen zaletasunen gainean jardun dugu harekin.

Gustura erretiratu zara?
Bai, baina oraindik ez diot guztiz martxa hartu. Ez dut ohitzeko denborarik izan. Batzuetan, denbora faltan ere izaten dut.

Zer egiten duzu, bada?
Orain, asko joaten naiz mendira. Adibidez, joan den astean birritan izan nintzen Aizkorrin. Degurixa aldea ere gustuko dut. Korrika ere egiten dut. Astean birritan Urkulura joaten naiz antxintxika egitera. Atletismoa asko gustatzen zait. Entrenatzaile lanetan ere ibilia naiz Almenen gaztetxoenekin. 15 bat urte aritu nintzen horretan. Herri lehiaketetan ere parte hartutakoa naiz; adibidez, Behobia-Donostian.

Zeure 50 urteak ere modu berezian ospatu zenituen.
2000. urtean egin nituen 50 urte, eta, hori ospatzeko, lehenik, Hiru Handiak txapelketan hartu nuen parte eta gero, Behobia-Donostian korritu nuen. Nire bi zaletasun nagusiak uztartu nituen: media eta korrika egitea.

Sahararako martxan ere hartu zenuen parte. Ez da horrela?
Bai. Martxa Berdea Saharan sartu zenetik 25 urte bete zirenean egin zen martxa hori lehenengoz eta gu lehen edizio hartan izan ginen. Aretxabaletatik bi joan ginen eta beste hiru Bilbotik. Nik hamar kilometro bakarrik egin nituen; tenperaturak asko zailtzen du proba. Desertuan korritzea berezia izan zen. Oso esperientzia polita izan zen eta bertako familien harrera, bikaina. Orduz gero izan dugu harremana eurekin. Materiala bidali izan diegu;  adibidez, eguzki plakak. Iesbaa elkartekoek jana biltzeko egiten dituzten kanpainetan ere lagundu izan dugu bertara joandakook, eurek eskatuta. Horretaz gain, urtero antolatzen dugu lasterketa bat herrian.

Sahararen alde nahiko egiten dela uste duzu?
Guk bidaltzen dieguna ez da nahikoa izaten. Gobernuei presio handiagoa egin beharko litzaieke, maila altuagoan lan egin dezaten. Oso garrantzitsua deritzot sahararren egoeraz jabetzeari eta kontzientzia hartzeari.

Odol emaileen herriko arduraduna ere bazara.
11 urte daramatzat arduradun moduan. Horrek ez dit lan handirik ematen: unitate mugikorra datorrenerako gauzak antolatu,  komunikabideetara deialdiak bidali eta batzarretara joan. 18 urterekin hasi nintzen odola ematen eta ordutik hona, ez naiz gelditu. Uste dut 1.000 bat ateratze eginak izango ditudala.

Kasu honetan, gizartea kontzientziatuta dago?
Ez dakit, nik ikusten dudana da odola ematera batez ere adindun jendea joaten dela. Aretxabaletan, behintzat, 40 urtetik gorakoak dira joaten direnak; 18 eta 30 urte bitartekoak dira falta direnak. Nik uste dut jendea badela kontziente odola ematearen garrantziaz, baina erosotasunagatik ez dela joaten. Zeren beldurra izatearena, nire iritziz, aitzakia baita; erosotasunagatik da.

Azkenaldian txistua jotzen hasi zarela uste dut.
Dantza taldean ere aritutakoa naiz, bai dantzan eta baita txistua jotzen ere. Neure aldetik ikasi nuen txistua jotzen, dantza taldean beharra zegoelako. 20 urte inguru ibili nintzen eta gero utzi egin nuen, baina orain berriro hasi naiz. Izan ere, urriaren bederatzian, txistulari eguna egin behar da Aretxabaletan eta bertan parte hartzeko deitu didate. Hala, berriz hasi naiz praktikatzen. Esfortzua egiten nabilenez, gero jarraitu egingo dut.

Erretiroa beste zerbait egiteko aprobetxatuko duzu?
Bidaiatzea oso gustuko dut eta orain gehiago bidaiatuko dut. Datorren urtean Indiara joateko asmotan nabil; ondo antolatu nahi dut guztia. Baina hurrengo bidaia urrian izango da, La Palmara; hango ibilaldi batzuk egitera goaz, mendira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak