Anjel Bergaretxe: "Udalbiltza sortu zenean, alkate nintzen eta une historiko bat bizi izaten nenbilela sentitu nuen"

Irati Goitia 2011ko ira. 7a, 16:00

Gazterik murgildu zen Anjel Bergaretxe aretxabaletarra politika kontuetan, 21 urte zituela.

Nolatan sartu zinen politikan?
Zerbait egiteko premia sentitzen nuen eta erabaki nuen pauso bat eman behar nuela. Horregatik, militatzen hasi nintzen 1983an.

Zein zen zure egitekoa orduan?
Hasieran, HBko komitean ibili nintzen eta gero kargu ezberdinak hartzen joan nintzen; diruzaina izan nintzen, eta baita komiteko arduraduna ere. Lehenekoz, 1987an joan nintzen zerrendan, baina azken postuan. [Barre] Hautagai serio 1995ean, zerrendaburu joan nintzen. Indar bozkatuena izan ginen, baina ez nintzen alkate izan. Izan ere, EAJ, EA eta PSOE-EEk akordioa egin, eta EAJk eskuratu zuen alkatetza.

Akordio hura nola hartu zenuten?
Dezente haserretu ginen, baina aurkeztu ginen herriaren alde lan egiteko eta hori jarri genuen gainetik. Horrela, Gobernuan ere sartu ginen EAJ eta EArekin.

Nolakoak izan ziren lau urte haiek?
Udalean aritzen nintzen lehenengo aldia zen eta asko ikasi nuen. Euskara batzordean eta Gobernu batzordean ibili nintzen. Agintaldia, baina, ez genuen Gobernuan bukatu. Batzokiak eraso bat jasan zuen eta Gobernu batzordetik bota gintuzten. Horrenbestez, azken bi urteetan oposizioan izan ginen.

Ostean, EH siglekin aurkeztu zinen?
Bai, eta berriro izan ginen zerrenda bozkatuena. Orduan alkatetza ere eskuratu genuen. Oso garai bereziak izan ziren, orduantxe zegoen martxan Lizarra-Garazi eta esperantzaz betetako sasoiak izan ziren. Agintaldia hasi eta berehala, Udalbiltza ere sortu zen eta hori niretzat oso hunkigarria izan zen. Garai historiko baten protagonista nintzela sentitu nuen.

Zein izan zen agintaldian gauzatu zenuten proiektu nagusia?
Askotan egoten da tentazioa agintaldi bakoitzean gauza ikusgarriren bat egiteko, baina guk ez genuen horrelako asmorik. Niretzat garrantzi berezia izan zuena Durana 13 berritzea izan zen [bertan Atzegiko pertsonak bizi dira]. Izan genituen zailtasunak, baina orain, pertsona horiek ikusten ditudanean, merezi izan zuela jabetzen naiz. Bestalde, Urkulura eginiko bidegorria ere aipatuko nuke. Izan ere, garai hartan egin izan ez balitz, akaso egin ere ez zen egingo. Beste alderdi batzuek beste interes batzuk zituzten gune horretarako.

Gero ilegalizazioak etorri ziren.
Bai, agintaldian bertan legez kanpo gelditu ginen eta ondorengo urteetan zalantzaz beteta ibili ginen. Nik parentesi bat egin nuen politikan eta 2007an itzuli  nintzen berriro ANVrekin. Orduan ilegalizaio selektiboagoak egin zituzten eta tartean gure zerrenda utzi zuten legez kanpo. Hala ere, indar bozkatuena izan ginen. Argi geratu zen herriak gu hautatu gintuela eta beste alderdiekin akordioak egiten saiatu ginen legearen zirrikituak baliatuta, ordezkaritza lortzeko, baina azkenean ezerezean gelditu zen. Uste dut azken bi agintaldiak tristeak izen direla, besteak beste, ilegalizazioengatik.

Egun, jarraitzen duzu politikan?
Nire burua ez dut identifikatuta ikusten legeztatuta dauden inongo alderdi politikorekin.

Zer eskaini dizu politikak?
Politikak gauzak aldatzeko eginiko ahaleginaren poztasuna ematen dizu, baina niretzat Udalean jardutea izan da garrantzitsuagoa. Batez ere alkatetzan egon nintzenean jendearekin lortu nuen harremana da baliotsua niretzat; inoiz berba egin gabeko lagunekin hitz egiteko aukera eman zidan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak