Zaratak, argia eta uhinak aztertu dituzte ikasleek

Mirari Altube Arrese 2011ko mai. 11a, 17:24

Kurtzebarri eskolako ikasleek zaratek, argiak eta uhin elektromagnetikoek sortutako kutsadura aztertzen jardun dute azken hilabeteotan Eskola Agenda 21 egitasmo barruan, eta orain udaletxean aurkeztu dute egindako lana. Inaxio Garro alkateari eta Joxe Anjel Antxia Ingurumen zinegotziari eman dizkiete azalpenak  eta herriko egoera hobetzeko ekarpenak egin.

Lehen Hezkuntzako ikasleek, 6 eta 12 urte artekoek, zarata aztertu dute batetik, eta gunerik zaratatsuenak identifikatu: errepidea eta obrak. Gainera, herritarren %60k arazotzat du, lo egiten uzten ez dietelako eta horren gaineko araudia eskatu dute. Bestetik, argi kutsadura ikertzen jardun dute, eta ondorioztatu farola egokiak jartzeko ahalegin handia egin duela Udalak.

DBHko ikasleek, 12 eta 16 urte artekoek, zarata eta argiarekin batera uhin elektromagnetikoen eragina aztertu dute. Egunero erabiltzen dituzten tresna askok uhinak zabaltzen dituztela konturatu dira eta horien eragina murriztea guztion esku dagoela ondorioztatu.

Hala bada, hainbat konpromiso hartu dituzte ikasleek kutsadura horiek guztiak murrizteko: zaratari dagokionez: garraio publikoa erabili; oihu gutxiago egin eskolan, etxean…; argiari dagokionez, behar denean isiotzea bakarrik; eta uhinei dagokienez, poltsikoko telefonoa eta wifia gutxiago erabiltzea…

Udalari ekarpenak

Herriko egoera hobetzeko, ostera, hainbat ekarpen egin dizkiote Udalari. Zaratari dagokionez: autobidean panelak jartzea; eskola aurreko zirkulazioa desbideratzea; jaietan musika baxuago jarraraztea… Argi kutsadurari dagokionez: farolak eguzki energiaz horni daitezkeen aztertzea. Eta uhinei dagokienez: informazioa zabaltzea; prebentzioa bultzatzea; wifia ordez kablea bultzatzea…

Ekitaldia bukatu aurretik aparteko eskaera egin diote Kurtzebarriko kideek Udalari: jolasleku duten Iturrigorri pilotalekuan usoekin dagoen arazoa konpontzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak