Nolatan iritsi zinen Aretxabaletako alkate izatera?
Coprecin nengoen orduan lanean, presidente eta ikerketa arduradun. Proposatu egin zidaten eta baiezkoa eman nuen. Demokrazia sartzekoa zen eta independentea nintzen, beste asko bezala. Herriaren alde lan egiteko sartu ginen. Hasten genbiltzan eta ni oso gaztea nintzen, 32 bat urte izango nituen.
Nolakoa zen garai hartako Aretxabaleta?
Oraindik gogoratzen naiz sartu nintzenean Udaleko aurrekontua 19 milioi pezeta zela eta sei funtzionario zituela: idazkaria, idazkariordea eta lau udaltzain. Oso baliabide gutxi zituen. Baina aurretik egondakoak hurbilekoak ziren; frankismoaren azkenengo urteetan, nahiko jende egon zen bailaran. Baliabide gutxi izanda ere, ondo irten zen.
Nola gogoratzen dituzu alkatetzan egindako urteak?
Oso onak izan ziren. Gaztea nintzen eta lan egiteko gogoa nuen. Ordutik kanpo egiten genuen lan; enpresa bateko gerente ere banintzen. Zapatuetan ere udaletxera etortzen ginen eta nire seme txikiak ikusten nituen leihotik. Lan asko egin genuen. Nabarmentzekoa da marka ezberdinetako jende artean geneukan ulermena. Oso aberasgarria izan zen eta gauza askorekin protagonista sentitzen naiz; herriko aita moduan geratu naiz.
Zu alkatetzan hasi zinenean Urkuluko presa berria zen eta urarekin arazoak izaten zenituzten, ezta?
Hala da. Uda iristen zenean ur barik geunden. Beti ibiltzen ginen nondik atera aztertzen. Hasi ginenean Urkuluko presa berria zen eta urtegia betetzen ari ziren; hango ura lokatzez beteta heltzen zen etxeetara. Gero, araztegia egin zuten eta konpondu egin zen arazoa; baserriendako biltegi txikiak ere jarri genituen. Oso proiektu garrantzitsua izan zen. Naturarekin lotutako aisialdigunea ere egin nahi genuen; orain, antzeko zerbait egiten hasi dira.
Bestalde, industrialdeak jarri zenituzten martxan, ezta?
Bai. 80ko hamarkada hasieran, lautik bat langabezian zegoen. Gu sartu ginenean lehenengo kezka lana zen. Oso baliabide gutxi genituen eta ez genekien horri zelan eman buelta. Horren harira, beste herrialde batzuetan martxan jarritako esperientziak ezagutu genituen; tartean, industrialdeak sortzearena. Industrialdeak sortzea bururatu zitzaigun, eta Aretxabaletakoa eta Oñatikoa izan ziren Euskadiko lehenak. Denbora luzea pasa da, eta, krisia dela-eta, gure herriko ekonomia gutxitzen hasi da. Ostera ere berpiztu beharra dago.
Ze beste proiektu jarri zenituen martxan?
Saihesbidea bera egin zuten. Oso proiektu inportantea izan zen, eta herri guztia aldatu zuen. Osasun etxea ere garai hartakoa da; orain, berria egin behar dutela diote, eta daukaguna Euskal Autonomia Erkidegoan egindako lehenetarikoa izan zen. Esan bezala, hasten genbiltzan eta egunero proiektu berri bat egiteko aukera zegoen. Ilusioa geneukan, eta hori berreskuratu behar da; ostera ere egin daitezke gauzak.
Anekdotaren bat?
Bai. Lauzpabost urtean hiru udaletxe ezagutu nituela: Herriko Plazakoa, udaletxe zaharra eta egungoa. Azken horren harira, gogoratzen naiz herriko ondarea berreskuratu nahi genuela eta Otatzu familiarekin negoziatu genuela oraingo eraikinaren erosketa; niretako Udala etxea bezala da, eta oraingo udaletxea berritu egin behar da.