Mikel Uribetxebarria, EAJren Aretxabaletako hautagaia: "Hurrengo urteotarako eredu ekonomikoa definituko dugu"

Mirari Altube Arrese 2011ko api. 4a, 10:00

Lehenengoz aurkeztu da alkategai baina badu Udal jardunaren berri, izan ere, 2003-2007 agintaldian zinegotzi eta gobernuko kide izan zen. 43 urte ditu eta Cegasa Taldean egiten du lan, Gasteizen. "Kudeaketa zorrotz eta eraginkorra" bermatzeko datorrela dio eta hurrengo urteotarako eredu ekonomikoa definituko duela.

Soslaia

Aretxabaletarra da eta gaur arte beti bertan bizitakoa. 43 urte ditu, ezkonduta dago eta 8 eta 6 urteko bi seme-alabaren aita da. Ingeniaritza tekniko ikasketak egin zituen Arrasaten eta Cegasa Taldean egiten du lan, Gasteizen, proiektu zuzendaria da bertan. Euskarari lotuta egon da hainbat urtetan; izan ere, Aretxabaletako Komunikabideak-Loramendi elkarteko presidente izan zen 1998-2000 artean, eta Atxabalta Telebistaren sortzailea. Goienaren sorreran ere egon zen 2000. urtean.

Zelan animatu zara EAJ-ren zerrendaburu izatera? 

Herriaren alde lan bat egiteko eskaera egin didate eta Aretxabaletari hori zor diodala uste dut. Zerrenda-buru izateak erantzukizun handiagoa eskatzen du, baina atzean talde sendoa daukadala ikusirik animatu egin naiz.


 Udal jarduna ezagutzen duzu zinegotzi izan zinelako 2003-2007 agintaldian; ze oroitzapen duzu? 

Hasiera gogorra izan zen egoera politiko nahasia zela eta. Gerora lanean gustura egon nintzen eta azken urtean Gobernu batzordean parte hartu izana aberasgarria izan zen. 

Aretxabaletarrei zer eskaini gura die EAJ alderdiak?

EAJk agintea izan duen agintaldietan Udala kudeatzeko eta proiektuak aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi du. Berme edo garantia horixe bera eskaini nahi diogu agintaldi berri honi, are gehiago bizi dugun egoera sozio ekonomiko konplikatu honetan. Kudeaketa zorrotz eta eraginkorraren bermea, alegia.


Egoera ekonomikoak asko kezkatzen zaitu eta horri heltzeko gertu agertu zara. Zein asmo dituzu?

Dauden lanpostuak mantentzea eta berriak sortzea da helburua. Langabeziari aurre egin behar zaio. Hurrengo urteotarako nahi dugun eredu ekonomikoa (industria, nekazaritza, zerbitzuak…) definitzera goaz.

Lan horrek, Udal eta herriko agente ekonomikoen arteko elkarlana eskatzen du, beharrak identifikatu eta baliabideak ahalbidetuko dituena. Gainera, hezkuntza profesionalak behar hauekin lerrokatuta egon behar du.

Egoera ekonomikoak asko baldintzatu du azken bi urteotan Udalaren jarduna (inbertsio gutxi, murrizketak…). Nondik jo beharko litzatekeela uste duzu?

Gastua zorrotz kontrolatu beharra daukagu. Hortik aparte inbertsioetarako kanpo finantziazioa bilatu beharra dago. Eta proiektu berritzaileak diren heinean errazagoa izango zaigu finantziazio hauek bilatzea.


Langabeziak gero eta gehiago kezkatzen ditu herritarrak. Zelan lagundu langabeei gurean?

Aktibitate berriak sortuz edota Aretxabaletara erakarriz. Herriko enpresekin eta agente ekonomikoekin elkarlana beharrezkoa da. Azkenik udaletxetik kontratazio zuzenak eginez herrian dauden mantentze lanak burutzeko.

Hirigintza ikuspegitik, zelan ikusten duzu Aretxabaleta? 

Herri erosoa da, adineko, gazte, ume edo gurasoentzako. Azken bi hamarkadatako apustua izan zen eta bizi kalitate hori ez dugu galdu behar. Detaile txikiak zaindu behar dira etengabe eta horrek lan egiteko eta planifikatzeko gaitasunarekin dauka zerikusia.

Kirol etxearen proiektua bukaera eman ondoren, herriko mantentze eta konponketa txikien kudeaketa hobetu nahi dugu.

Eta ingurumena zaindu beharra dago?

Noski, ingurumenean eragiten duten aspektuak landu beharra dago: hondakin, energi kontsumoa eta ur kontsumoan izan nahi dugu eraginkor. Hondakinen kasuan hauek gutxitzeko programak martxan jarriko ditugu neurri zehatzak proposatuz eta hondakinen bilketari dagokionez, 5. edukiontzia bultzatuko dugu.

Herriak badauzka nahiko baliabide kultur eta ingurumen esparruetan benetako kultur turismo kontzeptu bat garatzeko eta gure proposamenak ildo honetatik bideratuko ditugu, beti ere herria biziberritzeko asmoarekin.


Hortaz, kulturan eraginkorra izan gura duzu?

Kultur etxea eta kirol etxearen kudeaketa eraginkorra eta jasangarria lortu behar dugu. Udalaren eta kultur-kirol elkarteen arteko elkarlana bultzatuz, norberak bere rol-a mantenduz baina baliabide eta programak adostuz. Aisialdi, kultur eta kirol ekintzaile eta elkartegintzarekin harreman marko bat jorratzeko plangintza eduki badaukagu.

Kiroldegi berriaren inbertsioak azken bi Udal aurrekontuak baldintzatu ditu. Zer iritzi duzu? 

Kirol etxe berria guztiz beharrezkoa den instalakuntza dela deritzot. Eraikin hau epe luzerako proiektua da eta aurrera begirako beharrak ase behar ditu. Orain gure esku dago kudeaketa eraginkor eta jasangarri bat lortzea.

Krisi sasoian gizarte ongizatea ere zaindu beharra izaten da, ala?

Krisialdi garai honetan, laguntza sozialek herritarren beharrei erantzun behar die. Nagusienei dagokienez azterketa sakon bat egin nahi dugu, beraien beharrak aztertzeko eta behar horiei erantzuna emateko.


Euskararen inguruan lan egindakoa zara zu, zelan ikusten duzu orain arlo hori?

Euskararen ezagutzan baina batez ere erabileran zentratu behar dugu. Bertako euskalkiaren aberastasuna galtzeko arriskua daukagu, eta honetarako mintzalaguna bezalako programak egokiak dira. Gure herria eta euskara berreskuratzeko, ikerketa eta transmisioa gakoak dira.

Eta auzo eta baserri inguruko beharrei zelan erantzun?

Auzoen beharrei, herriko beste arazo guztiei bezalaxe, azkar erantzun behar zaie. Bestalde, auzoek eta herriak lotura handiagoa behar dute bi direkziotan eta horretan lan egiteko konpromisoa daukagu.


 

Zer da herrian gustukoen duzuna?

Tamaina aproposa daukan herria da, lasaia eta erosoa eta naturaz disfrutatzeko ez dago mugitu beharrik. Nahi adina daukagu Aretxabaletan eta mantendu egin behar dugu.

Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Aste bukaeretako giro eskasa.

Zelako herria gurako zenuke izatea Aretxabaleta?

Langabeziarik gabeko herria, ekintzailea, solidarioa eta besteenganako eta ingurumenarekiko errespetua duen herria. Auzolanean oinarritutakoa, alegia.   

Alkate izendatuz gero, egingo duzun lehenengo gauza zein da? 

Herriko talde eta eragileekin hasierako kontaktu bat eduki.

 

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Duda barik, Kurtzebarri mendia.

Herritar bat: Modu batean edo bestean herrian inplikatu den edonor. Ezingo nuke bat aukeratu.

Pertsonaia historikoa: Galartzako Jauntxoa.

Telebistako saio bat: ETB-ko pilota partidak.

Irakurri duzun azken liburua: Hautsi da katea; Sara izan zen lekuko (Toti Mtez. de Lezea).

Irakurtzen dituzun egunkariak: Goiena papera eta Noticias de Gipuzkoa.

Interneten zertan ibiltzen zara? Bai: berriak eta eguraldia irakurri, erosketak egin, posta elektronikoa kontsultatu, aurrezki kutxako eragiketak, informazioa bilatu...

Ze webgune bisitatzen duzu? Euskalmet.net, eitb24.com, Goiena.net, Yahoo.com, aurrezki kutxakoa, GipuzkoaKultura.net, erosten ditudan produktuenak...

Sare sozialetan ibiltzen zara? Ez. 

Ikusi duzuen filma bat: Tiempos modernos (Charles Chaplin).

Abesti bat: Benito Lertxundik abestutako Euskal Pizkundea.

Mania bat:  Ez naiz maniatikoa. Zer edozer esatekotan etxetik irteterakoan bi aldiz begiratzen dut dena ondo utzi dudala (argiak, leihoak...).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak