Jose Luis Arratibel: "Lehenengoz mozorrotuta ikusita, ezusteko galanta hartu zuten askok"

Mirari Altube Arrese 2011ko mar. 28a, 02:00

Jose Luis Arratibel (Gasteiz, 1945) Larreatik (Araba) etorri zen gurera 1965ean. Parrokian sakristau lanean hasi zen orduan eta oraindik horretan jarraitzen du; utziko duen hutsunea betetzea zaila izango da gero. Azken urteotan, mozorrotzen hasi da, umore bikaina duela erakutsita.

Noiz hasi zinen lanean parrokian?
Larreatik Arrasatera 1964an etorri nintzen eta handik Aretxabaletara hurrengo urtean; urriaren 4an, hain zuzen, hasi nintzen, 19 urte nituela.

Hortaz, 46 urte parrokian lanean. Asko aldatu dira kontuak elizaren inguruan, ezta?
Bai, horixe. Askoz meza gehiago izaten ziren lehen, eta familia osoa joaten zen; joan gura ez zuenak ezkutuan ibili behar izaten zuen. Orain, ostera, askatasun handia dago. Abadeei dagokienez ere, lehen askoz gehiago zeuden: herrian, hiru; eta auzoetarako beste hiru edo lau. Orain hiru daude Aretxabaleta, Eskoriatza eta auzoetarako.

Abade asko pasatu dira, eta zelan moldatu izan zara haiekin?
Ondo guztiekin. Guztiok dugu gure jenioa, baina luzaroan ondo konpondu gura izanez gero moldatu egin behar da bestearen izaerara. Bikotekidearekin edo koadrilan gertatzen den legez, harremanak irauteko landu egin behar da.

Eta joandakoekin baduzu harremanik?
Bai; bai Mi-Mikelekin, bai Antonio Astigarragarekin. Urtebetetzeetan deitu izan diogu elkarri.

Euskaraz ez dakizu, baina kantuan eta otoitzean ezin hobeto.
Halaxe da. Gainera, neuk kantatzen ez badut herritarrek ere ez. "Irten zaitez kantuan egitera, bestela ez dira hasiko", esaten zidan askotan Bitoriano zenak.

Erretiroan pentsatu duzu?
Ni erretiratuta nago lantegiko lanetik. Parrokian, ostera, ez dago erretirorik; osasunak lagunduz gero jarraitu egingo dut.

Eta zure hutsunea nork beteko du gero?
Ez dakit, ba... Laguntzaileak izaten ditut, Bernabe Makazaga zena, Izurietako Martzelino… Eta emakumeak ere etortzen dira; batzuetan mordoa agertzen dira, bost igual, eta hurrengoan, nik ezin dudanean, inor ez. Aratuste-domekan, esaterako, ez zegoen inor, ezta abaderik ere; Gatzagan meza esaten duen fraidea etorri zen, baina nik esan nion egun horretan ezin niola lagundu.

Bidaia batzuk egiten dituzu, ala?
Bi hilabetean behin-edo Madrilera joaten naiz, han lagunak ditut-eta. Datorren astean joango naiz, baina astelehenetik egubakoitzera bakarrik, aste bukaeran hemen egon beharra dut.

Hortaz, lan lotua da…
Ez da lehen bezala, kanpaiak automatikoak dira eta erlojua ere bai, baina beti daude lanak: elizako atea zabaldu eta itxi, dirua jaso, mezak hartu… Eta telefonoa beti aldean hartuta ibiltzen naiz; bazkalosteko loalditxoa ere bi telefonoak, etxekoa eta poltsikokoa, alboan ditudala egiten dut. Madrilen nagoenean ere deitzen didate eta handik ibiltzen naiz antolatzen.

Gizon seriotzat zintugun eta orain urte batzuk harrituta utzi gintuzun lehenengoz mozorrotu zinenean.
Bai, orain zortzi bat urte izan zen. Agarre-ri bururatu zitzaion; nik ez nekien zelan mozorrotuko ginen, txandala behar nuela bakarrik, eta Aratuste-domekan bertan elkartu eta harri-jasotzaile jantzi ninduen. Hark haizea ematen zidan eta Bernabe Makazagak, erizain jantzita, dopinaren aurkako anilisia egin.

Eta ordutik hona urtero mozorrotzen zara Aratusteetan.
Bai; ijito, guardia zibil, erizain, hondartzara joateko moduan, beste behin ezkontza egin genuen koadrilan, eta aurten, Pirritx eta Porrotx. Hala ere, lehenengoa gainditzea zaila izango zela esan izan dit jendeak, ezusteko galanta eman nuelako orduan.

Eta jendeak zerbait esan izan dizu mozorrotuta ikusita?
Ezkontzaren urtean parrokiako kide batek galdetu zidan sakristaua zelan ezkonduko zen ezkontza zibila eginda, eta nik esan: "Emaztegaia dibortziatua da-eta".

Aurten Txapel Txinek txaloak eskatu zituen zuretako.
Eta esker on moduan "Aratusteen zaindari fin eta fidela" aitortzen duen oroigarria eman didate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak