Tubos alderdiaren arau aldaketari egindako alegazio baten zatia onartu dute

Mirari Altube Arrese 2010ko aza. 5a, 11:17
Martitzenean, hilak 2, ezohiko osoko bilkura egin zuen udalbatzak eta zortzi kide elkartu ziren –EAJkorik ez zen agertu–. Herriko bi alderdiren arau aldaketari hasiera ematea onartu zuten.

4A edo Tubos lantegia egondako alderdiaren arau aldaketari maiatzaren 3an egindako osoko bilkuran eman zioten hasiera, baina gero bost alegazio aurkeztu zizkioten –tartean Hamaikabat alderdiak– eta horiek aztertzen jardun dute hilabeteotan. Alegazio baten zatia bakarrik onartu zuten martitzenean: bertako eraikina hezkuntzarako izatea eta titulartasun publikokoa. Gainerakoak ez dituzte onartu eta honela zehaztu dute bertan egitekoa: 150 etxe libre, 50 etxe babes ofizialekoak eta beste 50 tasatuak; 435 aparkaleku pribatuak eta 174 publikoak; 2.850 metro koadro eraikigarri unibertsitatearendako; eta 290 metro koadro gizarte-kulturarako ekipamendurako. Hori onartuta berriro eman diote hasiera prozesuari eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu.

Bestetik, Kurtzebarri eskolako alderdiaren arau aldaketa hastea ere onartu zuten. Hala bada, oraingo eraikinak 547 metro koadro gehiago izan ditzan prozesua jarri dute abian.

Agertoki berria finkatzea

Bestalde, EA alderdiak Euskal Herrian agertoki berria finkatze aldera mozioa aurkeztu zuen Ezker Abertzalearekin adostuta. Mozioan eskatzen dutenen artean daude: Euskal Herrian ireki den prozesua garatzen laguntzeko konpromisoa hartzea; Ikasle Abertzaleak eta Gazte Independentistak taldeetako kideen atxiloketak salatzea eta jasandako inkomunikazio egoerak erauztea. 

Aralar eta Ezker Batua-Berdeak mozioaren alde agertu ziren "agertoki eta garai berriak bizi ditugulako". Alderdi Sozialistako zinegotziek, ostera, aurka bozkatu zuten "konflikto politikoa deitzea ETAri mesede egitea" dela esanaz eta gaineratu: "Defentsa ekintzei ez diete ezetzik esan eta enpresariek estortsioak jasaten jarraitzen dute…". 

Ezker Abertzaleko kide bi izan ziren osoko bilkuran eta esan zuten Gernikako akordioarekin ikusi dela bidea nondik doan: "Normalizazio eta bakerako pausoak emateko erabakia hartu dela erakutsi da". Aldeko sei botorekin onartu zuten mozioa eta Ezker Abertzelako kideek ere bat egin zuten.

Hamaikabat alderdia ez dago ados

Hamaikabat alderdiak alegazioa aurkeztu zion Tubos lantegia egondako alderdiaren arau aldaketari maiatzean eta egunotan salatu du oraindik ez duela erantzunik jaso. Arau aldaketa espekulatibotzat jo zuen Hamaikabatek orduan, "etxe gehiegi, altuera handikoak eta 11 solairuko dorre bat proposatzen delako". Aparkaleku gutxi zirela ere esan zuten eta "kutsatutako lurren deskontaminazioa behar beharrezkoa zela".

Udalak promotoreekin sinatutako hitzarmena legez kanpokoa zela ere salatu zuen. Eta orain gaineratu du: "MUri emandako obrak egiteko baimena baliteke balio gabekoa izatea, lur kutsatuen arazoa behar bezala ez delako kontuan hartu". Hori horrela, obra baimenak legea betetzen duela adierazten duen txosten juridikoa eskatu dio Udalari eta lurren kutsaduraren gainean apirilean udaletxera heldutako txostena ezagutzera ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak