Urkulu urtegian ez dute, momentuz, zebra-muskuiluaren arrastorik aurkitu

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 13a, 15:02
Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak ez du Urkulun azterketarik egin. Gipuzkoako Ur Partzuergoko teknikariek ez dute urtegiko ur bazterretan zebra-muskuiluaren arrastorik antzeman.

Urkulu urtegia ia beteta dago egunotan. Uraren maila %87koa da, oso altua abuztua izateko. Urrundu da, beraz, urtarril inguruan ur eskasiaren gainean sortutako kezka. Arazoa, orain, bestelakoa da. Zebra-muskuilua du izena eta bere hedapena galarazteko bainua eta arrantza debekatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako departamentuak lurraldeko ibai eta urtegi guztietan. Urkulu urtegian bainatzea aurretik zegoen debekatuta. Iaz, zebra-muskuilua zela-eta piraguen erabilera debekatu zuten. Aurten, arrantza galarazi dute.

Urkulun, arrastorik ez
Lareoko urtegian, Ataunen, aurkitu dituzten zebra-muskuiluen beldarrak heda ez daitezen hartu du neurria Foru Aldundiak. Gipuzkoako Ur Partzuergoko ustiapen zuzendaria den Jose Saizarrek esan du euren teknikariek ez dutela Urkulun zebra-muskuiluaren arrastorik antzeman. Eusko Jaurlaritzarendako lanean diharduen Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak, bere aldetik, ez du Aretxabaletako urtegian azterketarik egin. "Momentuz ez dago aurreikusita Urkulu urtegian ikerketarik egitea", esan dute. "Irailetik aurrera gehiago egingo dira baina ez dago erabakita zein lekutan".

Muskuilu suntsitzailea
Garrantzitsua da jarri berritako debekuak errespetatzea zebra-muskuilua oso kaltegarria baita. Ekosistemak erabat eralda ditzake. Fitoplanktonez elikatzen da, eta elikagai bera duten animaliei lehia zuzena egiten die. Gainazal guztiak betetzen dituenez desoreka ekologiko handiak sortzen ditu. Galera ekonomikoak ere eragin ditzake, azpiegituretako hodiak, hustubideak eta abarretan traba egin edo guztiz tapoituz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak