Urkulu biziberritzeko milioi bat euroko inbertsioa egingo du Udalak

Edu Mendibil 2010ko urt. 18a, 10:03
Urkulu biziberritzeko prozesuan, Aretxabaletako Udalak milioi bat euro inbertituko du aurten. Oraindik ez dute aurrekontua onartu (bihar, martitzena, bigarren bilera izango dute) baina gauzak bide onetik doaz, eta dagoeneko 800.000 euro inguru lotuta dauzka Udalak hainbat erakundetatik, tartean Gipuzkoako Diputaziotik, Jaurlaritzatik eta La Caixatik.

Urkulu inguru guztia biziberritzeko Aretxabaletako Udala Naturgintza elkartearekin dabil lanean azken urteotan. Zalantzarik gabe, paisaiak eta naturaren ezaugarriek ibarreko leku erakargarrienetakoa egiten dute Urkulu. Naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du eta erabilera publikoa hobetzeko hainbat egokitzapen lan egitea beharrezkoa ikusten da. Besteak beste, Etxaluze baserritik Korueta elizateraino bide berria egiteko asmoa dauka Udalak. Elbarriendako egokitutako bidea izango litzateke aipatutakoa, Arantzazutik Gomiztegirainoko bidean egin zuten bezala hain justu. Era berean, azaroan hasi ziren sastrakak kentzeko lanekin, eta maiatza ingurura arte luzatuko dituzte lanok; komenigarria den tokietan  belarra eta landaretza sortzea dira helburu nagusiak. Era berean, Udalaren asmoen artean Urkuluko perimetroan diren behatokiak konpontzea dago; hegaztiak ikuskatzeko erabiltzen diren behatokiak atondu eta egokituko dituzte datozen hilabeteotan. Egurrezko mahaiak berritzeaz gain, bestelako hobekuntza lanak ere egingo dituzte erabiltzaileek ahalik eta erosoen gozatzeko Urkuluk eskaintzen dituen baliabideez.

Irurin, landetxea

Bestalde, Iraeban eta Iruri baserrien erabilera zehazteko dago oraindik. Irurin landetxe bat jarri nahi du Udalak, baina beste osagarri batzurekin, baserriko produktuei protagonismoa emanda adibidez. Baldintza pleguak idazteari ekingo diote berehala.

Mendiarekin eta osasunarekin lotutako interpretazio zentroa Iraeban baserrian

Diputazioko ordezkariak abenduaren hasieran izan ziren Urkulun, Iraeban baserriari monumentu izendapena ematea posible zen aztertzeko. Ikuskapena egin zuen teknikoaren arabera, Iraeban baserriak baditu hainbat elementu berezko egiten dutena eta aldeko balorazioa egin zuen. Aurkitutako hainbat dokumenturen arabera, 1625. urtean eraiki zuten baina dituen hainbat ezaugarri aztertuta XVI. mendekoa izan daiteke. Etorkizunean izango duen erabilerari dagokionez, Inazio Garro Aretxabaletako alkatearen arabera, mendiarekin eta osasunarekin lotutako interpretazio zentroa jasoko du ziurrenik. Uda aurretik, Udaleko ordezkariak Diputazioko agintariekin batu ziren eta Diputazioak baimena eman zion Aretxabaletako Udalari baserriaren erabilera definitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak